Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2021eko urtarrilaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
486

8/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena–, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sail-egitura berrantolatu da, eta Administrazioko sailei eskumenak berresleitu zaizkie, legegintzaldi honetan Jaurlaritzaren Programa osatzen duten programa-konpromiso guztiak ahalik eta eraginkortasunik handienarekin burutzeko.

Aipatutako dekretuaren 2. artikuluan ezartzen denez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila Eusko Jaurlaritzaren organigramaren parte da, eta haren 7. artikuluan xedatzen diren egitekoak eta jardun-arloak izango ditu. Horrez gain, azken xedapenetako lehenengoan eskatzen da sailak egituratzeko erregelamendu organikoak egiteko, betiere bertan zehaztutako antolaketa-irizpideekin eta aurreikuspenekin bat etorriz.

Sailak lau sailburuordetza ditu: Erakunde Harremanak, Araubide Juridikoa, Funtzio Publikoa eta Administrazioa eta Zerbitzu Orokorrak; eta, era berean, sailburuordetza horiek zuzendaritzaka antolatuta daude, bakoitzaren berariazko arloen arabera.

Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza instituzioen arteko, Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanez eta komunikazioez arduratzen da. Halaber, bereak dira Jaurlaritzaren Idazkaritzaren egitekoak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagozkionak. Berari dagozkio halaber, Toki Administrazioaren arloan legeek eta araudiek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten administrazio-egitekoak, batez ere, toki araubidearen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eskumeneko gaien txostena egin eta horiek ebaztea. Azkenik, araubide orokorreko elkarteen, fundazioen eta elkargo profesionalen alorrean, berari dagozkio babesletza, erregistro eta korporazio arloko egitekoak. Horrez gain, sailburuordetza honi dagokio berrikuntza publikoa sustatu, zuzendu eta koordinatzea, bai eta bereziki, Administrazio eta gobernu elektronikoak, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta akzio publikoan gobernu ona eta politika publikoen ebaluazioa ere, Euskal Gobernantza Publikoaren ereduaren esparruan. Era berean, herritarrei arreta zentralizatua, kanal askotarikoa eta kalitatezkoa emateko euskarri diren proiektuak kudeatu eta gauzatzea ere badagokio. Azkenik, euskal administrazio publikoen antolaketa eta prozedurak ere berari dagozkio.

Araubide Juridikoaren Sailburuordetza Administrazioaren zentro aholku-emaile gorena da, eta bertan kokatzen da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Zentrala, zeinak judizioan Administrazioa ordezkatzen eta defendatzen duen. Honako hauek dagozkio: Autonomia Estatutua defendatzea; barneko arauak kontrolatzea; lege-garapenaren eremuan jardutea, euskal zuzenbide zibila kontserbatzea, egokitzea eta garatzea barnean dela. Gainera, berari atxikiko zaio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen kide anitzeko organo aholku-emaile gorena.

Funtzio Publikoko Sailburuordetzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan giza baliabideen politika planifikatu, zuzendu eta koordinatzea, etengabe garatzen ari diren kalitatezko zerbitzu publikoetatik eratorritako beharrizanei erantzuteko. Horretarako, langileen arloko politika prestatu, zuzendu eta gauzatuko du, eta araubide juridikoaz eta ordainsari-erregimenaz arduratuko da, eta, oro har, langileen arloko ohiko kudeaketaz. Hauek ere badagozkio: prestakuntza arloko jarraibideak lantzea, langile lan-kontratudunen eta funtzionarioen ordezkariekin harremana eta negoziazioa, eta arriskuei aurre hartzeko zerbitzuak eta lan-baldintzak hobetzeko izaera sozialeko bestelako zerbitzuak kudeatzea. Azkenik, langileen eta zerbitzuen arloko Ikuskaritza Nagusia ere badagokio.

Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza honako hauetaz arduratuko da: Administrazioaren eraikin eta egoitzei buruzko politikaz; normalizazio- eta homologazio-egitekoez; hainbat sailetako eraikin eta zerbitzuen kudeaketaz; artxibo-sistemaz; eta argitalpenaz. Halaber, Autonomia Erkidegoko Administrazioak informazio-sistemen, telefoniaren, sareen azpiegitura eta zerbitzuen edo telekomunikazioen arloan dituen eskumenen ondorioz sortutako araubide orokorrak zuzentzea eta ikuskatzea ere organo horri dagokio.

Azkenik, eta zuzenean sailburuaren mende, Autogobernu Zuzendaritzak laguntza ematen dio autogobernuaren eta estatutu-garapenaren arloko politika zuzendu, bultzatu eta garatzeari dagokionez, eta, ildo horretan, estatuarekiko eta beste lurralde-erakunde batzuekiko harremanak eta horrek dakarren transferentzia-prozesua antolatzen ditu; Kabinete Zuzendaritzak zuzeneko laguntza ematen dio bere karguaren arabera dagozkion eginkizunak betetzeko; eta Zerbitzu Zuzendaritza saileko gainerako organoei laguntzeko organoa da, saileko arlo guztiei dagozkien gaietan.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urtarrilaren 19ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA

1. artikulua.– Egitekoak, jardun-arloak eta eskumenak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitekoak eta jardun-arloak zehaztuta daude Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7. artikuluan. Horretaz gainera, honako artikulu hauetan bildutako eskumenak izango ditu.

2. artikulua.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura orokorra.

1.– Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak betetzeko, honako organo hauek izango ditu Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak:

1.1.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua:

a) Zerbitzu Zuzendaritza.

b) Kabinete Zuzendaritza.

c) Autogobernu Zuzendaritza.

1.2.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza:

a) Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

b) Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

c) Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza.

d) Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.

1.3.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetza:

a) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

b) Auzibide Zuzendaritza.

1.4.– Funtzio Publikoko Sailburuordetza:

a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

b) Lan Harremanen Zuzendaritza.

1.5.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza.

a) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza.

b) Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

2.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita edo lotuta daude, beren sortze-arauetan ezartzen den moduan, honako organo hauek:

a) Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legekoa –Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuan araututa dago–.

b) Fundazioen Euskal Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legekoa.

c) Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen eta haren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren bidez arautua –2000ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez argitaratua–.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako Lanpostuen Balorazio Batzordea, apirilaren 12ko 80/2005 dekretuaz sortu eta arautua.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan zerbitzuak egin zituzten langileen eskubide profesional eta pasiboak aplikatzeko Batzordea, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzako Dekretuaren bidez arautua eta irailaren 19ko 193/1983 Dekretuaren bidez garatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan zerbitzuak egin zituzten langileen eskubide profesional eta pasiboak aplikatzeko Batzordearen osaerari buruzkoa.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Dokumentazioaren Baloraziorako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuaren bidez sortua.

g) Koordinazio Juridikoaren Batzordea, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legekoa.

h) Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen bidez sortua, zeinaren estatutuak urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez onartu baitziren.

i) Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen bidez sortua.

j) Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea, irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren bidez sortua.

k) Berdintasunerako Batzorde Iraunkorra, Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 6an egindako bilkuran onartutako eta Erakunde Harremanetarako sailburuordearen irailaren 6ko 13/2016 Ebazpenaren bitartez argitaratutako Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren bidez sortua.

l) IKT Batzorde Estrategikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko ereduari buruzko martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan sortu eta arautua.

m) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa atxikitzen zaio, Administrazioaren egitura hierarkikoan integratu gabe, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridiko nagusiak mendean dituen organoari, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari buruzko azaroaren 24ko 9/2004 Legean xedatu bezala, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren antolamendu eta funtzionamenduaren erregelamendua onartzen duen irailaren 12ko 167/2006 Dekretuan xedatu bezala.

n) Era berean, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitzen zaio, haren egitura hierarkikoan integratu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko datuak babesteko ordezkaria, zeinak autonomia hierarkiko eta funtzional osoz betetzen baititu bere eginkizunak, datuak babesteko legeria orokorrak xedatutakoaren arabera eta maiatzaren 22ko 81/2018 Dekretuak ezarritako erregulazio propioaren arabera.

3.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita daude administrazio-erakunde autonomo hau eta sozietate publiko hauek:

a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE/IVAP) administrazio-erakunde autonomoa, Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren bidez, uztailaren 27ko 16/1983 Legean ezarritako moduan.

b) Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea / Sociedad Informática del Gobierno Vasco SA (EJIE).

c) Itelazpi SA.

4.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilua ere egongo da, sailaren politika orokorra planifikatu eta koordinatzen laguntzeko. Kontseiluaren parte izango dira sailburuordeak, Zerbitzuen zuzendaria, Kabinetearen zuzendaria eta, landu beharreko gaiaren arabera, bileran parte hartzeko sailburuak deitzen dituen saileko beste goi-kargudunak edo pertsonak.

II. KAPITULUA
SAILBURUA ETA SAILEKO GOI-KARGUDUNAK

3. artikulua.– Sailburua.

1.– Honako eskumen hauek dagozkio Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari: Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan aipatzen diren eskumenak, eta indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera sail honi dagozkion egiteko eta jardun-arloen esparruan, dekretu horren bidez sortu, ezabatu eta aldatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak eta finkatzen baitira sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak.

2.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanetarako Legearen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitako transferentzien batzorde mistoetan parte hartzea.

3.– Honako eskumen hauek ere badagozkio Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari:

a) Sailaren organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

b) Izendapen askeko lanpostuak betetzea –aurretik deialdi publikoa eginez–, eta behin-behineko langileak izendatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako dirulaguntza izendunak ematea, sailaren jardun-arloan.

d) Saileko organoen arteko eskudantzia-gatazkak ebaztea, eta beste sailekikoak planteatzea.

e) Ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

f) Indarrean dagoen araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak baliatzea, honako arlo hauetan: funtzio publikoa, ondarea, ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa, eta, oro har, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako egiteko eta jardun-arloekin lotuta daudenak, baldin eta dekretuak sailaren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egozten ez badizkie.

g) Saileko organoek ematen dituzten egintzak eta xedapenak ofizioz berrikusteko eta kaltegarri deklaratzeko prozedurak hasi eta ebaztea.

4.– Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen Estatutuak onartzeko den urriaren 4ko 140/2016 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua izango da Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko lehendakaria.

4. artikulua.– Sailburuordeak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko sailburuordeei, zuzenean eta hierarkiaz sailburuaren mende jardunez, honako eskumen hauek dagozkie, oro har:

a) Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

b) Sailburuordetzako eta haren mende dauden zuzendaritzetako organo eta jarduera guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zirkularrak, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

c) Jardun-politikak eta xedapen-proiektuak prestatzea eta sailburuari proposatzea, eta, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, hari laguntza teknikoa ematea.

d) Sailburuordetzaren mende dauden zerbitzuetako proiektuak proposatzea, behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak definituz, aurrekontuen aurreproiektua prestatu ahal izateko.

e) Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza-zentroen eta erakundeen funtzionamendua ikuskatu eta kontrolatzea.

f) Sailburuordetzaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

g) Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz.

h) Zehatzeko ahala baliatzea bere eskumen-eremuan, indarrean dagoen legeriari jarraituz oso astuntzat jotzen diren falten kasuan, betiere egiteko hori beste organo bati espresuki esleitzen ez bazaio.

i) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkien eskumen guztiak, eta, eskumen komunak direlako, oro har sailburuordeei dagozkienak.

j) Bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Zuzendariak.

Zuzendariek, zuzenean eta hierarkiaz dagokien sailburuordearen mende –dekretu honetan zehaztutakoak izan izan ezik, horiek sailburuaren mende baitaude–, eskumen hauek izango dituzte, oro har:

a) Sailburuaren eta sailburuordeen ebazpenak betearaztea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak baliatzea.

b) Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

c) Zuzendaritzaren jarduerak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

d) Espedienteen erregistroak eta artxiboak eta dagokion zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat eginik, eta hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

e) Goragoko organoei proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan.

f) Azterketa eta, hala behar bada, txosten teknikoa eta juridikoa egitea xedapen arauemaileen proiektuei buruz, Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamenei buruz edo sailaren ekimenez sinatzekoak diren hitzarmenei buruz.

g) Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen legerian agindutako kasuetan.

h) Zerbitzu Zuzendaritzari helaraztea zuzendaritza bakoitzaren berezko arloetako estatistika-datuei buruz beharrezkoa den informazioa.

i) Sailari dagozkion egitekoak betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten izan beharreko presentzia-modeloari dagokionez, betiere bere zuzendaritzari esleitutako arloetan.

j) Beren eskumenaren eremuan zehapen-ahalmena erabiltzea, aplikatu beharreko legeriari jarraikiz, arintzat eta astuntzat jotako faltei dagokienez.

k) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki ematen dizkien gainerako egitekoak, eta, oro har, Jaurlaritzako zuzendariei dagozkienak.

l) Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea bere Zuzendaritzako arduradunekin batera, euskararen kudeaketa integratua eginez.

m) Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzako jardun-arloetan; besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, hala badagokio, hizkuntza-irizpideak sartzea administrazio-kontratazioan eta dirulaguntzak emateko deialdietan.

n) Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatu eta ebaluatzea, bere Zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez.

III. KAPITULUA
ZERBITZU ZUZENDARITZA, KABINETE ZUZENDARITZA ETA AUTOGOBERNU ZUZENDARITZA

6. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.

1.– Zerbitzu Zuzendaritzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gainera:

a) Sailburuari sailaren estrategiei eta funtzionamenduari buruzko ikuspegi bateratua ematea, baliabideak esleitu eta programak ebaluatzeko garaian, perspektiba orokor batetik, erabakitzeko aukerak emanez.

b) Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak gai horri buruz esleitzen dizkion eskumenak baliatuz.

c) Langileen prestakuntza-planak eta -programak koordinatu eta kudeatzea.

d) Sailaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa egitea, dagozkion informazio-sistemak, ebaluazio jarraitukoak eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.

e) Sailari dagozkion gaietan aholkularitza juridikoa ematea, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. eta 5.3 artikuluetan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera; izan ere, saileko aholkularitza juridikoa zuzendaritza honi atxikita dago. Halere, Zerbitzu Zuzendaritzaren egiteko hau alde batera utziko da baldin eta sailean zuzenbide-aholkularitzako zeregin espezifikoak esleituta dituzten beste administrazio-unitate batzuk ezartzen badira, bakoitza bere esparruan. Halaber, saileko Aholkularitza Juridikoak izapidetuko ditu sailburuak ebatzi beharrekoak diren saileko organoek emandako egintzak eta xedapenak ofizioz berrikusteko eta kaltegarri deklaratzeko prozedurak.

f) Sailari dagozkion gaietan, oro har, irizpen teknikoak prestatzea saileko organoek hala proposatzen dutenean, eta, halaber, eskatzen zaion laguntza ematea xedapen orokorrak prestatzeko eta administrazio-egintzak emateko prozeduretan.

g) Sailburuak ebatziko dituen ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea.

h) Kontratuen arloko txostenak egitea, espedienteak izapidetzea eta errekurtso arruntak eta gorabeherak ebaztea.

i) Izapideak egitea sailaren gaiak Gobernu Kontseilura eta Jaurlaritzaren batzorde delegatuetara bidaltzeko, baldin eta haiek landu beharrekoak badira.

j) Aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko gaiak izapidetzea.

k) Sailaren zerbitzu informatikoen jarraipena egitea eta, hala badagokio, horiek kudeatzea.

l) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatzea eta dinamizatzea, hala nola euskararen sustapena ere egitea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein arlotan.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuaren 10. artikuluan sailari argitalpenaren arloan esleitutako egitekoak betetzea.

n) Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkion egitekoak, betiere martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuaren 14.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (36/2020 Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua).

o) Sailaren estatistika-lanak bultzatu, proposatu eta gauzatzea.

p) Herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko sailaren zerbitzuen funtzionamendu onena ziurtatzea (harrerako 2. eta 3. mailak), baita herritarrei harrera egiteko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuarekin harremanak behar bezala artikulatzea ere, bere eskumenen eremuko arloetan solaskide operatiboak badaudela ziurtatuz.

q) Sailak daukan informazio publikoa eskuratzeko eskaerei buruzko espedienteak hasi, izapidetu eta ebaztea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak arautzen duenari jarraituz.

r) Sailak egindako datu pertsonalen tratamenduei aplikatu beharreko segurtasun- eta pribatutasun-neurriak ezartzeko behar den laguntza teknikoa eta antolakuntzakoa koordinatzea eta ematea.

s) Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, eta gainerako zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko erakundeekin eta sailari atxikitako organoekin batera lan egitea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzea sustatzeko.

2.– Saileko Estatistika Organo Espezifikoa Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitzen zaio, betiere Justizia eta Herri Administrazio Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortzeko eta haren antolaketa eta egitekoak ezartzeko otsailaren 16ko 50/2010 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

3.– Zerbitzuen zuzendaria sailaren kontratazio-organoa da, dekretu honen 20.2 artikuluan aurreikusitako eremuen kontratazio publikoetan izan ezik.

4.– Era berean, saileko gastuak baimentzea dagokio, dekretu honen 20.2 artikuluan aurreikusita dauden eremuetako kontratazio publikoei dagozkienak izan ezik, hargatik Gobernu Kontseiluaren eskumenak eragotzi gabe. Kreditu-transferentzien izapidetzea ere bere eskumenekoa da.

5.– Zerbitzuen zuzendariak eskumena izango du, era berean, entitateekin prestazio jakin batzuk hitzartzeko xedea duten negozio juridikoak sinatzeko; horretarako, baina, entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateen baliabide propio pertsonifikatuaren izaera izan behar dute, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz –IKT zerbitzuen enkargu konbergenteak edo errepikariak izan ezik–.

7. artikulua.– Kabinete Zuzendaritza.

Sailburuak, bere egitekoak betetzeko, Kabinete Zuzendaritzaren laguntza izango du, eta, hark, dekretu honen 5. artikuluan oro har ematen zaizkion eskumenez gainera, honako hauek izango ditu:

a) Sailari esleitutako eskumenak erabiltzeko beharrezko diren laguntza eta aholkularitza ematea sailburuari; halaber, eskumen horiei buruzko jardun-irizpideak eta -planak ezartzeko beharrezko direnak.

b) Sailburuaren agenda publikoko jarduera publikoak eta ofizialak planifikatzea, jarraipena egitea eta antolatzea.

c) Saileko sailburuordetzen arteko koordinazio egokia zaintzea, eta sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, organo eskudunen bidez.

d) Teknikak eta metodoak proposatzea, sailaren programa eta jarduna garatzera eta betetzera bideratutako arloetan burutu beharreko jarduerak planifikatzeko, programatzeko eta ebaluatzeko. Horretarako, sailburuari dagozkion jarraipen- eta koordinazio-egitekoak errazteko beharrezkoak diren laguntza eta agiriak eskatu ahal izango dizkie arlo horiei.

e) Sailaren plan estrategikoak eta haien jarraipen-txostenak prestatzen laguntzea, sailburuordetzekin koordinatuta.

f) Sailaren eginbeharrekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea, gaiarekin zerikusia duten saileko beste organo eskudunekin elkarlanean.

g) Europar Batasunaren instituzioen inguruan sailari dagozkion jardueren jarraipena egitea.

h) Sailaren ekintza publikoen informazio- eta publizitate-estaldura egokia koordinatzea.

8. artikulua.– Autogobernu Zuzendaritza.

Autogobernu Zuzendaritzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gainera:

a) Sailburuari laguntzea estatuarekiko eta beste lurralde-erakunde batzuekiko harreman-politika zuzentzen eta sailen artean koordinatzen autogobernuaren eta estatutu-garapenaren arloan, horretarako dauden organo mistoetan parte hartuz, bai eta horiek gauzatzen ere.

b) Sailburuari laguntzea autonomia-erkidegoaren eskumenei dagozkien zerbitzu-transferentziak artikulatzeko politika zuzendu, koordinatu eta gauzatzen, estatuari zein lurralde historikoei dagokienez. Autogobernu Zuzendaritzak Araubide Juridikoaren Sailburuordetzarekin lankidetzan jardungo du, eta Ekonomia eta Ogasun Sailarekin koordinatuko da transferitzeko eskumen, eginkizun eta zerbitzuen balorazio ekonomikoari dagokionez.

c) Gobernuaren eta estatuaren, beste autonomia-erkidego batzuen edo foru- eta toki-erakundeen arteko aldebiko edo alde anitzeko erakunde-harremanen politikak elkarlanean lantzea, gauzatzea eta bultzatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremua erabat garatu ahal izateko mekanismoak, ereduak eta tresnak aztertzea, bai eta autogobernuan sakontzea eta hura bermatzea ahalbidetuko dutenak ere.

e) Estatutuaren garapena bultzatu eta aztertzea, ordenamenduaren eskumen-azterketa juridikoa eginez, eta autogobernuaren eta hori artikulatzeko bideen garapena eta nolakotasuna hobetzeari buruzko azterlanak eta proposamenak egitea.

f) Idazkaritza-lanak egitea Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanetarako Legearen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitako transferentzien batzorde mistoetan. Era berean, estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko aldebiko batzordeetan parte hartzea, horietan parte hartzeko izendatzen badute.

g) Estatuko instituzioei, foru-instituzioei eta toki-instituzioei buruz sortzen diren eskumen-gaiak aztertzea eta Jaurlaritzari aholku ematea; bereziki, Gorte Nagusietan edo lurralde historikoetan izapidetutako ekimenen jarraipena eta azterketa egitea, bai eta estatuaren araudiarena ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen banaketa konstituzional eta estatutarioaren ikuspegitik.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDETZA

9. artikulua.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza.

1.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari, dekretu honen 4. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluaren babesean sortzen diren batzorde delegatuen lanak antolatzea.

b) Jaurlaritzak Legebiltzarrean hartutako konpromisoak zenbateraino betetzen diren zaintzea, sailekin lankidetzan.

c) Lehendakariari Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanetan laguntzea, Jaurlaritza Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordearen aurrean ordezkatuz, hala dagokionean.

d) Araubide orokorreko elkarteen, fundazioen eta elkargo profesionalen arloan Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion araubide orokorrari, babesletzari eta erregistroari buruzko egitekoak betetzea.

e) Toki Administrazioaren arloko jardunak ikuskatu eta aztertzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoaren eredua diseinatzea Jaurlaritzaren politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean.

g) Berrikuntza publikoa eta Administrazioaren modernizazioa eta berritzea bultzatu, zuzendu eta garatzea.

h) Administrazio digitala eta gobernu elektronikoa.

i) Euskal administrazio publikoen antolaketaren eta prozeduraren araubidea, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzarekin lankidetzan.

j) Herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko prozesu, tresna eta zerbitzu korporatiboak, zentralizatuak eta kanal anitzekoak bultzatu eta garatzea.

k) Gai publikoetan, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bultzatzea.

l) Parte-hartze soziala eta herritarrentzako informazio zuzena, multimedia- eta komunikazio-teknologia berriak bultzatuz.

2.– Honako zuzendaritza hauek Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

b) Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

c) Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza.

d) Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.

10. artikulua.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

1.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan zehaztutako egitekoez gain, Gobernu Kontseiluaren eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluaren babesean sortzen diren batzorde delegatuei dagokienez, beste eskumen hauek ere izango ditu:

a) Bileretako gai-zerrenda prestatu eta banatzea, eta erabakitzeko aztertu beharreko gaiak ezagutzeko behar diren agiriak, aurrekariak eta datuak.

b) Akordioak izapidetzeko eta, hala behar bada, balioztatzeko beharrezko eskakizun juridikoak, finantzarioak eta formalak betetzen direla zaintzea, hala behar denean, nahitaezko txostenak eskuratuz.

c) Jaurlaritzak gaiak izapidetzeko onartutako arauak eta jarraibideak eta legegintza-teknikarako onartutako gidalerroak betetzen direla zaintzea.

d) Hartutako erabakien aktak prestatu eta zaintzea, eta erabakiok betetzen direla zaintzea.

e) Hartutako erabakiak egiaztatzea, eta ezagutzeko, deliberatzeko eta onartzeko aipatutako organoei aurkezten zaizkien gaiei buruzko testuen kopia autentifikatuak egitea.

f) Bileretan aurkeztu behar diren agiriak normalizatzeko jarraibideak proposatzea.

2.– Eusko Legebiltzarrarekiko harremanetarako arloan, jarraian zehazten diren egitekoak beteko ditu:

a) Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko harreman- eta komunikazio-organo gisa jardutea.

b) Legebiltzarreko fasean legegintza-programa nola betetzen den aztertzea, horren jarraipena egin eta koordinatzea.

c) Eusko Legebiltzarrean aurkezten diren lege-proposamenak, legegintzako herri-ekimenak, legez besteko proposamenak eta mozioak aintzat hartu edo ez erabaki behar duenerako, Eusko Jaurlaritzaren irizpideak lantzeko azterlanak, dokumentazio-lanak eta prestaketa-lanak egitea.

d) Eusko Legebiltzarrari aurkezten zaizkion ekimenekin eta galdera eta interpelazioekin zerikusia duen informazioa eskatzea Administrazioan eskumena duten organoei, eta informazio hori aztertzea, sailentzako txostenak egiteko eta haiei laguntza emateko.

e) Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari ezartzen dizkion konpromisoen jarraipena egitea.

f) Eusko Legebiltzarraren jardueraren berri ematea, oro har, Eusko Jaurlaritzari.

3.– Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren eta Arartekoaren arteko harreman- eta komunikazio-organo gisa jarduten du.

4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagokionez, haren araudiak ezartzen dizkion egitekoak betetzen ditu.

5.– Zuzendaritza honen eskumena da euskal administrazio publikoen agintariek atzerrian eragina izan behar duten agirietan ezarri beharreko sinadura zinezkotzea, zinezkotze bakarrari edo bukaerako oharrari buruzko Hagako araudi aplikagarriarekin bat etorriz, betiere eginkizun hori ez bazaie beste organo batzuei esleitu.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek euren artean edo beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatuen artean egiten dituzten edozein eratako hitzarmenen eta akordioen erregistroa ere badagokio.

7.– Gastu erreserbatuetarako kredituen funtsak erabiltzeko aukera duten agintarien ondare-ondasun eta -eskubideen erregistroa zuzendaritza honi atxikitzen zaio.

11. artikulua.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

1.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan zehaztutako egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Toki-araubideko arauak koordinatu eta prestatzea.

b) Toki-eginkizunen eta -zerbitzuen inguruko informazioa, azterketa eta aholkularitza ematea.

c) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki-araubideko gaiak aztertzea, horiei buruzko aholkuak eman, txostena egin eta ebaztea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen eta erakunde autonomoen eta foru- eta toki-administrazioaren arteko lankidetza- eta harreman-politika sustatu eta zaintzea.

e) Toki-erakundeak elkartu eta garatzeko formula organiko eta funtzionalak sustatzea.

f) Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluko idazkaritza-lanak egitea –Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 83. artikuluaren bidez sortua–.

g) Toki-administrazioari buruzko erregistro-tresnak kudeatzea.

h) Autonomia-erkidego honen eskumeneko elkarteen araubide orokorra, horretarako sortutako erregistroa eta Onura Publikoko Elkarteen Babesletza eramatea.

i) Elkarteen lurralde-bulegoak koordinatu, zuzendu eta gainbegiratzea.

j) Autonomia-erkidegoaren eskumeneko fundazioen araubide orokorra, eta horretarako sortutako erregistroa eta Fundazioen Babesletza eramatea.

k) Elkargo profesionalekin lotutako egiteko instituzional, orokor eta korporatiboak egitea, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe elkargo horiek beren sektore-eremuan sailekin izan ditzaketen harremanak.

2.– Elkarteen Erregistroaren lurralde-bulegoak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetan daude, eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzu deszentralizatuak dira.

12. artikulua.– Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza.

1.– Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Euskal Gobernantza Publikoa ezartzeko eta hedatzeko prozesuak eta tresnak diseinatzea eta garatzea, politika publikoak definitzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren sektore publikoaren egitura eta antolamendua –bai eta lan- eta kudeaketa-prozesuak ere– berritzeko eta hobetzeko plan eta proiektu korporatiboak egitea, koordinatzea eta bultzatzea.

c) Xedapen orokorren proiektuak, araugintza-ekimenak eta jarraibideak egitea antolaketaren, kudeaketa-prozesuen eta prozeduren arloan, eta horiek sinplifikatzea, administrazio-kargak murriztea eta herritarrentzako kalitatea eta efizientzia hobetzea.

d) Euskal Gobernantza Publikoaren, barne-egituraketaren, antolaketaren eta erakunde instituzionalen sorreraren arloan sailen jarduerak eta xedapen orokorren proiektuak aztertu eta ebaluatzea, eta arlo horietako nahitaezko txostenak egitea.

e) Bermatzea herritarrei arreta emateko kanal anitzeko eredu bateratuak ziurtatzen duela pertsona fisikoek administrazio publikoaren eta herritarren arteko harremanetarako bidea aukeratzeko duten eskubidea.

f) Prozedurak izapidetzeko eta herritarrei arreta kalitatez, eraginkortasunez eta efizientziaz emateko oinarri diren antolaketa, prozesuak eta teknologiak bultzatzea.

g) Herritarrei arreta emateko zerbitzu korporatibo transbertsalak kudeatzea lehen mailan kanal guztietan modu zentralizatuan.

h) Sailekin batera lankidetzan, deialdi publikoen egutegi korporatiboa egitea eta koordinatzea, korrelazioa eta oreka lortzeko herritarrengan sortutako eskariaren eta arreta eta zerbitzua hobeto ematearen artean.

i) Herritarren arreta-zerbitzua ematea bideragarria dela eta prozeduren deialdietan indarrean dagoen araudian aitortutako eskubideak errespetatzen direla aztertzea eta horri buruzko txostena egitea, horiek onartu aurretik eta, betiere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik.

j) Erregistro Elektroniko Orokorra kudeatzea eta herritarrei laguntzea Eusko Jaurlaritzaren erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan bitarteko elektronikoak erabiltzen; horrez gain, ahalordetzeen erregistro elektroniko kudeatzea, eta funtzionario gaituen erregistroa ezartzea.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren zerbitzu elektronikoak kudeatzeko eredua ezartzea.

l) Administrazio elektronikoa eraginkortasunez ezartzea administrazio-prozeduretan eta gai publikoen kudeaketan.

m) Erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak ezartzea, zerbitzu publikoen transformazio digitala hedatzeko eta herritarrek, zerbitzu horietan interesdun diren heinean, euren eskubideak balia ditzaten bultzatzeko.

n) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren izapidetze elektronikorako zerbitzu komunak deklaratu, kudeatu eta mantentzea.

o) Administrazio-zerbitzuak eta -prozedurak digitalizatzea, xede hauekin: herritarrak, prozesuen berringeniaritza, administrazioa sinplifikatzea, kargak murriztea eta izapideak eta dokumentuak normalizatzea, hizkera argia erabilita.

p) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentzia-eredua zuzendu, antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

q) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren intranet korporatiboa diseinatu, garatu eta kudeatzea, informazio-tresna gisa eta talde-lana, ezagutza partekatua eta erakunde-ikaskuntza errazteko.

r) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika zehaztea, hargatik eragotzi gabe Artxibo Nagusiaren eginkizunak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan ezarritakoak.

s) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu publikoen transformazio digitala gainbegiratzea eta ebaluatzea, saileko estatistika-organoarekin koordinatuta.

t) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak landutako edo zaindutako informazioa jendearen eskura jartzea, berrerabiltzeko, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aplikatuz.

u) Datu irekiak berrerabiltzeko kultura bultzatzea eta sustatzea.

v) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Administrazio Instituzionaleko kide anitzeko organoen kudeaketa-sisteman datu pertsonalen tratamenduaren arduradun gisa dagozkion eginkizunak betetzea.

2.– Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria izango da Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluko Administrazio Publikoen Batzorde Sektorialaren idazkaria.

13. artikulua.– Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.

1.– Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Gardentasun-plataforma eta -atari publikoak eta Irekia-Gobernu irekia kudeatzea.

b) Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bultzatzea politika publikoen definizioan, kudeaketan, gauzatzean eta ebaluazioan.

c) Jaurlaritzari laguntza ematea Gobernuaren interes orokorreko gaiak euskal gizarteari komunikatzerakoan.

d) Gizarteak eta herritarrek politika sektorialak diseinatu eta ezartzen parte hartu behar dutela jakinaraztea Gobernu-organoei, eta horren gainean sentsibilizatzea.

e) Herritarrek parte hartzeko eta euren proposamenei erantzun instituzionala emateko bideak sustatzea.

f) Informazio publikoaren publizitate aktiboaren arloan indarrean dagoen legeria betetzeko eta bultzatzeko lanak zeharka koordinatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren sektore publikoa indartzea estatuko eta nazioarteko gardentasun-indizeetan.

g) Herritarrek informazio publikoa eskuratzeko duten eskubidea kudeatzea eta koordinatzea.

h) Erakundeen arteko parte-hartzea eta konpromisoak koordinatzea Gobernu Irekiaren arloan.

i) Araugintzako herri-ekimenen kudeaketa koordinatzea.

2.– Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren 2.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, Gobernu Irekiaren zuzendaria izango da organo horren batzordeburua.

V. KAPITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOAREN SAILBURUORDETZA

14. artikulua.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetza.

1.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetzak, dekretu honen 4. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta Instituzionalari aholkularitza juridikoa ematea –eta epaiketetan ordezkatu eta defendatzea–, bai eta sortze-legean hala jasota duten erakunde publikoei, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko, merkataritza-sozietate, fundazio publiko, partzuergo eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten gainerako erakundeei ere, baldin eta horretarako hitzarmena sinatzen badute.

Aholkularitza juridikoa emateko eginkizunak beteko ditu, betiere alde batera utzi gabe Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen kide anitzeko kontsulta-organo gorena izanik, bere jardun-eremuan esleituta dauzkan eginkizun bereziak.

Aurrekoa guztia, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Zentrala sailburuordetza honi atxikita dagoela kontuan hartuta.

b) Euskal administrazio publikoen antolaketaren eta prozeduraren araubide juridikoaren arloan, araugintza-garapena landu eta proposatzea, eta, azken kasu horretan, Administrazioa arrazionalizatzeko, hobetzeko eta modernizatzeko emandako gidalerroetara egokitzea.

c) Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari eta sailari laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Euskadiko foru- eta toki-erakundeetako administrazioekin dituen harreman instituzionaletan. Horretarako, Administrazio honek Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeko lantaldeetan duen ordezkaritza koordinatzea dagokio.

2.– Azaroaren 24ko 9/2004 Legean eta haren antolakuntza- eta jarduera-erregelamenduan ezarritako moduan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitzen zaio, baina haren egitura hierarkikoan sartu gabe, aholkua emateko eginkizuna autonomia hierarkiko eta funtzional osoarekin egiten baitu.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzako titularrak edukiko du organo aholku-emaile goren horren lehendakaritza.

3.– Ordezkaritzako, defentsako eta jakinarazpenetako lurralde-bulegoak Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren lurralde-zerbitzu deszentralizatuak izango dira.

4.– Sailburuordetza honi Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea atxikitzen zaio, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen bidez sortua eta urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez estatutuak onartuta dituena.

5.– Honako zuzendaritza hauek Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

b) Auzibide Zuzendaritza.

15. artikulua.– Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

1.– Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Sailek eta erakunde autonomoek hala eskatzen dutenean, haien eskumenekoak diren arazoei buruzko irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

b) Beste erakunde instituzional batzuek hala eskatzen dutenean, haien intereserako gaietan irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

c) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari ez dagozkion lege-aurreproiektuen eta eduki arauemailea duten erregelamendu-xedapeneko proiektuen legezkotasunaren barne-kontrola, eta Gobernu Kontseiluak agintzen dizkion beste gai batzuk.

d) Defentsa jurisdikzionala egiteko ardura duten organoentzako txostenak lantzea eta aholku juridikoak ematea, zuzendaritza horrek landutako xedapenak aurkaratuz gero.

e) Administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen eremuan beharrezko den arau oro prestatu eta garatzea, bai eta euskal administrazio publikoen egiturapen eta sailkapen instituzionalerako lanabesak eta ereduak prestatu eta proposatzea ere, Administrazioaren berrikuntzaren eta kalitate-hobekuntzaren eremuan emandako artezpideetara egokitzeko; hori guztia funtzio publikoaren, Administrazioaren berrikuntza eta hobekuntzaren arloko organo eskudunekin lankidetzan.

f) Euskal Zuzenbide Zibila zaindu, aldatu eta garatzera bideratutako jarduerak landu eta prestatzea.

2.– Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendaria izango da aholkularitza-organo goren horren lehendakariordea.

3.– Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen Estatutuak onartzeko den urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren eranskineko 11.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendaria izango da Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen idazkari nagusia.

16. artikulua.– Auzibide Zuzendaritza.

Auzibide Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkaritzako eta defentsako beharrezko aurre-ekintzak egitea, eta ekintza horiek gidatu eta koordinatzea.

b) Judizio-ekintzak hasarazteari buruz aholkuak ematea, txostenak lantzea eta jardunak koordinatzea.

c) Administrazioaren jarduna zuzentzeko neurriak proposatzea, ahalik eta errekurtso edo erreklamazio gutxien jar daitezen.

d) Epaiak betearazteak, prozesuen gastuetarako dirua biltzeak edo kostuak ordaintzeak sor ditzaketen administrazio-ekintzak koordinatzea.

e) Epaiek ordenamendu juridikoaren eta, oro har, judizio-prozeduren ondorioen gain izan dezaketen eragina aztertzea.

f) Oro har, judizioan defentsa eta ordezkapenaren arloan dagozkion gainerako berariazko jarduketak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin bat etorriz.

VI. KAPITULUA
FUNTZIO PUBLIKOKO SAILBURUORDETZA

17. artikulua.– Funtzio Publikoko Sailburuordetza.

1.– Dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain, Funtzio Publikoko Sailburuordetzari dagozkio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari funtzio publikoaren, langileen araubide juridikoaren nahiz ordainsarien araubidearen eta negoziazio kolektiboaren arloan esleitzen zaizkion eskumenak.

2.– Sailburuordeak eskumen hauek izango ditu:

a) Giza baliabideekin lotutako politikaren planifikazioa eta betearazpena zuzendu eta koordinatzea, baliabide horiek gizartearen premiei eta eskaerei egokitzeko egin beharreko jarduerak proposatuz, eta bai Administrazioa egituratzen duten unitateak arrazionalizatu eta antolatzea ere.

b) Ogasunaren arloan eskumena duen sailarekin batera, aurrekontu-plantilletako aurreproiektua lantzea.

c) Efektiboak arrazionalizatzeko eta berresleitzeko planak prestatu eta proposatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatu eta proposatzea, bai eta solaskidetza-, koordinazio-, eta, beharrezkoa bada, erabaki-egitekoak bermatzeko irizpideak zehaztea eta tresnak diseinatzea ere.

e) Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana egitea.

f) Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatzea funtzionarioen eta lan-kontratudun langileen ordezkariekin burutu behar duen negoziazioan eta beste administrazio batzuetako funtzio publikoan eskumena duten beste organo batzuen aurrean.

g) Langileen ohiko kudeaketan sailetarako eta erakunde autonomoetarako aplikazio-irizpide komunak ezartzea, Eusko Jaurlaritzak arlo honetarako onartzen duen politika orokorra betez.

h) Laneko osasun- eta segurtasun-arloetan Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen aplikazio komuneko prebentzio-politikako irizpideak ezartzea sail eta erakunde autonomoetarako.

i) Ikuskaritza orokorra, zerbitzuei eta langileei dagokienez, Funtzio Publikoaren arrazionaltasuna eta eraginkortasuna bermatu ahal izateko.

j) Bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bai horren sektore publikoaren langileen ordainsari-sistema kudeatzeko irizpide orokorrak ezartzea, baita dagozkien gizarte aurreikuspeneko sistemenak ere.

3.– Honako zuzendaritza hauek Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

b) Lan Harremanen Zuzendaritza.

18. artikulua.– Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

Funtzio Publikoko Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gidalerroen arabera, giza baliabideen politika garatu, kontrolatu eta gauzatuko du, eta, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 6. artikuluan aipatutako egitekoak betetzea, dekretu honetan beste organo batzuei berariaz esleitutakoak izan ezik.

b) Giza baliabideen kudeaketa-politika planifikatzea, eta hautaketako, prestakuntzako, ebaluazioko eta karrerako tresnak diseinatzea, lanpostuen analisiaren bitartez eta lan-tresnon efizientzia eta efikazia egiaztatzeko beharrezko azterketak eginda.

c) Saileko eta sailen arteko jarduna eta proiektuak landu, koordinatu eta ebaluatzea barne-egituraketaren eta langileen antolaketaren arloan, lanpostu-zerrenda egokien bidez. Ondoriozko lanpostuak baloratzea, Eusko Jaurlaritzak ezarritako giza baliabideen politikako jarraibideekin bat etorriz.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lanpostuak behar bezala betetzeko behar diren tresnak kudeatzea.

e) Txostena egitea, nahitaez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, Ertzaintzan, unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetan eta Segurtasun Administrazioko laguntza-zerbitzuetan sartzeko hautaproben deialdietako oinarriei buruz. Horrelakoetan, espresuki txostena egin beharko da hautaprobako alderdi tekniko eta metodologikoei buruz; eta, horretarako, deialdia egiten duenak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen laguntza eska dezake.

f) Funtzio publikoaren arloko irizpenak lantzea, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta haren erakunde autonomoek hala eskatutakoan.

g) Langileen prestakuntza-politika diseinatu eta gauzatzea.

h) Langileen Erregistro Zerbitzuaren bitartez, kargu publikoen katalogoa eta horien bateraezintasun-araubidea kudeatzea, baita Jardueren Erregistroa eta Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroa eramateko ardura hartzea ere, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritakoari jarraituz.

i) Langileei eragiten dieten administrazio- eta lan-arloko gorabeherak izapidetzeko eta ebazteko jarraibideak ematea, bai eta gorabehera horiek ebaztea ere, baldin eta Administrazio Orokorreko sailei edo haien erakunde autonomoei espresuki esleituta ez badaude.

j) Biziarteko pentsioa aitortzeko espedienteak izapidetu eta ebaztea, kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzko azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

k) Funtzio Publikoari eta lan-baldintzei buruzko xedapen orokorren proiektuak eta Gobernu Kontseiluaren erabakiak izapidetzeko txosten tekniko eta juridikoak egitea.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileen ordainsari-sistema kudeatzea, baita dagozkien gizarte-aurreikuspeneko sistemak ere.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Langileen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.

19. artikulua.– Lan Harremanen Zuzendaritza.

Lan Harremanen Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Funtzio Publikoko Sailburuordetzari laguntzea Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatu eta proposatzen.

b) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkari izatea sindikatuekin eta langileen beste ordezkapen-organo batzuekin egiten diren elkarrizketetan eta negoziazioetan.

c) Langileen ordezkariekin lortutako edo izenpetutako akordio edo hitzarmenen ondorioz sortutako organo edo lantaldeetan sailaren ordezkari izatea, baldin eta akordioan espresuki beste organo bati esleitu ez bazaio egiteko hori.

d) Txostena egitea, izenpetu baino lehen eta nahitaez, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko eta gainerako sektore publikoko langileen ordezkariekin lortu edo izenpetu beharreko akordio edo hitzarmenei buruz.

e) Sailei, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei eta sozietate publikoei laguntza ematea, eta parte hartzea, hala badagokio, langileen ordezkariekin egin beharreko negoziazioetan.

f) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen ordezkariekin izenpetutako akordio eta hitzarmenen indarraldiari eta aplikazioari buruz sortzen diren administrazio- eta lan-arloko gorabeheren gaineko txostena egitea eta horiek ebaztea, eta aplikazio komuneko jarraibideak ezartzea.

g) Langileen bertaratzea kontrolatzeko aplikazio-irizpide komunak ezartzea, eta aplikazio informatikoa administratzea.

h) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Instituzionalak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde edo sistemetan duen parte-hartzea kudeatu eta koordinatzea, bazkide edo ekarpen-egile gisa esku hartzen badu.

i) Langileei gizarte-laguntzak ematea eta laguntzok kudeatzea, eta horiek izapidetu eta ebatzi behar dituzten sailek eta erakunde autonomoek jarraitu beharreko gidalerroak ezartzea, indarreko legeen arabera.

j) Lan-harremanekin, lan-baldintzekin eta giza baliabideak antolatzearekin eta zerbitzu publikoen kalitate handiko eredu batera egokitzearekin zerikusia duen guztiaren segimendua eta ebaluazioa egitea.

k) Funtzio Publikoko Sailburuordetzak Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eremuan hartutako laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko aplikazio-irizpide komunak betearaztea.

l) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko kultura egokia sustatzea, bai eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak diseinatzea ere, eta organo eskudunek betearaz ditzatela bultzatzea, koordinazio-irizpideak ezarrita, beharrezkoa balitz.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen Prebentzio Zerbitzu propioa kudeatzea.

n) Eskubide Pasiboen Batzordearen euskarri administratiboa izatea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan zerbitzuak egin zituen langileriaren eskubide profesional eta pasiboen testu bategina onartzen duen maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako prestazio ekonomikoak emateko espedienteen eta proposamenaren izapidetzea kudeatzea.

VII. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZU OROKORRETAKO SAILBURUORDETZA

20. artikulua.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza.

1.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzak beteko ditu arlo hauetan Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkion eskumenak: hainbat sailetarako diren zerbitzuak; artxiboak eta argitaratze-jarduna; eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak; dekretu honen 4. artikuluan zehaztutako eskumenak ere badagozkio sailburuordeari.

2.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeak kontratazio-organoari dagozkion eskumenak beteko ditu, baita gastuak baimendu ere, arlo hauetan sustatzen diren kontratazio publikoetan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren I. tituluko III. kapituluko 1. atalean araututako higiezinen kudeaketa bateratua.

b) IKT zerbitzuen kudeaketa bateratua, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko ereduari buruzko martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan arautua.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren argitaratze-jarduera, irailaren 25eko 135/2018 Dekretuan arautua.

d) Administrazioko Ibilgailuen Atalaren kudeaketa, uztailaren 27ko 300/1999 Dekretuari jarraituz, horren 2. eta 3. artikuluek zehazten duten eremuan.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistema, uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuak ezartzen dituen antolamenduari eta funtzionamenduari jarraituz.

3.– Honako zuzendaritza hauek Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza.

b) Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

21. artikulua.– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza.

1.– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan adierazitakoez gain, eskumen hauek izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan IKTen arloko zuzendaritza eskudunari esleitutakoak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzuak informatizatzeko eta digitalizatzeko interes estrategiko eta lehentasunezkoa duten proiektu komunak gauzatzea.

c) IKTak erabiltzeko eta kudeatzeko akordio, arau, estandar eta prozedura orokorren proposamenak egitea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko datuen administrazioari, segurtasunari eta pribatutasun-bermeari buruzko jarraibide komunak lantzea, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta horiek betetzen direla zaintzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei aholkularitza ematea, prozedurak eta zerbitzuak informatizatzeko eta IKTak erabiltzeko dituzten premiei erantzuteko.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko IKTen auditoretzak egitea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta erakundeekin eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin lankidetzan, IKTen arloan langileak prestatzeko eta hobetzeko plan eta programak prestatzea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentzia-eredua arautzen duen ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuaren 32. artikuluan berariaz esleitutakoak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek Interneten dituzten domeinu-izenak kudeatzea ere, hargatik eragotzi gabe Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren eskumenak.

i) Irratia eta telebista hedatzeko zerbitzuen zerbitzu eramailearen kudeaketari buruzkoak, baita zerbitzu horren euskarri diren azpiegiturak administratu eta ustiatzeari datxezkion ahalmenak ere, eta irrati-maiztasunen espektroarekin eta espektro horren gaineko zerbitzuekin lotutakoak.

j) Informazioaren Gizartea sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen eta herritarren artean, zehazki telekomunikazioen azpiegiturekin lotutakoak, bai eta Jaurlaritzak onartzen dituen kasuan kasuko planetan ezartzen direnak ere, besteak beste eten digitala murrizteko xedearekin.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren administrazio digitaleko zerbitzuen euskarri diren plataforma teknologikoak definitu, garatu, ezarri eta mantentzea.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak argitaratutako aplikazio mugikorrak kudeatzea, argitaratzea eta katalogatzea.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko informazio-sistemen (aplikazioak eta aktibo digitalak) eta azpiegitura teknologikoen datu-basea sortzea, mantentzea eta ustiatzea.

2.– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendariak eskumena izango du, era berean, entitateekin errepikariak ez diren baina konbergenteak diren IKT zerbitzuak emateko xedea duten negozio juridikoak sinatzeko; horretarako, baina, entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateen baliabide propio pertsonifikatuaren izaera izan behar dute, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

22. artikulua.– Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

Baliabide Orokorren Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako eskumen hauek ere izango ditu:

a) Obren, horniduren eta zerbitzuen kontratazioaren arrazionalizazio teknikoa proposatzea, bai eta obren, horniduren eta zerbitzuen kontratazio zentralizatuaren deklarazioa prestatzeko dokumentazioa lantzen esku hartzea ere, hala eskatzen zaionean, eta horretarako eratuko den kontratazio-mahaian parte hartzea.

b) Kudeaketa bateratuko higiezinetan egin beharreko obrei dagokienez:

– Obren planek eta haien garapen-programek bete beharreko arauak finkatzea kudeaketa bateratuko higiezinetan, diseinuari eta kalitateari dagokienez, bai eta higiezin horien erabilera-estandarrak, azalerak eta erosotasun-baldintzak ezartzea ere.

– Dagozkion proiektuak idaztea, kontratuak prestatzeko administrazio-jarduerak gauzatzea, obren burutzapena zuzentzea eta beharrezko jarduerak egitea ziurtagiriak ordaintzeko eta obrak ordaintzeko, hartzeko eta likidatzeko.

– Kontratazio-organoak behar dituen laguntza teknikoko eta materialeko egiteko guztiak betetzea.

– Zerbitzu espezifiko gisa jardutea proiektuen ikuskapena, ikuskapen teknikoa eta kalitate-kontrola eta ziurtagirien jarraipena egiteko, kontratazio-arloko indarreko araudian xedatutakoaren arabera.

c) Kudeaketa bateratuko higiezinak eta bertako instalazioak mantentzea; energiaren eta eraikin horien komunikazio-sistemak kudeatzea; halaber, oinarri teknikoak eta eskaintzei buruzko azterlanak lantzea, mantentze horiek kontratatu behar badira, baita horiek gauzatu, ordaindu, hartu eta likidatzeari dagozkienak ere.

d) Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzea eta hornitzea, kudeaketa bateratuko higiezinetarako badira.

e) Kudeaketa bateratuko higiezinetan oinplano-espazioen banaketa eta areto komunen eta antzeko beste instalazio batzuen erabilera antolatzea eta kudeatzea, bai eta instalazioen segurtasunari buruzko alderdiak kudeatzea ere.

f) Biltegi zentralizatuak kudeatzea.

g) Kudeaketa bateratuko higiezinetan sortutako hondakinen bilketa eta tratamendua planifikatzea eta kudeatzea.

h) Argitalpen Zerbitzu Nagusia zuzentzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen argitaratze-jarduerari buruzko irailaren 25eko 135/2018 Dekretuan sailari esleitutako argitaratze-arloko eginkizunak betetzea, 9. eta 10. artikuluetan adierazitakoak izan ezik.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan esleitutako artxibo-sistemaren gaineko egitekoak betetzea, bai eta dokumentazio orokorreko zerbitzua eskaintzea ere.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika definitzea eta eguneratzea, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzarekin lankidetzan, eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko irailaren 27ko Aginduan ezarritako auditoriak gauzatzea (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika onartzen da).

k) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren liburutegi-sistema planifikatu, zuzendu eta gainbegiratzea, eta liburutegien kudeaketarako informatika-programa ezartzea, bai eta Liburutegi Nagusiaren zerbitzuak ematea ere.

l) Honako zerbitzu hauek era zentralizatuan kudeatzea: posta, mezularitza, eskutitzen frankeoa, egunkariak erostea, erreprografia, inprenta eta antzeko zerbitzuak.

m) Administrazioko Ibilgailuen Ataleko zerbitzuak eta ibilgailuak antolatzea, kudeatzea eta administratzea.

n) Herritarrak eta Administrazioaren kanpoko eta barruko langileak Jaurlaritzaren egoitza nagusian hartzea eta kudeatzea.

o) Kudeaketa bateratuko higiezinen segurtasunari buruzko alderdiak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe Segurtasun Sailaren eskumenak.

p) Jaurlaritzaren zerbitzu zentraletako langileak, instalazioak eta jantoki-zerbitzua kudeatzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezkapenen araubidea.

Saileko sailburuordeen edo zuzendarien postuak hutsik egonez gero edo absente edo gaixorik badaude, haien eskumenak, egoera hori gertatu baino lehen eskuordetu ez badira, honela beteko dira:

a) Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

b) Zuzendaritzei esleitutako eskumenak dagokion sailburuordetzako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera; hau da, egituran aurre-aurretik dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengo zuzendaria sailburuordeak ordezkatuko du. Horiek ezin badute, hierarkikoki gain-gainetik dagoen hurrenak ordezkatuko ditu, hurrengo apartatuan xedatzen den kasuan izan ezik.

c) Zuzenean sailburuaren mende dauden zuzendaritzei esleitutako eskumenak zuzendaritza horiek beteko dituzte, egituran agertzen diren hurrenkera berean.

d) Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, gainetik dagoen hurrengo administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa.

Zerbitzu Zuzendaritzak administrazio-laguntza eta -babesa emango dizkio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari, honek hala eskatuz gero, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 14. artikuluak hainbat arlotan (langileak, kontratazioa, bitarteko material eta informatikoak eskuratzea eta kudeaketa ekonomiko eta aurrekontukoa) esleitzen dizkion eskumenez baliatzeko, betiere, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 13.2 artikuluan xedatutako bermea betetzeko, eta batzorde horren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen irailaren 12ko 167/2006 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legelari-laguntza Autogobernu Zuzendaritzari.

Autogobernu Zuzendaritzak organikoki atxikita ditu Eusko Jaurlaritzako legelarien dotazioak, eta Araubide Juridikoaren Sailburuordetzako dotazioen laguntza ere izan dezake. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Zentraleko kide izatea bermatu beharko da, ondorio guztiekin eta berdinekin, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 17. artikuluak ematen duen ahalmenaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aribidean dauden espedienteak izapidetzea.

Dekretu honetan ezarri diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte aribidean dauden espedienteak, kasuan kasuko gaiaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honen aurka egiten duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, 71/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren datuak babesteko ordezkariari buruzko erregulazioa, maiatzaren 22ko 81/2018 Dekretuaren bidez ezarria. Dekretu horren bidez, aldatu egin zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala