Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Tramitagune: barruko digitalizazioaren zirkulua ixten Euskal Administrazio Publikoan

Tramitagune: barruko digitalizazioaren zirkulua ixten Euskal Administrazio Publikoan

egilea: Monica Soto del Rio, 

2014ko urriko post batean, Tramitagune izan genuen mintzagai. Tramitagunek tramitazio elektronikorako aplikazio horizontal modura izan duen bilakabideaz aritu ginen; baina beste gai bat ere aipatu zen; aipatu, eta hurrengo baterako utzi, alegia, ea noraino iristen den Gobernu Kontseiluaren 2014ko uztailaren 29ko Akordioa, zeinaren bidez onartzen diren bete beharreko jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko organoen arteko hiru komunikazio-mota -administrazio barrukoak eta administrazioen artekoak- elektronikoki izapidetzeko.

Antolakunde batek ondo funtzionatuko badu, are gehiago administrazioak, funtsezko faktoreetako bat komunikazio argia, bizkorra, eraginkorra eta zehatza da; jakinekoa da hori. Komunikazio horren moduak, denborak eta egite-erak arautzea, eta baita kanalak ere (bereziki, kanal formalak), lehen mailako estrategia-gaia da.

Tramitagunen badugu eskarmentu apur bat administrazioaren eskariz prozedurak elektronikoki tramitatzen -ondo lotua daukagu-, eta ikusi dugu hasitako bide horretan sakonago egin behar dugula aurrera, seguru baikaude erabilgarria dela bidea. Horregatik hain zuzen, etorri zen otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren onarpena, Administrazio Elektronikoari buruzkoa. Honela dio 29. artikuluan, administrazioko organoen arteko komunikazioak direla-eta, jomuga berariazkoa ezarriz: "Arrazoi tekniko ondo oinarrituak direla-eta ezinezkoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu bai bere organoen arteko komunikazioetan eta baita beste herri-administrazio batzuekiko komunikazioetan ere."

Akordioaren asmoa ez da erakunde bateko kideen artean trukatzen diren mezu formal eta informal guztiak biltzea, arautzea edo informatizatzea. Baina nahiko luke, bai, paperean egiten ziren komunikazio formalak Tramitagune bidez bidera daitezen (formalak direla eta tasatuta daudela zalantza izpirik gabe). Eta komunikazio formala zer den? Guri dagokigula, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 19. artikuluaren aplikazio-eremuan daudenak dira komunikazio formalak (30/1992 Legea, azaroaren 26koa), bertan baitaude arauturik, orokorrean eta oinarriak ezarriz, herri-administrazio bereko organoen arteko komunikazio formalak. Zuzenean egin beharko direla agintzen du, aldakiak edo kopiak bidaltzeko bitarteko organorik erabili gabe, eta hartu izana jasota geratuko dela bermatzen duen edozein bide erabiliz.

Administrazioko atal eta organo kudeatzaileen artean, normalean, komunikazio formalak erabiltzen dira, hau da, kontsultak, txosten- edo irizpen-eskariak, edo agiri-eskariak. Halakoak dira Administrazio Orokorreko organo horizontaletara zuzentzen direnetako asko:

  • Kontsulta: Iritzi juridikoa, teknikoa edo zientifikoa eskatzea arau juridiko baten interpretazioaz edo aplikazioaz, erakunde jakin baten izaeraz, printzipio teknikoren baten edo informazio objektibo edo neurgarriren baten aplikagarritasunaz, edo antzeko beste zerbaitez, kasu jakin bati buruzko aipamenik egin gabe.
  • Txostena: Iritzi juridikoa, teknikoa edo zientifikoa eskatzea kontsulta baten xede izan daitekeen edozein gairi buruz, baina egoera edo harreman juridiko jakin bati lotuta, betiere prozedura jakin baten esparruan kokatuta ez badago.
  • Agiri-eskaera:: Kontsultetarako eta txosten-eskaeretarako jarritako baldintza berak izanda, lantze jakinik behar ez duten eta jadanik sortutako agiriei buruzkoak diren eskariak.

Komunikazio horiek elektronikoki izapidetzen ditugunean, batzuetan administrazio baten beraren barruko komunikazioak dira (administrazio orokorreko atal edo organoen artean), eta, beste batzuetan, administrazioen artekoak (erakundeen eta arlo publikoaren gainerako zatien artean).

Aipatu dugun akordioak agintzen du izapidetze elektronikoa lehenetsi behar dela, izapide formala egiteko beste bide batzuen aurretik. Hortaz, orain arteko betiko tramitazio-metodoak ("honekin batera doa" tankerakoak eta paperezko gainerakoak, sarrerako eta irteerako erregistro, zigilu eta guzti), alde batera utzi, eta kanal elektronikoa erabili behar da.

Akordioa betez gero, ia itxita geratuko da barruko digitalizazioaren zirkulua, eta ez ditu soilik administrazio-prozedurak bilduko, baita barruko beste prozesu batzuk ere, jende askoren eguneroko lana horiexek baitira, nahiz eta administrazio-prozedurak izan ez. Eta "ia" esan dugu ixten dela barruko digitalizazio-zirkulua, kontratazio-prozeduren digitalizazioari ekin diogulako; erronka itzela inondik ere, tartean den jende guztiaren lankidetza eskatuko duena.