223. zk., 2012ko azaroaren 19a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (226 KB - 8 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5089
AGINDUA, 2012ko urriaren 31koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, atzerrian alemaneko, frantseseko eta ingeleseko ikastaroak egiteko plazetarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoz finantzatzen diren ikastetxetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat.
Atzerri-hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren helburu handienetako bat da gaur egun; izan ere, prestakuntza osoaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da giro soziokultural anitzetara gerturatzeko. Aski frogatuta dago osagarri egokia dela atzerriko herrialdean egonaldi bat egitea, ikasturtean zehar ikasitako hizkuntzaren jakintza indartzeko.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat, 4 asteko egonaldiak egiteko.
Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko baldintzak aldatuz joan dira, plaza horien aprobetxamendu egokia bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat egin zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.
Beka izan ala ez, famili ugariek ez dute, gaur egun, beren seme-alabak atzerrian hizkuntza bat ikastera bidaltzeko aukerarik, joan-etorriek eta egonaldiak kostu ekonomiko handia baitute.
Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera, udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jartzeari utzi gabe.
Hartarako, 2012ko udarako deialdian, erkapen indibidualak egiteko betekizuna sartu zen, familiaren maila ekonomikoarekin bat etorriaz, hain justu ere plazaren kostuaren parte bati aurre egiteko; bestalde, errenta txikienak dituztenentzako plaza kopuru handiago erreserbatu zen. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira deialdiko plazak.
Ildo horretan, deialdi honetan eutsi egiten zaio Administrazioak eta ikasleak egindako ekarpenari, eta, ikasleei dagokienez, bekadunen eta beka bakoen arteko bereizketa ezartzen da, eta horietako bakoitzarentzat plaza kopuru eta ekarpen ekonomiko ezberdinak finkatzen dira.
Horrenbestez, aintzat hartuta zer arautzen duten azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenek, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren arloko diru-laguntzak arautzen dituen heinean, eta behar bezala betez aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdiaren xedea da 533 plaza deitzea Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Irlandan, egonaldi eta ikastaroak egiteko 2013ko udan, hurrengo artikuluan zehazten denaren arabera. Plaza horiek deitzen dira, EAEko funts publikoz sostengatzen diren ikastetxetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. maila eta Batxilergoko 1. eta 2. maila ikasten duten ikasleentzat.
2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, 19 plaza gehituko zaizkio Erresuma Batuari dagozkion plazei. Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten 15 pertsonentzat eta matematika-olinpiadan lehen lau postuak lortu dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plaza horiek hurrengo paragrafoan adierazten direnen antzeko edukia izango dute.
3.– Kontzeptu hauek izango ditu deitutako plaza bakoitzak: joan-etorriko bidaia EAEko hiru hiriburuetatik ikasleak egonaldia egingo duen herrialdera, bidaia-asegurua, egingo duen hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, alojamendua, mantenu-gastuak eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.
4.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza antolatzeko, administrazio-kontratu bat deitu eta ebatziko du Administrazioak, hurrengo puntuan adierazten dena betez.
5.– Agindu honek deitzen dituen plazak finantzatzeko, 2013ko ekitaldian, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egingo duen diru-ekarpenaren zenbatekoa 847.038 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura.
6.– Adierazitako diru-zenbateko hori ez bada nahikoa eskaintzen diren 552 plazak finantzatzeko, diru-zenbateko hori handitu ahal izango da, honako hauen arabera: deialdia ebatzi baino lehen, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuetatik ateratzen diren agortu gabeko baliabide ekonomikoen arabera, hain zuzen. Halako zirkunstantziarik jazoz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen bidez.
2. artikulua.– Deitutako plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.
1.– Deialdi honen xede diren ikasleentzat deitzen diren plazak partaidetza-kuota ezberdineko bi tartetan banatzen dira, hezkuntza-mailaren arabera, eta hizkuntza eta herrialde bakoitzerako. Aipatu partaidetza-kuotak familien egoera ekonomikoari egokitu zaizkio. Hauxe da banaketa:
(Ikus .PDF)
2.– Deitutako plazak baliatzeko eskubideak zera dakar: plazari dagokion ekarpen ekonomikoa egin beharra.
1. tartea: 170 euro.
2. tartea: 680 euro.
3. artikulua.– Tarteak.
Eskabidea aurkezteko dataz aurreko ikasturteari dagokionez, unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko, ikasketetarako laguntza eta beken deialdian beka jaso duten ikasleak 1. tartean sartuko dira.
Goragoko paragrafoan zehaztu deialdian bekarik jaso ez duten ikasleak 2. tartean sartuko dira.
4. artikulua.– Baldintzak.
Agindu honen bitartez deitzen diren plazaka lortzeko, honako baldintzak bete beharko dira:
a) Aurreko ikasturtean 6 puntuko gutxieneko nota lortu behar da eskatutako hizkuntzan/hizkuntzatan, eta 15 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu behar da aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
b) Eskatzen den plazari dagokion edo dagozkion hizkuntzak ikasiak izan behar ditu eskaera-dataren aurreko bi urteetan, eta ikasketa horrek, azken urtean, funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean egina izan behar du.
c) Epe-barruan egin behar du plaza atxikitzen zaion tarteari dagokion diru-ekarpena.
d) Aurreko urteetan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazetan, zehazki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deitutakoetan parte hartu ez izana, salbu eta Matematika Olinpiadetako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.
e) Beranduenez 2013an bete behar dituzte 19 urte.
f) Pertsonek ezin izango dute parte hartu agindu honen bidez araututako laguntza publikoaren deialdian, ezarri zaien zigorrak ezartzen duen aldian, baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea galdu badute edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badaude, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.
5. artikulua.– Parte hartzeko eskaera.
1.– Derrigorrezkoa da eskaera egitea, eredu normalizatuan. Eredu hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net orrian eskuratuko da, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak / Unibertsitateaz kanpoko ikasleak atalean. Deialdiari dagokion Agindua EHAA aldizkarian argitaratzen denetik hara izango da eskuragarri formulario hori, egutegiko hogei eguneko epean. Adierazitako epe hori igarota, ezingo da derrigorrezko eskaera horretara sartu.
2.– Alderdi hauek adieraziko ditu eskaerak:
a) Eskabide-egilearen datu pertsonalak; izena eta abizenak, jaioteguna, nortasun agiri nazionala, helbide osoa, kontaktuetarako telefonoa/k, e-maila eta sexua.
b) Eskabidea egiten den unean zer ikastetxetan eta mailatan dagoen matrikulatuta.
c) Eskatzen den herrialdea, lehentasun-hurrenkeran (3 aukera). Eskatutako herrialderako soilik balioko dute eskabideek, eta, herrialderik adierazi ez bada, baliogabea izango da eskabidea.
d) 2011-2012 ikasturtean bekaduna izateari buruzko erantzukizunezko deklarazioa. Bekaduna izan ez bada, 2. tartean sartuko da eskabidea, 680 euroko partaidetza-kuotarekin.
e) Erantzukizunpeko deklarazio bat, adierazten duena eskatzaileak ez duela plazarik lortu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hizkuntzak ikasteko xedez aurretiaz egin dituen deialdietan eta ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea debekatzen dion zigor edo inhabilitaziorik.
f) Ikastetxeko zuzendariak egindako erantzukizunezko deklarazioa, adierazten duena ikastetxeko zuzendariari ematen diola, –hurrengo artikuluak aurreikusitakoa apliaktuaz– eskabidea tramitatzeko ordezkatze-ahalmena.
3.– Inprimatu egin behar da eskaera, eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskabide-egileak izenpetu behar du, eta haren aitak, amak edo legezko tutoreak baimendu behar du.
4.– Inprimatu eta izenpetu ondoren, eskabide-egilea matrikulatuta dagoen ikastetxean entregatuko da eskabidea, artikulu honetako 1. puntuan adierazi den epea amaitu ondorengo lehen egun balioduneko idazkaritza-ordutegia amaitu baino lehen.
5.– Eskabidea egiten duen ikaslearen nortasuna egiaztatuko du ikastetxeak, eta jakinaraziko dio eskabidea dagokion epean eta haren izenean tramitatuko duela, edo zer egunetan jarriko dituen haren esku matrikularen eta noten eskabidea eta ziurtagiria.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epeak.
1.– Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazen eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Herritarrei Arreta Emateko – Zuzenean bulegoetan edo Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan. Beste aukera bat izango da haiek aurkeztea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak adierazten dituen lekuetan edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistroetan.
2.– Baliozkoa izateko, eskaera indibiduala eta ziurtagiri akademikoa jaso behar ditu eskabideak. Ikastetxeak emango du ziurtagiri hori, tramitazio indibiduala edo kolektiboa eginez. Horretarako, prozedura hauetakoren bat erabili behar du:
a) Ikastetxearen tramitazio kolektiboa.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prestatutako aplikazio informatikoan, ikastetxeak honako hauek sartuko ditu: eskabideko datuak, eta bataz besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren/en notak, 2011-2012 ikasturteari dagozkionak. Bestalde, 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan, eskatutako hizkuntza/ak ikasi dituela ikasleak, horixe ziurtatu beharko du ikastetxeak; baina, ikasturte horietarik azkena EAEko ikastetxe baten egin duela ere ziurtatu beharko du.
Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, ikasitako irakasgai guztiak kontuan hartuta. Lehiaren ondorioei dagokienez, deialdira aurkezten diren ikasleen kalifikazioa egitean berdintasuneko eta lehia askeko printzipioak beteko direla bermatzeko, erlijioko irakasgaian lortutako nota ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
Aplikazioa ixtean, ikastetxeak izapidetutako eskabideen akata jasoko du, non eskatzaile bakoitzaren identifikazioa eta datu akademikoak jasoko diren. Ikastetxeak kopia bat gordeko du, zeina ikasleei erakutsi baitzaie, baldin eta eskatzen badute, hain justu ere aktan jasotako datuak egiaztatzeko.
Akta horrek, ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak izenpetu ondoren, eskabide kolektiboaren izaera izango du, eta artikulu honetako lehen paragrafoan adierazten den lekuan, moduan eta epean aurkeztu beharko da.
b) Tramitazio indibiduala.
Aurreko a) puntuan ezarri den prozedura ez erabiltzea erabakitzen duten itunpeko ikastetxeek horren berri eman behar diete beren ikasleei, eta azken horiei itzuliko dizkiete jasotzen dituzten eskaerak, haiek aurkezteko eskubidea erabili ahal izateko behar den aurrerapen nahikoz. Agindu honen I. eranskinean jasotzen den ereduaren araberako ziurtagiri akademikoarekin batera itzuliko dute eskabidea.
Artikulu honetako lehen paragrafoan adierazten diren leku, modu eta epean aurkeztu behar ditu eskatzaileak eskabidea eta ziurtagiri akademikoa.
3.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («udako hizkuntza-ikasketak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honen parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.
7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzorde bat izendatuko du, laguntzak esleitzeko proposamena egiteko. Hauek osatuko dute batzordea:
– Pedagogia Berriztatzeko zerbitzuburua. Batzordearen lehendakari gisa jardungo du.
– Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko ordezkari bat. Idazkaria izango da.
– Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako kide bana.
8. artikulua.– Plazak esleitzeko prozesua.
1.– Ikasle eskatzaileen zerrenda alfabetikoa egingo du Batzordeak, eta bertan adieraziko ditu: zer tartetan sartu den eskaera bakoitza, ikasleen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota, eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamena plaza ematekoa, erreserba-taldeetan sartzekoa edo deialditik baztertzekoa izango da. Azken kasu horretan, baztertze-proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.
2.– 2011-2012 ikasturteari dagokionez, tarte bietako bakoitzari plazak esleitzeko proposamena honela egingo da: ikasturteko bataz besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren nota batzearen ondoriozko puntuazio onenaren hurrenkeraren arabera.
Berdinketarik ematen bada, errentan indibidual egiaztatu apalena duen familia-unitateko ikasleari esleituko zaio plaza, eta, datu hori jakin ezin bada, adinez zaharrenari.
3.– Ikasle batek ezin izango du agindu honetan deitutako plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde baten baino gehiagotan plaza eskuratzeko, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi duen lehentasun-ordenari dagokiona esleituko zaio.
4.– Baldin eta 2. artikuluan ezartzen diren tarteetakoren batean plazarik sobratzen bada, plaza horiek goranzko hurrengo tartean pilatuko dira, herrialde eta hezkuntza-maila berean.
5.– Zerrenda hori Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian erakutsi behar da, eskaerak egiteko epea amaitu eta hurrengo 20 egun balioduneko epean.
6.– Zerrenda alfabetikoan jasotako datuetan akatsik hautematen bada, interesatuek aukera izango dute, hura argitaratu ondorengo 10 egun balioduneko epean, idatzizko alegazioak aurkezteko hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan. Datu horiek aldatzeko frogak proposatu beharko dituzte alegazio-idazkian.
7.– Erreklamazioak aztertu ondoren, Batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, eta deialdia ebatziko du azken horrek.
9. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du errenta indibidualeko tarte, hezkuntza-maila eta herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan zerrendatuta adieraziko dira lehen esleipenean plaza eskuratu dutenak. Horretaz gainera, ebazpen bat emango du honako honetarako: tarte, maila eta destinoko herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adierazteko, eta beste bat baztertu diren eskaerak zerrendatzeko. Azken kasu horretan, baztertzearen arrazoiak adieraziko dira.
Ebazpen horiek Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian argitaratuko dira.
2.– Baldin eta deialdia ez bada artikulu honetan araututako prozeduraren arabera ebazten, zehazki, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondorengo hiru hileko epean, beren eskaerak ezetsi direla ulertu behar dute interesatuek, nahiz eta horrek ez duen salbuetsiko Administrazioak duen obligazioa, berariazko ebazpen bat ematekoa.
3.– Deialdi-ebazpenaren aurka gora jotzeko helegitea jar dezakete interesdunek, Hezkuntza sailburuordearen aurrean, hilabeteko epea agortu baino lehen, ebazpena jakinarazten den eguneko biharamunetik kontatzen hasita.
10. artikulua.– Plazak gordetzea.
1.– Lehen esleipenean plaza lortu dutenek, kurtsoa egiteko kontratatutako enpresarekin, plazen erreserba egin beharko du, hain justu ere hilabeteko epearen barruan, 9.1 artikuluko lehen paragrafoan jasotako ebazpena argitara ematen denetik hara.
Plazak aukeratzeko prozedura:
Tarte bakoitzerako erreserbatutako portzentajeak errespetatuta, talde bakoitzerako berariaz seinalatutako egunetan eta lehentasunezko taldeen arabera, esleipendun ikasleek aukeratuko dituzte plazak. Irlanda eta Erresuma Batuaren kasuan, mailak ere izan beharko dira kontuan. Hau da, enpresak egunean 100 plaza kudeatu baditzake, lehen egunean plaza aukeratuko dute 1. tarteko lehen 77 postuak betetzen dituzten ikasleek, eta 2. tarteko lehen 23 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 100 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituko zaio, harik eta plaza guztiak agortzen diren arte. Tarte bateko plazak agortzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Eta guzti horren ondorioetarako, enpresa esleipendunak adierazten dion bitartekoa erabiliaz, tokatzen den egunean, lehentasunezko hurrenkeraren arabera ordenatuta erabilgarri dauden plaza guztiak aukeratuko ditu esleipendunak.
Enpresak ezin badu plaza-kopuru hori (100) kudeatu, adierazi den proportzioarekiko doituko da hautatze-prozedura.
Bera taldearentzako finkatutako egunean, plaza aukeratzeko ezin bada azaldu, 10.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztu epeko azken egunera arteko tartean egin ahal izango du aukeraketa; eta une horretan erabilgarri diren plazen artean bakarrik egin ahal izango du hautua.
Plaza hautatu ondoren, 170 euro ordainduta jarriko da indarren erreserba.. Ez bada diru hori ordaintzen epe barruan, esleitu eta/edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.
2. tartearen kasuari dagokionez, ekainaren 15a baino lehen ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako diru-zenbatekoa, 2. artikuluaren arabera aplikatu beharrekoa. Halakorik egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu dezake, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.
2.– 10.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztu epearen azken egunetik bost egun geroago, enpresek Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari jakinarazi beharko dizkiote –erreserba ez dela ordaindu-eta– plazetarik zeintzu geratu diren hutsik.
Plaza horiek bigarren esleipenean esleituko zaizkie erreserbako lehen postuak betetzen dituzten ikasleei, hutsik dauden plazei dagozkien tarteetan.
Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetako iragarki-oholetan eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net we-gunean emanen da argitara esleipen-proposamena. Esleipendun egiten direnek –kurtsoa egiteko kontratatutako enpresarekin– plazen erreserba egin beharko dute, hain justu ere 10.2 artikuluko lehen paragrafoan zehaztu datatik harako hamar eguneko apearen barruan.
3.– Azken epe hori igaro ondoren plaza hutsak gelditzen badira, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banaka eta lehentasun-ordenari jarraituz eskainiko dizkie erreserba-egoeran dauden izangaiei, harik eta kontratatutako plaza-kopurua osatzen den arte.
11. artikulua.– Ordainketak, eta programari uko egitea edo/eta uztea.
Egiaz ematen dituzten zerbitzuei dagozkien zenbatekoak soilik ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak enpresa esleipendunei. Horrenbestez, aseguru-bidaia bat kontratatu beharko dute esleitutako prezioa eskuratuko dutela bermatzeko, baldin eta heriotzarik edo gaixotasun edo istripu larririk gertatzen bada, bai programan parte hartzen duten ikasleena, bai haien 2. mailara arteko senideena, betiere horrek programa uztera eta ikaslea etxera bueltatzea eragiten badu.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2007ko apirilaren 26an emandako Aginduak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura izango diren espediente-gastuak aurrez izapidetzeari buruzkoak adierazten dituen ondorioetarako, agindu honetako laguntza ematea honako baldintza honen menpe geratzen da: Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa-kreditu egokiak edukitzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarren agindu hau.
Bigarrena.– Agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 31.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.