Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2003ko azaroaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Osasun Saila
6459

270/2003 DEKRETUA, azaroaren 4koa, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzekoa.

Abenduaren 12ko 7/2002 Legeak, osasun arloko aurretiazko borondateenak, 3.2 artikuluan dioenez, aurretiazko borondateen agiria idatziz jasoko da, eta agiri-emaileak notarioaren, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunaren —funtzionario edo langile publikoa—, edo hiru lekukoen aurrean egin beharko du. Lege berak aurrerago, hain zuzen ere, 6. artikuluan, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaz hitz egiten du eta artikulu horretako lehenengo idatz-zatian, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikia egongo den Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortuko dela aurreikusten du. Erregistro horretan, agiri-emaileek osasun arloko aurretiazko borondateen agiri-ematea inskribatu ahalko dute, baita haren aldaketa, ordezkapena edo ezeztapena ere. Bukatzeko, lege horren azken xedapenetako lehenengoak Eusko Jaurlaritzari ezartzen dio erregistroa hamar hilabeteko epean sortzeko agindua.

Bi helburu nagusi ditu dekretu honek. Lehenengoa, dudarik gabe, agindutakoa betetzea, horretarako Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzen dela. Eta bigarrena, aipatu legearen 3.2 artikulua garatzea, hau da, aurretiazko borondateen agiri-ematea —erregistroko arduraduna den funtzionario edo langile publikoaren aurrean egiten dena— arautzea. Erregistro baten berezko zereginei begiratua agiri-ematea zeregin desberdina dela ikusten da. Helburu horiek bete daitezen errezteko, aurretiazko borondateen agiriak jasoko duena arautzea oso baliogarria izango da; eta arautze hori dekretu honetan bertan egiten da.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren zeregin oinarrizkoak dira aurretiazko borondateen agiriak inskribatzea, eta, behar izanez gero, agiri-emaileak zaintzen ari diren medikuei helaraztea. Horretarako, aurretiazko borondateen agiriaren inskripzioa euskarri informatikoan egin behar da, eta mediku eta erregistroen arteko komunikazioa iraunkorra eta etenik gabekoa izan dadin behar diren mekanismoak ezarri beharko dira. Agiri horiek medikuek eta ez beste inork irakurri ahalko dituzte, salbu, agiri-emaileek beraiek. Osasun Saileko organo berri bat arduratuko da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaz, hain zuzen ere, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren Bulegoa, horretarako bereziki sortua izan dena, eta osasun zerbitzuetako erabiltzaileen betebeharrak betetzen direla, eta eskubideak errepetatzen direla zaintzen duen zuzendaritzaren menpe egongo da, hau da, Ikerlan eta Garapen Sanitarioko Zuzendaritzaren menpe.

Aurretiazko borondateen agiria inskribitzeko, aldatzeko, ordezkatzeko eta ezeztatzeko prozedura ere arautzen da, eta aipatzekoa da, edozein dela eskabidea aurkezten den tokia, agiri horien konfidentzialtasuna bermatzen dela. Izan ere, agiri horiek kartazal itxi batean aurkeztuko baitira, eta Erregistroaren Bulegoko langileek baino ezin izango dute ireki.

Aurretiazko borondateen agiriak berak izan dezakeen eduki minimoa ere arautzen da. Hala ere, ez da eredu uniformea inposatu emaileak nahi duena askatasunez adieraz dezan.

Bukatzeko, dekretu honek Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunaren figura ere arautzen du. Izan ere, erregistroarena berarena ez den, baina garrantzi handikoa den zeregina baitagokio berari, hau da, aurretiazko borondateen agiria ematea; eta zeregin hori erregistroaren egoitzatik kanpo bete ahalko du pertsonaren batek horrela eskatzen duenean.

Horregatik guztiagatik, Elkargo Ofizialak, eta sektore horretako gizarte elkarte adierazgarrienak entzun ondoren, Gizarte eta Ekonomia Kontseiluak irizpena eman duela, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eginik, Osasun sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko azaroaren 4ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen bidez, osasun arloko aurretiazko borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legean aurreikusten zen Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortzen da.

2. artikulua.– Erregistroaren zereginak.

Honakoak dira Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren zereginak:

a) osasun arloko aurretiazko borondateen agiriak inskribitzea, aldatzea, ordezkatzea eta ezeztatzea.

b) inskribatzen diren agiriak zaintzea.

c) aurretiazko borondateen agiri-emaileak atenditzen dituzten osasun zentroetako langileei agiri-emate horien berri ematea.

d) agiri-emailea atenditzen ari den medikuari/ei agiriaren edukiaren berri ematea.

e) herritarrei osasun arloko aurretiazko borondateen berri ematea.

3. artikulua.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren Bulegoa.

1.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren Bulegoa Ikerlan eta Garapen Sanitarioko Zuzendaritzaren menpe dago, eta zuzendaritza hori da erregistroa kudeatuko duen unitate organikoa.

2.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan agiri-emaileei banakako arreta eta konfidentziala eskainiko zaie.

3.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren Bulegoko langileek karguagatik duten informazioa isilpean gorde beharko dute.

4. artikulua.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduraduna.

1.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren Bulegoko arduraduna funtzionario edo langile publikoa izango da.

2.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunak formalizatuko du aurretiazko borondateen agiri-ematea, agiri hori aldatzea, ordezkatzea eta ezeztea, osasun arloko aurretiazko borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legeak dioenaren arabera.

3.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunak egoitzatik kanpo formalizatu ahalko du aurretiazko borondateen agiri-ematea, aldatzea, ordezkatzea edo ezeztatzea, agiri-emaileak horrela eskatzen duenean.

5. artikulua.– Agiri-euskarri.

1.– Edozein euskarritan jasotako aurretiazko borondateen edozein agiri onartuko du erregistroak, beti ere kautotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen badu.

2.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan egiten diren inskripzioak euskarri informatikoan egingo dira, eta Norberaren Datuen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak dioena beteko da.

6. artikulua.– Aplikazio eremua.

1.– Adinez nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dena, epai bidez gaitasuna kendu ez zaion eta askatasunez jokatzen duen edozein pertsonak eskatu ahalko du Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan osasun arloko aurretiazko borondateen agiri-ematea inskribitzeko, hura aldatzeko, ordezkatzeko edo ezeztatzeko.

2.– Halaber, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunaren aurrean formalizatu ahalko du osasun arloko aurretiazko borondateen agiri-ematea, haren aldatzea, ordezkatzea edo ezeztea.

3.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatuak dauden agirien eta horien edukinaren berri izatea, beti ere, dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, osasun zentroetako langileei eta Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten medikuei baino ez zaie bermatzen. Horrek, hala ere, ez du esan nahi beste aurretiazko borondate edo aurretiazko jarraibideen erregistroekin konexiorik ez dela egongo.

7. artikulua.– Aurretiazko borondateak jasoko dituen agiriaren edukina.

1.– Aurretiazko borondateen agirian, gutxienez, honakoak jaso beharko dira: agiri-emailearen izena, bi abizen, helbidea, nortasun agiriaren zenbakia, edo pasaportearena zein nortasuna egiaztatzeko balio dezakeeen beste edozein dokumentuarena, bere tratamenduari buruzko jarraibideak, eta agiria non, noiz eta nola formalizatu den.

2.– Agirian, halaber, agiri-emailearen bizitza helburuak eta baloreak adieraz daitezke, baita ordezkari bat edo gehiago izendatu ere.

3.– Ordezkaria, edo ordezkariak izendatzekotan haien izena, bi abizen, nortasun agiriaren zenbakia, edo pasaportearena zein nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein dokumentuarena, helbidea eta telefono zenbakia adierazi beharko dira. Agiri-emaileak berariaz adierazi beharko du osasun arloko aurretiazko borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legearen 2. artikuluak 3.a) idatz-zatian xedatutakoa betetzen dutela.

4.– Agiria hiru lekukoren aurrean formalizatzen bada, harekin batera lekukoen aitorpena jaso beharko da, hain zuzen ere, honakoak jasoko dituena:

a) adinez nagusiak direla, jarduteko gaitasun osoa dutela, eta agiri-emailearen ezkontideak edo izatezko bikote-kideak ez direla edo, bigarren mailera bitarteko odol-ahaidetasuna edo nolabaiteko ondarezko harremana edo kidetasuna ez dutela.

b) agiri-emailea adinez nagusia dela, haiek dakitela, gaitasuna duela jarduteko, askatasun osoz jokatzen duela eta agiria haien aurrean sinatu duela.

Aitorpen honekin batera, hiru ordezkarien izena, bi abizen, nortasun agiriaren zenbakia edo pasaportearena zein nortasuna egiatatzeko balio dezakeen beste edozein dokumentuarena, eta hiruren sinadura.

8. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiri-ematearen inskripziorako prozedura.

1.– Inskripziorako prozeduraren hasiera agiri-emailearen eskabidearekin hasten da. Eskabidea dekretu honen I. eranskinean dagoen ereduari jarraiki egingo da, eta harekin batera bertan dauden datuak zehazteko edo osatzeko egoki ikusten diren elementuak jarri ahalko dira.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazioa eramango duen kartazal itxi bat aurkeztu beharko da:

a) nortasun agiriaren fotokopia, edo pasaportearena zein agiri-emailearen nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein dokumentuarena.

b) aurretiazko borondateen agiria notarioaren aurrean formalizatu bada, horren kopia eskuetsia.

c) aurretiazko borondateen agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduraduna den funtzionario edo langile publikoaren aurrean formalizatu bada, horren kopia kautoa.

d) aurretiazko borondateen agiria lekukoen aurrean formalizatu bada, jatorrizko agiria eta lekukoen nortasun agirien fotokopia, edo pasaportearen zein nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein dokumentuarena. Edozein dela erabiltzen dena indarrean egon beharko du.

3.– Eskabidea eta harekin batera aurkeztu beharreko kartazala Osasun Saileko erregistro nagusian aurkeztu beharko da, edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Adminstrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan xedatzen dituen lekuetan.

4.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduraduna den funtzionario edo langile publikoari dagokio aurretiazko borondateen agiria emateko bete behar diren legezko formaltasunak bete direla egiaztatzea. Lekukoen aurrean ematen denean, agiri-emailea adinez nagusia dela egiaztatu beharko da, baita sinadurak, bai agiri-emailearena, bai lekukoena, egiazkoak direla ere. Azken egiaztapen hori egiteko, nortasun agirien fotokopietara jo beharko da, edo pasaporteenetara zein nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste dokumentuarenera.

5.– Eskabidea 1. idatz-zatian ezarritakoari jarraiki egin ez bada, edo berarekin batera 2. idatz-zatian adierazitako dokumentuak eramaten ez baditu, errekerimendua egingo zaio interesdunari akatsa zuzen dezan edo eskatzen zitzaizkion dokumentuak aurkez ditzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioenaren arabera.

6.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunak du inskripzioaz erabakitzeko eskumena, eta ezeztatzeko arrazoia 7/2002 Legeak edo dekretu honek berak ezartzen dituen baldintzak ez betetzea izango da. Ezezten bada, ebazpen arrazoitua eman beharko da, eta eskabidea aurkeztu duen pertsonari horren jakinarazpena egin, hilabeteko epean.

7.– Ezarritako epearen barruan jakinarazpenik ez badago, baietsi dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak 4. idatz-zatian ezarritakoaren kaltetan izan gabe.

8.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Ikerlan eta Garapen Sanitarioko zuzendariaren aurrean.

9.– Aurretiazko borondateen agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatuko da, estimatzeko eman den ebazpenaren egunetik kontatzen hasita, hiru egun balioduneko epean.

9. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiria aldatzea, ordezkatzea edo ezeztea.

1.– Aurretiazko borondateen agiria aldatzen bada, agiriak eragina izaten jarraituko du, baina edukinean zatiren bat aldatuko da.

2.– Aurretiazko borondateen agiria ordezkatzen bada, dagoena eraginik gabe geldituko da, eta beste bat emango da haren ordez.

3.– Aurretiazko borondateen agiria ezezten bada, dagoena eraginik gabe geldituko da eta haren lekuan ez da berri bat emango.

10. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiria aldatu, ordezkatu edo ezeztatzeko eduki beharrekoa.

1.– Aldez aurretik emandako aurretiazko borondateen agiria aldatu, ordezkatu, edo ezezten duen agiriak, gutxienez, jaso beharrekoak honakoak dira:

a) agiri-emailearen izena, bi abizen eta nortasun agiriaren zenbakia edo pasaportearena zein nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein dokumentuarena.

b) aldatu, ordezkatu edo ezezten den dokumentua non, noiz eta nola formalizatu zen.

c) agiri-emaileak agiria aldatu, ordezkatu edo ezezteko duen borondatea.

d) aldaketa, ordezkapena edo ezeztapena non eta noiz formalizatzen den.

e) agiri-emailearen sinadura.

2.– Lehenago emandako aurretiazko borondateen agiria berri batez aldatu behar bada, aurreko idatz-zatian aipatutakoez aparte, aurreko agiria eraginik gabe gelditu dela adierazi beharko da, eta agiri-emailearen tratamenduari buruzko jarraibideak erantsi beharko dira. Agiri-emailearen bizi-helburuak eta balioak ere sar daitezke, baita ordezkari bat edo gehiago izendatu ere, 7.3 artikuluak dioenaren arabera.

3.– Lehenago emandako aurretiazko borondateen agiria aldatu behar bada, artikulu honetako 1. idatz-zatian aurreikusitakoaz aparte, argi eta garbi adierazi beharko da, aurreko agiriaren zein zatik jarraitzen duen indarrean, eta, zein gelditzen den eraginik gabe, baita sartzen den alde berriaren erredakzioa ere.

4.– Agiria hiru lekukoren aurrean formalizatzen bada, dekretu honetako 7.4 artikuluak xedatutakoaren arabera egingo da.

11. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiriaren aldaketa, ordezkapena, edo ezeztapenaren inskripziorako prozedura.

1.– Aurretiazko borondateen agiria aldatzea, ordezkatzea edo ezeztatzea inskribitzeko prozedura 8. artikuluan xedatutakoa izango da.

2.– Eskabidearen eredua dekretu honen II. eranskinean jaso da.

12. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiria inskribitua duen agiri-emailearen eskubideak.

1.– Aurretiazko borondateen agiria inskribitua duen agiri-emaileak kontsulta egin ahalko du Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan, nahi duenean.

2.– Aurretiazko borondateen agiriaren inskripzioa egiaztatzen duen ziurtagiria ere eskuratu ahalko du.

13. artikulua.– Osasun zentroetarako informazioa.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak, agiri-emaileek baimena ematen dutenean, inskribatuak dauden agirien berri eman ahalko die osasun zentroei.

14. artikulua.– Inskribatutako agirien edukinaren berri izateko medikuek egin beharrekoa.

1.– Pertsona bat tratatzen ari den medikuak garrantzi handiko erabaki klinikoak hartu behar baditu, eta gaixoa nahia adierazi ezineko egoeran badago, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora jo beharko du, eta pertsona horrek agiria inskribatua duen egiaztatu; baldin badago irakurri ahalko du.

2.– Aurretiazko borondateen agiria ikusi ondoren, medikuak agirian bertan adierazten den ordezkariari jakinarazi beharko dio agiriak dioena; edo ordezkaria izendatua egon ezean, agiri-emailearekin lotura duten pertsonei, bai familia lotura bai izatezkoa dutenei.

15. artikulua.– Sekretu-obligazioa.

Osasun langileek, mediku zein mediku ez direnak, lanpostua dela eta, aurretiazko borondateen agiriren baten berri dutenean, edo haren edukiarena, isilpean gorde egin beharko dute dakitena, 14.2 artikuluan xedatutakoaren kaltetan izan gabe.

16. artikulua.– Aurretiazko borondateen agirien zaintza.

1.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak inskribituta dauden agiriak bost urtez gordeko ditu agiri-emailea hiltzen den momentutik kontatua. Denbora hori pasatutakoan desegin ditzake.

2.– Ezeztatu edo ordezkatu diren agiriak hiru hilabete pasa ondoren desegin daitezke, ezeztapen edo ordezkapenaren inskripzioaren egunetik kontatua.

3.– 5.2 artikuluan aurreikusitako euskarri informatikoan erregistratuak dauden datuak inskribitzen den azkenengo dokumentuari dagozkio, eta artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutako denboran zehar gordeko dira. Behin epe hori amaituz gero, baliogabetzea norberaren datuak babesteko araudiak dioenaren araberakoa izango da.

17. artikulua.– Beste erregistroekiko interkonexioa.

1.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak Aurretiazko Jarraibideen Estatuko Erregistroarekin izango du harremana, beti ere azaroaren 14ko 41/2002 Legeak eta bera garatzeko araudiak diotenaren arabera.

2.– Aurretiazko Borondateen edo Jarraibideen bestelako erregistroekiko konexioa horretarako sinatzen diren lankidetza hitzarmenetan ezarritakoaren arabera egingo da. Hitzarmen horiek norberaren datuen babeserako araudiak dioena errespetatu beharko dute.

3.– Osasun-laguntza edo horretara heltzea ahalbidetzen duten fitxeroen arteko interkonexioa, dekretu hau indarrean sartzen denetik izango da.

18. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiria erregistroko arduradunaren aurrean ematea.

1.– Aurretiazko borondateen agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunaren aurrean ematen denean, agiri-emaileak bere burua identifikatu beharko du nortasun agiria baliatua, edo, balioa duen pasaportea, baita adinez nagusia dela egiaztatu ere.

2.– Agiri-ematea ez da gertatzen Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunak agiri-emailea askatasunez ez dela jokatzen ari uste badu.

3.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunak agiri-emailearen gaitasunaren inguruan zalantza izanez gero, agiri-ematea eten dezake haren inguruan Erregistro Zibilak emandako egiaztagiria lortu arte.

4.– Aurretiazko borondateen agiria kautotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen duen edozein euskarritan eman daiteke.

5.– Aurretiazko borondateen agiri-ematea bukatu ondoren, agiri-emaileari eskatzen duen beste jatorrizko kopia emango zaio.

6.– Aurretiazko borondateen agiria aldatzea, berri batez ordezkatzea, edo ordezkatu gabe ezeztatzea, artikulu honen aurreko idatz-zatietan xedatutakoari jarraiki egin behar da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak.

Osasun Sailak dekretu honetan araututako erregistro jarduketetarako, bereziki notario aurrean edo Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunaren aurrean formalizatzen diren aurretiazko borondateen kasuan, teknologia elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea sustatu egingo du.

Bigarrena. Udal erregistroetan inskribatutako aurretiazko borondateen agiriak.

1.– Osasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi-testamentuen edo aurretiazko borondateen erregistroak dituzten udalekin lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, dekretua hau indarrean sartu baino lehenago erregistro horietan inskribatuak dauden aurretiazko borondateen agirien xedea zein den zehazteko.

2.– Agiri horiek Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatu ahalko dira formalizazioan eta edukinean dekretu honek xedatutakoaren araberakoak badira, eta emaileek berariaz adierazten badute.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko azaroaren 4an.

Jaurlaritzako lehendakariordea,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzen duen azaroaren 4ko 270/2003 DEKRETUAren

I ERANSKINA.

AURRETIAZKO BORONDATEEN AGIRI-EMATEA INSKRIBATZEKO ESKABIDEA

Eskatzailearen izen-abizenak: 	

Nortasun agiriaren zenbakia, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein dokumentuarena:

	

Helbidea: 	

Posta kodea:		Udalerria: 	

Telefonoa: 	

ESKATZEN DUT eskabide honekin batera doan kartazal itxiaren barruko agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatu dadin.

AITORTZEN DUT Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak agiriaren edukina ni atenditzen nauen medikuari jakinaraziko diola badakidala, beti ere, nahia adierazi ezineko egoera batean nagoenean, eta garrantzizko erabaki klinikoak hartu behar dituenean.

BAIMENTZEN DUT Erregistroa osasun zentroetako langileei agiria dagoela ofizioz jakinaraz diezaien (ez edukina).

	BAI n 	EZ n

(X ipini dagokion tokian)

Eskatzaileak non, eta noiz sinatzen duen, baita sinadura ere.

………………, …………(e)ko …………………aren ……………(a)
SINADURA

AURRETIAZKO BORONDATEEN EUSKAL ERREGISTROKO ARDURADUNA. OSASUN SAILA.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzen duen azaroaren 4ko 270/2003 DEKRETUAren

II. ERANSKINA.

AURRETIAZKO BORONDATEEN AGIRIAREN ALDAKETA, ORDEZKAPENA, EDO EZEZTAPENA

INSKRIBATZEKO ESKABIDEA.

Eskatzailearen izen-abizenak: 	

Nortasun agiriaren zenbakia, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein dokumentuarena:

	

Helbidea: 	

Posta kodea:		Udalerria: 	

Telefonoa: 	

ESKATZEN DUT eskabide honekin batera doan kartazal itxiaren barruko agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatu dadin; horren helburua da

	 n EZEZTATZEA	 n ORDEZKATZEA	 n ALDATZEA

(X ipini dagokion tokian)

honako datuak dituen aurretiazko borondateen agiria: 	

Formalizatu zen lekua eta eguna: 	

Aurretiazko Borondateeen Euskal Erregistroan sartzea baimendu zuen ebazpenaren data: 	

AITORTZEN DUT Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak agiriaren edukina ni atenditzen nauen medikuari jakinaraziko diola badakidala, beti ere, nahia adierazi ezineko egoera batean nagoenean, eta garrantzizko erabaki klinikoak hartu behar dituenean.

BAIMENTZEN DUT Erregistroa osasun zentroetako langileei agiria dagoela ofizioz jakinaraz diezaien (ez edukina).

	BAI n 	EZ n

(X ipini dagokion tokian)

Eskatzaileak non, eta noiz sinatzen duen, baita sinadura ere.

………………, …………(e)ko …………………aren ……………(a).
SINADURA

AURRETIAZKO BORONDATEEN EUSKAL ERREGISTROKO ARDUNARUNA. OSASUN SAILA.


Azterketa dokumentala