Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Lehen BPPak urte berri zoriontsua eta 2014rako desiorik onenak opa dizkizue agur esateko

Lehen BPPak urte berri zoriontsua eta 2014rako desiorik onenak opa dizkizue agur esateko

egilea: PIP taldea, Abendua 27, 2013

2013. urtearen amaierarekin batera,  Eusko Jaurlaritzaren lehen Berrikuntza Plana ere bukatu da. Hauxe izan da Planaren helburua: "Administrazio berritzailea eta irekia sortzea, gizarteari kalitatezko zerbitzuak, eraginkorrak, efikaziadunak eta seguruak emango dizkiena, ingurunearekin elkarlanean eta herritarren parte-hartze aktiboa aintzat hartuta; hau da, pertsonak izango dira aldaketaren protagonista. Hori guztia, gainera, gobernantza-balio berriak oinarri hartuta egingo da, hots: irekia izatea, emaitzetara bideratutako orientazioa, gardentasuna eta berrikuntza".

Lan handia egin dugu urte hauetan guztiotan, ilusio handiz eta sinesmen osoz, hasiera-hasieratik. BPPa landu duen lantalde osoaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu lehen Plan honetan parte hartu duten guztiei berrikuntza publikoaren alde egindako lan bikainagatik, betiere hiritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko helburuari begira.

Zorionez, Javier Bikandik aurreko post batean azaldu zuenez, BPPa ez da hemen amaituko, eta datorren urteko lehen hiruhilekoan, 2014-2016rako Berrikuntza Publikoaren Bigarren Plana abiaraziko da lehenengo Planaren bilakaera gisa eta hiritarrei protagonismo osoa emateko asmoz.

Beraz, betiko agur esan beharrean, BPParen lantaldean, 2013. urteko azken post honetaz baliatu nahi dugu gero arte esateko eta BPParekin bat eginda egon zareten guztioi 2014. urte zoriontsu, oparo eta berritzailea opatzeko.

Zorionak eta urte berri on!