Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

"Elkarlanean jardutea" Euskadin Malagako Hiri eta Lurralde Sortzaileen IV. Forumean egon zen

egilea: Koldobike Uriarte, Azaroa 17, 2016

Iragan astean Hiri eta Lurralde Sortzaileen IV. Forumean parte hartu genuen. Bertan, España creativa erakundeak proiektu berritzaileei ematen dien sarian gure kandidatura defendatu genuen. Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari Buruzko Liburu Zuriaren ezarpenaren barruan elkarlan-proiektu hori bultzatzen ari gara Elkarlan Zuzenbideko Euskadiko Elkartea, Innobasque eta Eusko Jaurlaritza. Gure azken asmoa, justiziaren kontzeptu berria sustatzea da; horretarako, pertsonak ahaldunduko ditugu euren konponbideak bila ditzaten, eta gizartean gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak ezarriko ditugu elkarlan-jardunaren / elkarlan-zuzenbidearen bitartez, hori gizartean berrikuntzarako eta bakegintzarako tresna delakoan. Ekimen hori gizarte zibilean sortu da, proposamen eraberritzaile gisa, eta administrazioa parte hartzera bultzatzen du, haren jardunbide tradizionaletan, ikuspegi eta lan-esparru diferenteetatik.

Euskal administrazioan ezartzeko, gaitasunak sortzen ari gara Harvard metodoko prestakuntzaren bitartez; gainera, esperimentazioari ekin diogu hainbat proiektu pilotu eta praktika-talderen bitartez, eta hedapenerako tresnak nahiz bideoak lantzen ari gara; horiek agerian jartzen dute kudeaketa publikoan gatazkan prebenitzeko eta konpontzeko modu diferente bat.

Bereziki interesgarria da Arabako osasun-erakunde integratuaren esparruan egindako lana. Osasuna dagoeneko ez da ulertzen gaixotasunik ez gisa, baizik eta askoz konplexuagoa den konstruktu gisa; bada, konstruktu horretan beste esparru batzuk hartu behar ditugu gogoan, biologiaren esparruaz bestelakoak: psikologiaren esparrua, esparru espirituala, soziala eta/edo biografikoa, horien helburua bizi-kalitatea hobetzea dela, orain arte "pazientea" zen horrek zeregin aktiboagoa izango du profesionalekiko elkarlanean. Errealitate horri aurre egiteko estrategiarik egon ezean, baliteke desadostasun larriak gertatzea klinika-harremanean; horregatik, duela 4 urtetik hona euskal osasun sistema pazientea ardatz duen arreta lantzen ari da hainbat proiektu piloturen bitartez (IntegraSarea proiektuaren barruan), gaur egun esperimentaziorako eta ikasketarako iturri bilakatzen ari den elkartegintzako mugimenduarekin bat etorrita.

Hiri eta Lurralde Sortzaileen IV. Forumean proiektu hori orokorrean Elkarlan Zuzenbideko Euskadiko Elkarteko presidenteak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batek eta proiektuaren ezarpenean parte hartzen ari den paziente aktibo batek defendatu zuten. Egindako lanak ikusmin handia sortu zuen eta epaimahaiko zenbait kidek balorazio positiboa eta interesa agertu zituzten; haien esanetan, "asmo handiz eta berrikuntzaz beteriko proiektua da, eta zorroztasunez ekin zaio". Deialdian gizarte-berrikuntza berariaz aintzatesteko modalitaterik ez zegoen, eta gainera, berrikuntza horren huts nabarmena sumatu zen; izan ere, aurkeztutako proiektu ia-ia guztiak esklusiboki hirigintzaren do ekonomia-garapenaren arloko berrikuntzari buruzkoak ziren; hala, adreilua, zementua, brea, natur ingurunearen eraldaketak, berrikuntzaren protagonistak izan ziren.

Hori dela-eta, berriz ere, gizarteko arazo eta beharrizanetarako konponbideak ekartzen dituzten esku-hartze berritzaileak (produktuak, zerbitzuak eta ereduak), aldi berean elkarlanerako harreman berriak sortzen dituztenak, hau da, gizarte osoaren egoera hobetzeaz gain gizartearen jardun-ahalmena handitzen dutenak, ezinbesteko bilakatzen ari dira.

Proiektu irabazlea Lal la Buya izan zen. Melillako hiri autonomoan gizarte-ekonomia sustatzeko eta arte, ogibide eta estetika tradizionalak lehengoratzeko proiektu hori baliabide ekonomiko urriak dituzten emakumeei zuzentzen zaie.