Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Aurrerabide, HHABHZan gauzak hobeto egiteko aukera

Aurrerabide, HHABHZan gauzak hobeto egiteko aukera

egilea: Javier Bikandi, Apirila 21, 2015

Zer suposatzen ari da Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzarentzat Aurrerabiden parte hartzea?

Hauxe da lerro hauetan erantzuten saiatuko naizen galdera, zuzendaritzako zenbait pertsonek parte hartu dugun prestakuntza-ekintza prozesuko lehen saioetatik abiatuta.

Lehenik eta behin, argi dago azkenaldiko historiak asko markatzen gaituela zuzendaritza bezala, izan ere, aurreko legealdian zeuden bi zuzendaritzaren arteko bat-egitetik sortutako zuzendaritza izanik, ahalegin berezia eskatu du, eta eskatzen ari da oraindik ere, zerbitzu desberdinetako jarduteko moduak homogeneizatu eta taldeka lan egiteko. Gainera, jende asko duen zuzendaritza da, 115 pertsonak osatutakoa, eta horrek, lana baldintzatzeaz gain, ahalegin handia eskatuko digu, zalantzarik gabe, prozesua eta emaitzak sozializatzeko.

Orain arte disfrutatu ahal izan ditugun saioek argi utzi digute prozesu trinkoa, kohesionatzailea eta praktikoa izango dela, zuzendaritzan erabiltzeko moduko kudeaketa-tresnez jabetzeko aukera emango digun heinean. Saio batetik bestera, eguneroko jardunean jarraitzeaz gain, "etxeko lanak" egin eta zuzendaritzako pertsona guztiei ezagutarazi beharko dizkiegu. Saioen arteko zeregin horretan, Aurrerabideko bidaia honetan zuzentzen gaituen erraztaile bikainaren laguntza izango dugu, eta hori berealdiko bermea da.

Lehendabiziko saioetan, zuzendaritzaren estrategiaren funtsezko elementuak lantzen hasi gara; eginkizuna, ikuspegia eta AMIA (aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahuleziak). Oso ariketa beharrezkoa da, eta orain arte egin gabe zegoena. 2014-2016ko Berrikuntza Publikoaren Plana (BPP) dugu erreferentzia nagusia, bertan baitaude finkatuta egin behar ditugun proiektuak, baina ez du aipamenik ere biltzen zuzendaritzaren kudeaketako barruko elementuei buruz, eta alderdi hau behar-beharrezkoa da BPParen erronka nagusiei erantzun eraginkorra emateko. Ondorengo saioetan, zuzendaritzaren estrategia osatuko duten kudeaketa-tresnak landuko ditugu, lankidetzaz landu ere.

Esparru desberdinetan izan dudan esperientzia profesionalari esker, kudeaketa-kultura eta kudeaketa-modu desberdinak ezagutzeko aukera izan dut, den-denak alderdi onez eta txarrez hornitutakoak. Hala ere, horietan guztietan, erakunde osorako kudeaketa-tresna amankomunak zeuden.

Alderdi apal bezain funtsezko hau da Aurrerabidek gauzatu nahi dituenetako bat, eta ziur nago lortu egingo dugula.

Aurrerabiden dugun partaidetza abiapuntuko egoera partikularrek markatuta dago, egoera horiek era askotakoak baitira prozesu-mota honi dagokionez (hau ez da honelako zerbait egiten saiatu den lehen aldia). Hala ere, ziur nago, arrakasta lortzea erraztuko digun oinarrizko faktorea giza-taldea izango dela, gaitasun eta inplikazio handiko pertsonek osatuta dagoen heinean. Pertsona batzuk eszeptikoagoak dira emaitzei dagokienez, baina den-denak ilusionatuta daude, izan ere, zuzendaritzaren estrategia eta honen hedapenerako tresnak lankidetzan lantzeko modua izatea aukera paregabea baita zuzendaritza kohesionatzeko eta balio publikoaren ekarpen handiagoa egingo duen administrazio efikazagoa, eraginkorragoa eta berritzaileagoa egiteko.

Hortaz, hasierako galderari labur-labur erantzunez, Aurrerabide aukera paregabea da gauzak hobeto egiteko, zuzendaritzako pertsona guztien inplikazioaz. Eta zalantza izpirik gabe diot: guztion artean, lortu egingo dugu!