Arautegia
Inprimatu29/1995 DEKRETUA, urtarrilaren 17koa, botikak eskualdatzeko ihardunbidea finkatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasuna
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 32
- Hurrenkera-zk.: 795
- Xedapen-zk.: 29
- Xedapen-data: 1995/01/17
- Argitaratze-data: 1995/02/15
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: ---
Deskribapenak
Testu legala
Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 17. atalean botikak eskualdatzeko ihardunbide berri bat finkatzen da. Botiketan ematen den zerbitzua interes publikokoa denez gero, botiketan ematen den sorospen farmazeutikoaren kalitatea hobetzeko ardura hartu behar du bere gain osasun administrazioak. Ildo horretatik, kostubidezko eskualdaketa egin behar denerako, besteak beste, baldintza hau ezartzen da: saltzaileak jarritako prezioa ordaindu eta beste baldintzak betetzeko gertu dauden botikarioen artean, merezimendu lehiaketa egin behar dela. Hala, botika baten jabetza eta titularitatea lortzeko, ez da ekonomia izango baldintza bakarra. Jakina denez, erosi nahi duten botikarioekin negoziatu ondoren, botikario titularrak finkatuko ditu eskualdaketarako prezioa eta beste baldintzak. Hala ere, osasun administrazioak aukeratuko du botikariorik egokiena, arau honetan finkatutako ihardunbide eta merezimenduen arabera. Horrela, neurri batean bada ere, berdindu egin nahi dira bi bide hauek: bata, botikaren baten titularitatea eta jabetza eskualdaketa bidez lortzeko bidea eta, bestea, eskatzaileen merezimenduei balioa emanez botikaren titularitatea eta jabetza lortzeko bidea. Osasun eskualde berean instalatutako botiketako botikario titularrei, bestalde, eskualdatu nahi den botika amortizatzeko aukera ematen zaie, beti ere botika lortzeko interesa dutenek egindako eskaintza berdintzen badute. Hartara, neurri batean bada ere, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako Legearen azken xedapenean ohartemandakoa beteko da. Ondorioz, kolegio profesionalei entzunda eta Osasun sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1995eko urtarrilaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxeXEDATU DUT: 1. atala.- Botikak eskualdatu ahal izateko, gutxienez 3 urte igaro beharko dira, behin botika hori sortu edo azkenengo eskualdaketa egin eta gero, botika ihardunean jartzeko beharrezkoa den baimena lortzen denetik aurrera. Salbuespen izango da, hala ere, botikako botikario titularra hil, jubilatu edo gaitasungabetzen bada edo epaileak haren ausentzia deklaratzen badu. 2. atala.- 1.- Botikako botikario titular eta jabe denak, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 17. ataleko 3. idazatian ohartemandako pertsonei barik, beste bati kostubidez eskualdatu nahi badio, eskualdatzeko baimena eskatu beharko dio osasun administrazioari. Eta eskabidearekin batera honako informazioa igorri beharko dio: a) Botika kokatuta dagoen lokala erabiltzeko, ea jabetza eskubidea edo bestelakoren bat duen; horrez gain, zehaztu egin behar du botikaren azalera zein den eta ea eskualdatzeko modukoa den edo ez. b) Bertan ari diren pertsonak zenbat diren, eta beren kategoria, antzinatasuna eta ordainsariak. c) Azken bi ekitaldietan aitortutako salmentak. d) Beheragoko 3.a. atalean aipatutako epearen iraupena. e) Botikaren ehuneko zenbat eskualdatzen den. 2.- Botika eskualdatzeko espedientea hasten denean, legez finka daitezkeen tasak ordaindu beharko dira. 3. atala.- Botikaren bat eskualdatzeko proposamenik egiten bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du horren iragarpena Osasun Sailak. Botika kokatuta dagoen eskualde farmazeutikoa aipatuko du bertan, baita erosle izango den botikarioa zehazteko merezimendu lehiaketa arautuko duten arauak ere. Iragarpenean honako informazio hau ere agertuko da: a) Bi hilabeteko epea, botika erosi nahi duten botikarioek eskualdaketa egin nahi duen botikarioarekin negoziazioak egin ditzaten. Epe hori luzatu ere egin daiteke, eskualdatu nahi duen botikarioak hala eskatzen badu. b) Baremoak, beharrezkoak diren baldintzak eta, kasua bada, ordaindu beharko diren tasak ere aipatuko dira. 4. atala.- 1.- Eskualdatu nahi den botikari buruzko informazioa emango die botikarioei Osasun Sailak; baina, horretarako, idatziz egin beharko dute eskabidea, eta behar bezala egiaztatuko dituzte beren buruak. Hona hemen informazio puntu horiek: - Botika hori zein herritan kokatuta dagoen. - Azken bi urteetako aitortutako salmentak. - Botika kokatuta dagoen lokala bera ere eskualdatu daitekeen edo ez. - Botikan lan egiten dutenen zerrenda. - Botika hori amortizagarria den edo ez. 2.- Eskabide hori aurkezteaz ez da 3 a) atalean ohartemandako epea etengo. 5. atala.- 1.- Goragoko 3.a) atalean ohartemandakoaren arabera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarpenean ezarritako epe barruan, espedientean jasotako informazioa eska diezaiokete Osasun Administrazioari botika hura erosteko interesa duten botikarioek. Horretarako, sorospen farmazeutikoarekin loturak dituen zentroren batean 3 urteko lanbidea egiaztatu beharko dute eta, kasua halakoa bada, legez ezar daitezkeen tasak ordaindu. Ondorioz, botika eskualdatu nahi duen botikarioarekin negoziazioak landu ahal izango dituzte. 2.- Botika erosteko interesa duten botikarioen zerrenda emango dio Osasun Administrazioak botika eskualdatu nahi duen botikarioari, botikario horiek ezagutu eta komeni zaizkion negoziazioak burutu ditzan. 6. atala.- 1.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko iragarpenean ohartemandako epea amaitu eta gero, oraindik botikario batek ere ez badu botika erosteko asmorik agertu, ugazabak, bere aldetik, edozein botikoriori eskualdatzeko ahaleginak egin ditzake, aipatutako epea amaitzen denetik kontatzen hasi eta 3 urteko epean. Adostasunik lortzen bada, bai botikario erosleak eta bai eskualdatzaileak, biok emango diote horren berri Osasun Administrazioari. 2.- Osasun Administrazioak eskualdaketa egiteko baimena eman aurretik, osasun eskualde berean kokatutako beste botikarioen esku jarriko du lortutako akordioaren berri, baldin eta eskualde horretako biztanle kopurua botika bakoitzeko 2.500 biztanleko tartera heltzen ez bada. Horrela, egoki baderitzote, botika amortizatzeko eskabidea aurkeztu ahal izango dute, bai eskualdaketarako akordioan finkatutako baldintzetan, zein haiek eta eskualdaketa egin nahi duen botikarioak itundutako baldintza moduetan. Amortizaziorako eskabidea 15 eguneko epean egin beharko da. Horrekin batera, itundutako prezioaren ordainketa bermatzeko abala eta, kasua bada, horretarako ezar daitezkeen tasak ordaindu direla egiaztatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dira. 3.- Dena delako botika hori amortizatzeko baldintzak betetzen ez badira, edo osasun eskualdean instalatutako beste botikario guztiak, aipatutako epean, horretarako duten eskubideaz baliatzen ez badira, eskualdaketa egiteko baimena emango du Osasun Administrazioak; baina, erosleak baldintza bat bete beharko du: botika ihardunean jartzeko baimena lortu beharko duela, alegia. 4.- Eskualdaketa egiteko baimena eman eta gero, 3 hilabeteko epea izango du erosle den botikoariak botika ihardunean jartzeko baimena eskatzeko. Eskabide horrekin batera honako agiri hauek aurkeztuko ditu: a) Botikaren jabe dela egiaztatzeko ziurtagiria. b) Zelako eskubideaz baliatuta erabiltzen duen botika hori kokatuta dagoen lokala bera. c) Farmaziako lizentziatu titulua. d) Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 40. atalean aipatutako bateraezintasun kasuren batean ere sartuta ez dagoela adierazteko zinpeko aitorpena. 5.- Aurreko idazatian aipatutako epea amaitu arren, erosle den botikarioari berari egotzi dakizkiokeen arrazoiak medio, botika ihardunean jartzeko baimenik eskatzen ez badu, botika eskualdatzeko baimenari jarritako baldintza hori, beste 3 hilabeteko epea igaro ondoren, bete gabe geldituko dela jakinaraziko zaio. Ondorioz, baimenak ez du indarrik izango eta, administrazioko ondorioetarako, eskualdaketa egin nahi duen botikarioa izango da botikaren titularra eta jabea; beste hura, hala ere, ez da eremu zibilean legozkiokeen erantzukizunetatik libre geldituko. 6.- Baldin eta, eskatutako agiriak aurkezten direnetik, Osasun Administrazioan eskuduntzak dituen organoak erabakirik eman gabe 3 hilabete igarotzen badira, botika ihardunean jartzeko baimena eman egin dela ulertu beharko da. 7. atala.- 1.- Goragoko 3.a) atalean ohartemandako negoziazio epea amaitzen denetik beste 10 eguneko epean, eskualdaketa egin nahi duen botikarioak eskualdaketa egiteko baldintzak zeintzuk diren jakinaraziko dio Osasun Administrazioari. Honako puntu hauek azaldu beharko ditu: a) Eskualdaketaren prezioa, lokalik sartu gabe. b) Lokalaren prezioa, eskualdatzen bada, edo zelako baldintzetan erabili ahal izango den. c) Langile eta guzti aldatzen bada botika hori, langile kopurua, horien maila, antzinatasuna eta ordainsariak agertu behar dira. d) Eragiketa horretan izakinak ere eskualdatuko diren edo ez adierazi behar da. Baiezko kasuan, botikaren benetako eskualdaketa burutzen den egunean egingo da diru balorazioa. e) Bermeak eta ordaintzeko modua. f) Erosteko proposamena egiteko, derrigorrez jakin behar diren beste baldintza guztiak. 2.- Aurreko idazatian ohartemandako epea igaro arren, jakinarazpenik egiten ez bada, 3 hilabeteko epean hasi beharko ditu ihardunbidearen izapideak berriro ere; baina, hala egiten ez badu, ihardunbidea iraungi eta espedientea agirigordetegian sartuko dela jakinaraziko zaio interesatuari. 3.- Eskualdaketaren eskaintza loteslea izango da, eskualdaketarako baldintzen baliozko onarpena aurkezten den unetik bertatik aurrera. 4.- Botikarioak aurkeztutako eskaintza inork onartu baino lehenago, hasiera batean botika eskualdatzeko asmoa izan duen botikarioak berak atzera egitera, hortxe amaituko da ihardunbidea. 5.- Eskualdatzeko eskaintza balio osoz onartu ondoren, botika eskualdatu nahi zuen botikarioak eskualdaketarako espedientearekin jarraitzeko asmoan atzera egiten badu, ezingo da botika hori eskualdatzeko beste espedienterik hasi, eskaintza onartu dutenei eremu zibilean dagozkien eskubideei berariaz uko egiten ez badiote edo alde bien artean akordiorik lortu ezik. Eskualdaketa egin behar zuen botikarioak atzera egiteaz kaltetuta gelditu direnek auzitegietara eramaten badituzte dagozkien egintzak, Osasun Administrazioak ez du botika hori eskualdatzeko beste inolako eskabide berriren izapiderik egingo, harik eta aurkeztutako erreklamazioaren gainean epai irmoa eman arte edo hasitako egintza horiek atzera bota arte. 8. atala.- 1.- Eskualdaketa egiteko prezioaren eta beste baldintzen berri Osasun Administrazioak jakin bezain pronto, osasun eskualde berean kokatutako beste botiketako botikarioen esku jarriko ditu, baldin eta eskualde horretako biztanle kopurua botika bakoitzeko 2.500 biztanleko tartera heltzen ez bada. Horrela, egoki baderitzote, botika amortizatzeko eskabidea aurkeztu ahal izango dute, bai eskualdaketarako proposamenean finkatutako baldintzetan, zein bi alderdiek itundutako baldintza moduetan. Nola nahi ere, amortizaziorako eskabidea 15 eguneko epean egin beharko da. Horrekin batera, itundutako prezioaren ordainketa bermatzeko abala eta, kasua bada, horretarako ezar daitezkeen tasak ordaindu direla egiaztatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dira. 2.- Amortizaziorako baimena ematen bada, eskualdaketa egiteko hasitako espedientea erabakitakotzat joko da eta botika hori itxi egingo da. 9. atala.- 1.- Amortizazioa egiten ez bada, ordea, Ordenazio Farmazeutikorako Legean ohartemandako iragarpena eginez, argitaratu egingo dira botika eskualdatzeko proposameneko baldintza zehatzak, erosteko interesa dutenek ezagutu ditzaten. Hala, hamabost eguneko epea izango dute honako agiriok aurkezteko: a) Botika eskualdatzeko baldintzen onarpena, eskualdaketa egin nahi duen botikarioak ohartemandako moduan. b) Baremorako aurkeztutako merezimenduak. 2.- Eskualdaketaren prezioa eta beste baldintzak onartu eta gero, lotuta geldituko da eskatzailea. 10. atala.- 1.- Aurreko atalean aipatutako 15 eguneko epea amaitu eta gero, eskualdaketa egin nahi duenak jarritako prezioa eta beste baldintzak onartu dituztenek aurkezturiko merezimenduen balioespena egingo da. Dekretu honen eraskinean datorren baremoaren arabera punturik gehien lor dezanaren aldekoa izango da eskualdaketarako proposamena. 2.- Baremorako aurkeztutako merezimendu guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dira. Lanbide edo irakaskuntzako esperientziari dagokionez, dagokion agintariak edo arduradunak egindako ziurtagiriaz egiaztatuko da. 3.- Batera bete daitezkeen lanbideak egiaztatzen badira, aldi berean egin direnen artean punturik gehien duena baino ez da hartuko baremorako. 4.- Eskabidea botikario bik edo gehiagok egiten badute, elkarren artean beren jabetza eta titularitatea ezkonduta, honako arauon arabera neurtuko dira aurkeztutako merezimenduak: a) Eskatzaile guztien jabetza ehuneko berekoa izaten bada, punturik gehien dituenaren merezimenduak hartuko dira kontuan eta 0,2 puntu gehituko zaizkio. b) Eskatzaile guztien arteko jabetza ehuneko berean zatitzen ez bada, jabetzarako ohartemandako ehuneko berean hartuko dira merezimenduak ere. 5.- Botika erosteko interesa duten botikarioek erosteko eskabide bat ere egiten ez badute finkatutako epean, botikaren ugazabak, bi urteko epean, 3 urtez lanbide horretan ihardun duen beste edozein botikariori aldatzeko ahaleginak egin ditzake. Hala ere, dekretu honetako 7.1. atalean aipatutako moduan, eskualdaketa egiteko eskaintza aurkezterakoan zehaztutakoak badira azken kasu horretan egingo den eskualdaketarako baldintzak. Bestela, agiritegian gordeko da espedientea, eta beste espediente berri bat hasi beharko da botika eskualdatzeko asmotan jarraitzen badu botikarioak. 11. atala.- 1.- Merezimenduen balioespena egin ondoren, lehiaketan parte hartu duten guztiei emango zaie horren berri, egoki iritzitako erreklamazioak egin ditzaten 10 eguneko epean. Botika erosteko eskabide bat baino ez dagoenean ez da merezimenduen balioespenik egin beharrik izango. 2.- Erreklamaziorik balego, erabaki eta gero, proposatutako izangaiaren alde emango da eskualdatzeko baimena. Baina, erosle den botikarioak baldintza bat bete beharko du: botika ihardunean jartzeko baimena lortu beharko duela, alegia. 3.- Eskualdaketarako baimena izangai baten alde eman eta gero, beste eskatzaile guztiek bi aukera izango dituzte: edo eskualdatzeko baimena esktzeko espedientean parte hartzen jarraitzeko eskubideari uko egitea edo, bestela, espediente horretan jarraitzea, agian ez hasieran proposatutako botikarioak, ez bere hurrengokoek, botikan iharduteko baimenik lortuko ez dutelako. Zerrendan aurretik dagoen izangaiari botikan iharduteko baimena lortzeko epea agortu zaiola Administrazioak jakinarazten duenetik hurrengo 10 egunak bete arte egin dakioke uko eskubide horri. Baina, horrek ez du sortuko atal honetako 7. idazatian ohartemandako ondoriorik. 4.- Atal honetako 2. idazatian aipatutako eskualdaketarako baimena eman eta gero, 2 hilabeteko epea izango du esleipendunak botikan iharduteko baimena eskatzeko. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu behar ditu: a) Eskualdaketarako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko agiriak. b) Botika eskualdatzen denean botika hori kokatuta dagoen lokala erabiltzeko eskubideak harekin batera aldatzen ez badira, eskualdaketarako baldintzak betetzendirela egiaztatzeko agiriekin batera, botika kokatzeko aukeratutako lokalari buruzko agiriak aurkeztu beharko dira. c) Farmaziako lizentziatu titulua. d) Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 40. atalean aipatutako bateraezintasun kasuren batean ere sartuta ez dagoela adierazteko zinpeko aitorpena. 5.- Aurreko idazatian aipatutako epea amaitzen denean, eta botikarioari berari egotzi dakizkiokeen arrazoiak medio, botika ihardunean jartzeko baimenik eskatu ez badu, botika eskualdatzeko baimenari jarritako baldintza hori, beste 3 hilabeteko epea igaro ondoren, bete gabe geldituko dela jakinaraziko zaio. Ondorioz, baimenak ez du indarrik izango. 6.- Aurreko puntuan aipatutako epea amaitzen denean, eta esleipendunari berari egotzi dakizkiokeen arrazoiak medio, botika ihardunean jartzeko baimenik lortu ez badu, aurkeztutako merezimenduen baliospenean hurrengo punturik gehien lortu duen eskatzaileari emango zaio eskualdaketarako baimena, baldin eta, atal honetako 3. puntuan xedatutakoaren arabera, bere eskubideari uko egin ez badio. 7.- Botika ihardunean jartzeko baimenik lortu ez duen botikarioaren kasuan, eskualdaketarako espedientean aurkeztutako merezimenduak agortu egin zaizkiola ulertu beharko da. Beraz, ezingo zaizkio balioestatu, uko egiten duen egunetik hurrengo 3 urteetan botikak eskualdatzeko has daitezen espedieenteetan. 8.- Atal honetan ohartemandako baimenak eman egin direla ulertu beharko da, baldin eta, eskatutako agiriak aurkezten direnetik 3 hilabete igaro eta gero, Osasun Sailean eskuduntzak dituen organoak kasu horretan dagokion erabakirik ematen ez badu. 12. atala.- 1.- Botikario titularraren semealabei, gurasoei, bilobei, neba-arrebei edo ezkontideari bai dohainik zein ordainduta egindako eskualdaketetarako eskabidean, argi azaldu behar da zein den botikaren eskualdaketa hartuko duen pertsona hori, eta biek izenpetu beharko dute. 2.- Eskualdaketarako baimenak baldintza bat izango du, hala ere, botika lortzen duenak botikan iharduteko baimena beharko duelako. Botika lortu duen botikarioak eskatu beharko du iharduteko baimen eskabidea. Hala, 2 hilabeteko epean egingo du eta honako agiriak aurkeztuko ditu: a) Botikaren jabe dela egiaztatzeko agiriak. b) Botika kokatuta dagoen lokala erabiltzeko duen eskubidea, dela jabetza, dela beste edozein bat. c) Farmaziako lizentziatu titulua. d) Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 40. atalean aipatutako bateraezintasun kasuren batean ere sartuta ez dagoela adierazteko zinpeko aitorpena. 3.- Aurreko idazatian aipatutako epea amaitzen denean, eta botikarioari berari egotzi dakizkiokeen arrazoiak medio, botika ihardunean jartzeko baimenik eskatu ez badu, botika eskualdatzeko baimenari jarritako baldintza hori, beste 3 hilabeteko epea igaro ondoren, bete gabe geldituko dela jakinaraziko zaio. Ondorioz, baimenak ez du indarrik izango eta, administrazioko ondorioetarako, eskualdaketa egin nahi duen botikarioa izango da botikaren titularra eta jabea; beste hura, hala ere, ez da eremu zibilean legozkiokeen erantzukizunetatik libre geldituko. 4.- Atal honetan araututako eskualdaketen kasuan, osasun eskualde berean instalatuta dauden botikarioek ez dute amortizazio eskubiderik izango. 13. atala.- 1.- Botikaren baten zatitu ezineko parteren bat ordainduta edo dohainik eskualdatzeko erabiliko den ihardunbidea, bada, dekretu honetan botikak osorik eskualdatzeko ohartemandako bera izango da. Hala ere, osasun eskualde bereko botiketako titularrentzat finkatutako amortizazioa salbuespen izango da. 2.- Oinordekoa ez den beste norbaiti botikaren zatitu ezineko parte bat eskualdatu nahi bazaio, legezko atzera-eskuratze eskubideaz balia daitezke jabekide direnek, Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 21.1. atalean ohartemandakoarekin bat etorriz. 14. atala.- Botika bateko botikario titularra hiltzen denean, oinordekoek botika hori behinbetiko itxi edo eskualdatzeko duten asmoa adierazi beharko diote Osasun Admistrazioari 10 eguneko epean. Eskualdatzeko aukera egiten bada, botikario titularra hil eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, 18 hilabeteko epean aurkeztu beharko da dekretu honen 2. atalean aipatutako jakinarazpena, Ordenazio Farmazeutikorako 11/1994 Legearen 19.2 atalean xedatutakoarekin bat etorriz. 15. atala.- Titulara hiltzen denean, bai hilburukoan hala xedatzen delako, zein heredentzia banatzean egokitu zaiolako, haren heriotza eguna baino lehenagotik botikario den seme-alaba, guraso, biloba, nebaarreba edo ezkontideari esleitzen bazaio botikaren jabetza, heriotzaren biharamunetik 18 hilabeteko epean eskatu beharko du eskualdaketarako baimena, beti ere aurreko atalean ohartemandako jakinarazpena egin badute oinordekoek. Eskualdaketarako emandako baimenak baldintza bat izango du, hala ere, botikan iharduteko baimena beharko dela. Botikan iharduteko baimen eskabidea 2 hilabeteko epean egin eta honako agiriak aurkeztuko beharko dira: a) Botikaren jabe dela egiaztatzeko agiriak. b) Botika kokatuta dagoen lokala erabiltzeko duen eskubidea. c) Farmaziako lizentziatu titulua. d) Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 40. atalean aipatutako bateraezintasun kasuren batean ere sartuta ez dagoela adierazteko zinpeko aitorpena. 16. atala.- 1.- Botika bateko botikario titularra hiltzen denean, bere ezkontidea edo seme-alabaren bat oinordekoa izan eta 11/1994 Legearen 20.1. atalean ohartemandako baldintzak betetzen badira, aipatutako 20. atal horretako 2. idazatian ohartemandako epeetan eskatu beharko da botika eskualdatzea. 2.- Farmaziako lizentziatura ikasketak amaitzen direnean, oraindik botikaren jabetza lortu ez bada edo botikarekin jarraitzeko emandako baimenean ezarritako epeak edo beste baldintzaren batzuk betetzen ez badira, 3 hilabeteko epea izango dute oinordekoek botika eskualdatu edo ixteko duten asmoa Osasun Administrazioari jakinarazteko. Botikarekin jarraitzeko emandako baimena amaitzen den egunaren biharamunetik kontatuko da epe hori. 3.- Aukeratutako eskualdaketa diruz ordaindutakoa bada, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 17. ataleko 3. idazatian ohartemandako pertsonei barik beste batzuei eskualdatzeko kasuetarako xedatutakoari lotuko zaio ihardunbidea, dekretu honen arabera. 17. atala.- Botikako botikario titularra jubilatu edo gaitasun-gabetzen bada edo epaileak haren ausentzia deklaratzen badu, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako 11/1994 Legearen 18. atalean ezarritakoa izango da botika eskualdatu edo ixteko espedientea hasteko epea. ALDIBATERAKO XEDAPENA Dekretu honen bidez botikak eskualdatzeko ezarritako ihardunbidea, bada, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legea indarrean jarri ondoren egindako eskabide guztiei ezarriko zaie, baita aipatutako 11/1994 Lege horren aldibaterako xedapenetatik lehenengoaren 2. puntuan xedatutakoa ezarri behar zaien espedienteei ere, nahiz eta aurretik hasitakoak izan. AZKEN XEDAPENAK Lehenengoa.- Dekretu honetan ihardunbideari buruz oharteman gabe gelditutako puntu guztietarako, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea izango da ezargarri. Bigarrena.- Osasun sailburuari ahalmenak ematen zaizkio dekretu hau garatu eta ezartzeko beharrezkoak diren xedapenak agindu ditzan. Hirugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek. Vitoria-Gasteizen, 1995eko urtarrilak 17. Lehendakaria, JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO. Osasun sailburua, IÑAKI AZKUNA URRETA. BOTIKAK DIRUZ ORDAINDUTA ESKUALDATZEKO MEREZIMENDUEN BAREMOA 1.- Lanbide esperientzia. - Lanbide esperientziaz lor daitekeen puntu kopururik handiena 15 puntu da. - Esperientzia zenbatzeko, hileka egingo da: a) Botika batean botikario titular, erregente edo ordezko izanik aritu izana: - Azken 10 urteetan: puntu 1 urteko. - Aurreko urteetan: 0,5 puntu urteko. b) Botika batean botikario laguntzaile izanik aritu izana: - Azken 10 urteetan: 0,8 puntu urteko. - Aurreko urteetan: 0,4 puntu urteko. c) Lehen Sorospeneko zentroetako, Ospitaletako eta Zentro Soziosanitarioetako farmazia zerbitzuetan eta sendagaien gordetegietan botikario izanik aritu izana: - Azken 10 urteetan: 0,8 puntu urteko. - Aurreko urteetan: 0,4 puntu urteko. (F.I.R. tituluari baliorik ematen bazaio, ez dira zenbatuko F.I.R.erako prestakuntzako urteak.) d) Osasun Administrazioan, Korporazio Farmazeutikoan edo sendagaiak fabrikatu eta banatzeko zentroetan botikario izanik aritu izana: - Azken 10 urteetan: 0,7 puntu urteko. - Aurreko urteetan: 0,35 puntu urteko. 2.- Irakaskuntzako esperientzia. a) Praktika babestuak zuzentzeagatik, prestatutako programarekin bat etorriz burutu izan badira: - Ikasle bakoitzeko: 0,1 puntu. Kontzeptu horretan gehienez puntu 1 lor daiteke. Praktika babestuak egiteko itundu eta baimendutako zentroan botikario bat baino gehiago badago, lortzen diren puntu guztiak hain banan bananduko dira beren artean. b) Irakaskuntzarako baimena duen ospitaleko farmazia zerbitzu batean botikario izanik aritu izana: - F.I.R. egin dezan farmaziako ikasle eta ikasturte bakoitzeko, 0,2 puntu. Kontzeptu horretan gehienez 5 puntu lor daitezke. c) Unibertsitateko fakultateetan katedradun edo irakasle titular izanik, osasunari buruzko zientzietan edo sendagaiekin edo osasunbideko produktuekin lotutako gaietan aritu izana: - Azken 5 ikasturteetan: 0,5 puntu ikasturte bakoitzeko. - Aurreko ikasturteetan: 0,1 puntu ikasturte bakoitzeko. Kontzeptu horretan gehienez 3 puntu lor daitezke. d) Osasun Administrazioak, Unibertsitateak edo Korporazio Farmazeutikoak antolatutako ikastaroetan sorospen farmazeutikoarekin zerikusia duten gaietan irakasle izanik betetako zerbitzuak: - Azken 5 urteetan: 0,1 puntu 10 irakastorduko multzo bakoitzeko. Kontzeptu horretan gehienez 2 puntu lor daitezke. 3.- Argitalpenak eta proiektuak. Sorospen farmazeutikoarekin zerikusia izan eta azken 5 urteotan egindako argitalpenengatik: - Egilea bada:- 0,25 puntu argitalpen bakoitzeko. - 0,125 puntu artikulu bakoitzeko. - Laguntzailea bada: - 0,125 puntu argitalpen bakoitzeko. Kontzeptu horretan gehienez 3 puntu lor daitezke. 4.- Ikasketetako espedientea. a) Farmaziako doktore mailagatik: 2 puntu. b) Eskatutako lizentziatu tituluaz gain beste osasun zientzietako lizentziatu titulu bakoitzeko: 0,5 puntu. c) Ospitaleko Farmaziako espezialista tituluagatik: 2 puntu. 5.- Titulu osteko prestakuntza. Sorospen farmazeutikoarekin zerikusia duten gaietarako, Osasun Administrazioak, Unibertsitateak edo Kolegioetako Antolakundeak azken 10 urteetan antolatutako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik (Erakunde horiek antolatutzat hartuko dira, egiaztagirietan hala edo hola beren lankidetza agertzen bada): Ikastaroaren iraupena: - 20tik 60 ordura bitartekoa: 0,15 puntu. - 61etik 100 ordu bitartekoa: 0,25 puntu. - 100 ordu baino gehiagokoa: 0,3 puntu. Orduak zenbatzeko honako arauak hartuko dira gogoan: - Iraupenik agertzen ez duten ikastaroak ez dira zenbatuko. - Astebeteko iraupena agertzen duten ikastaroei 30 ordu zenbatuko zaizkie. - Unibertsitateak emandako espezializazio eta gradu osteko ikastaroak 100 ordutik gorako ikastaro lez hartuko dira. Kontzeptu horretan gehienez 5 puntu lor daitezke. 6.- Euskara jakitea. a) E.G.A. titulua edo baliokidea egiaztatzen bada: 0,5 puntu.