Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Aurrerabide: kudeaketa aldatzea, kultura aldatzea

Aurrerabide: kudeaketa aldatzea, kultura aldatzea

egilea: Enrique Sacanell, Abendua 10, 2014

Urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzak Aurrerabide programa onartu zuen, Kudeaketa Publiko Aurreratuaren Eredua eta  oinarrizko prestakuntza eta ezarpenerako laguntza-proiektua abian jartzeko, duela urtebete esperientzia pilotu gisa hasitako bidea berretsiz.

2013an zendutako Michel Croizier soziologo frantsesak honako izenburu hau jarri zion liburu bati: "Gizartea ez da dekretuz aldatzen". Era berean, administrazio publikoaz esan genezake ez dela aldatzen Gobernu Kontseiluaren erabaki batez. nahiz eta aldatzen laguntzen duen. Egia esanda, oso esanguratsua iruditzen zait kudeaketa-kulturaren aldaketa hau erabaki horrekin hasi ez izana, pertsona gutxi batzuen sinestean funtsatuta abiarazi baitzen. Aldaketa guztiak gutxi batzuen ekimenez abiatzen dira. Arrakasta, aldiz, pertsona gutxi horiek loturak eta aliantzak sortu eta aldaketa susta eta funtsa dezakeen sare bat eratzeko duten gaitasunaren araberakoa da. Eta horren haritik, Eusko Jaurlaritza aurrera ateratzen ari den prozesua aztertzeko moduko kasutzat jo daiteke.

Aztertzeko modukoa da, halaber, erakunde barruan aldaketa sakonak eta jasangarriak lortzen lagun dezaketen giltzarrizko beste printzipio batzuk praktikara eramateko erabili den modua. Horrela, edozein aldaketa-proposamenen inguruan, nahiko erraza da aldekoenen adostasuna lortzea, baina erakunde osoaren gainean duen inpaktua mugatua da. "Horiek edozertarako prest daude", entzun genezake erakundearen barruan, partaideak nortzuk diren ezagutzean. Hala ere, edozein ideia berriri ekiteko horren gertu ez dauden pertsonak erakartzea lortuz gero, gainontzekoen begirada beste era batekoa izango litzateke prozesuari dagokionez: "hauek prest baldin badaude, beharbada gaiari buelta bat eman beharko genioke". Aurrerabidek, fase pilotuan, 35 erakunde-unitate eta ia 300 pertsona (Zuzendariak, Ordezkariak eta Zerbitzuetako eta Sailetako Arduradunak) bildu ditu. Beste buelta bat emateko modukoa, zalantzarik gabe.

Azaltzeko, hitz egiteko eta entzuteko erabili den denbora dugu aldaketa-prozesu hau kudeatzeko moduaren giltzarrizko beste alderdi bat. Horri esker, aldaketa-prozesuaren hasierako faseetatik, erakunde barruko pertsonak horretara biltzea lortu da, errespetuzko mezu argia zabalduz. Errespetu horretarako, alabaina, ezinbestekoa da Jaurlaritza bezalako konplexutasun handiko erakunde baten barruan errealitate asko daudela ulertzea. Ulertzea eta aldaketa-prozesuan dagokien lekua emateko gai izatea. Horren gustuko dudan Peter Senge-ren metafora erabiliz, aldaketa dantza bat da, eta derrigorrezkoa dugu erakundearen barruan erabiltzen diren erritmo desberdinetara egokitzea.

Errespetuak pazientzia dakar (lortu nahian gabiltzan aldaketaren neurriaren tamainakoa), baina irmotasuna ere oinarri-oinarrizkoa da. Aurrera atera nahi dugunarekiko koherentzia eta uste osoa frogatzen dituen erritmo argi eta esplizitua mantentzea. Horren haritik, Aurrerabideren sustraiak aurreko legegintzaldian zabaldu eta oraingo legealdian hazi eta gorpuztu izana, den-denok zoriontzeko modukoa dela uste dut, Eusko Jaurlaritzak erakunde gisa, gorabehera politikoen gainetik eta beste legealdiren bat ere beharko duen aldaketa-proiektu estrategiko hau denboran mantentzeko duen gaitasuna frogatu duen heinean.

Irmotasun hori ondo frogatuta geratu da, halaber, Jaurlaritzako Zuzendariek (Sailburu eta Sailburuordeen ondorengo hirugarren maila politikoari dagozkionak) Jaurlaritzako erantzukizun-maila goreneko funtzionariekin batera Egiten Ikasiko saioetan izandako parte-hartze jarraituaz. Aurrerabideren onarpenaz azpimarratuta geratu den konpromiso politiko horrek hasitako prozesua indartu eta erakunde osora zabaltzeko aurrerapauso berriak ematea ahalbidetuko du.

Hala ere, kudeaketa aldatzeak erakunde barruko kultura aldatzea dakar. Zenbaiten esanetan, tamaina honetako aldaketa batek bost urte behar izaten ditu, gutxienez, lehen emaitzak ematen has dadin. Beraz, bide luzea egin behar dugu oraindik, pazientzia handia landuz eta irmotasun handia azalduz. Bidean, han-hemenka agertuko dira kontraesanak, inkoherentziak, gatazkak. ez dago krisirik zeharkatzen ez duen aldaketa-prozesurik. Talde sustatzailearen sendotasuna, sortutako sarea, eraikitako sinesgarritasuna eta frogatutako ekintzak giltzarrizkoak izango dira eragozpen guztiak gainditzeko eta Eusko Jaurlaritza kudeaketa publiko aurreratuaren erreferentzia bihurtzeko.