Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Bihar, abenduak 19, jendaurrean aurkeztuko da Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuria

Bihar, abenduak 19, jendaurrean aurkeztuko da Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuria

egilea: PIP taldea, Abendua 18, 2014

Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia Sailburuak Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuria aurkeztuko du bihar, ostiralez, Euskadiko Artxibo Historikoan (Maria Diaz Haroko 3, Bilbo), goizeko 10:30etatik aurrera egingo den ekitaldi batean.

Jarduera honek amaiera emango dio duela zehazki urtebete hasitako herritarrekiko kosorkuntza-prozesuari. Honexen emaitza dugu, hain zuzen ere, "gai publikoetan Euskadi parte-hartzaileagoa eraikitzeko abiapuntu" bihurtzea nahi den Liburu Zuri hau.

Prozesu orokorrerako nahiz kolektiboen araberako prozesuetarako antolatu diren partaidetza-saioek 400 pertsona baino gehiago bildu dituzte, eraikuntza partekatua posiblea dela frogatuz, Liburu Zuri honen eduki guztiak sorraraziz, eta Euskadin gizarte hobe baten eraikuntzan berritzen jarraitzera bultzatzen gaituen ezinbesteko utopia-ukitu hori erakutsiz.

Ekitaldian, Liburuaren edukietako batzuk nabarmenduko dira, hala nola, eragile guztien partaidetza eta lankidetzaren garrantzia, gizartearen arazo eta beharrizan gero eta konplexuagoei erantzun ahal izateko; edota erakundeoi lan hori errazten diguten kanalak, betiere gogoan izanda "partaidetza" eskubide eta betebeharra dela, eta aurrera ateratzeko, behar bezala egiten ikasi behar dugula, konpromisoa hartuz eta inplikatutako alde guztiekiko konfiantzari eutsiz. Ahalegin honetan eginkizun garrantzitsua dute  Administrazioak, herritarrekiko elkarrizketa eta lankidetzarako hurbilago eta irekiago dagoela erakutsi behar baitu, eta herritarrek, aktiboagoak izan behar baitute komunitatearen mesedeko zereginetan.

Gainera, Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuriak, Eusko Jaurlaritzak herritarren partaidetza kudeaketa publikoaren oinarrizko printzipiotzat arautu eta bultzatzeko, Liburu Zuriaren edukiak maila guztietan ezagutarazi eta zabaltzeko, eta partaidetza-era desberdinak frogatzea ahalbidetuko duten esperientzia berritzaileak sustatzeko hartu duen konpromisoa bildu du.

Ekitaldian, Luis Petrikorena Gobernu Irekiko Zuzendariak moderatutako mahainguru bat ere egingo da, Josu Erkoreka Sailburuaren, Alberto Garcia Erauzkin Innobasqueko Presidentearen eta Luiz de Mello OCDEko Gobernantza Publikoko eta Lurralde-Garapeneko Zuzendariordearen parte-hartzeaz. Hauekin batera, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak ere parte hartuko du, bere Sailean bideratutako herritarren partaidetzaren hedapena azaltzeko asmoz, Liburu Zuriak arreta berezia egiten baitio Osasunaren esparruari.

Azkenik, gonbita luzatu nahi diegu ekitaldi honetaz interesatuta daudenei, Irekiaren webgunean zuzen-zuzenean ikus dezaten, kanal honek streaming bidez emitituko baitu.