Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Abian da Euskadirentzat Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuria egiteko prozesua

Abian da Euskadirentzat Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuria egiteko prozesua

egilea: Koldobike Uriarte, Abendua 19, 2013

Atzo, abenduaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak Innobasque-rekin (berrikuntzarako lankidetza-partzuergo publiko-pribatua) lankidetzan deitutako ekitaldi parte-hartzaile batera joateko aukera izan genuen, eta 130 lagun baino gehiago elkartu ginen. Euskadirentzat Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuria egiteko prozesua abian jartzeko zen ekitaldia. Hiru lurralde mailetako ordezkari instituzionalak, gizarte zibileko elkarteak, plataforma zibikoak eta herritarrek ideiak eta iritziak trukatu dituzte: herritarren parte-hartzea zer den eta zer ez den, parte-hartze prozesuez baliatzeak herritarrentzat eta erakundeentzat zer dakarren, eta Euskadirentzat egin nahi den Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen liburu horrek zer eduki bildu behar dituen.

Ekitaldiari hasiera emateko, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak hartu du hitza, Josu Erkorekak, eta publikoaren zentzuari balio handiagoa eman beharra azpimarratu du, denoi baitagokigu publikoa den horren jabetza, erantzukizuna eta erabilera. Ildo horretatik, adierazi du eredu ekonomiko eta enpresarialak eta eredu sozial eta politikoak uztartzeak, interes kolektibo eta interes indibidualen arteko oreka handiagoa lortuta, giza garapen iraunkorrean oinarritutako Euskadi batera eramango gaituela, eta, hortaz, aurrerabide sozialera.

Erronka zaila da, eta talentuz, konpromisoz eta ekiteko modu berrien bidez heldu behar zaio. Erakundeek, herritarrek eta eragile pribatuek elkarlanean jardun behar dugu; balio publikoa sortu behar dugu, erantzun baliagarriak eta eraginkorrak emanez eskakizun sozialei, gizarte osoaren egoera hobetu egingo baita horrela, eta deliberazio demokratikoa sustatu behar dugu horretarako, komunitatea, herritartasuna eta benetako demokrazia sortuz.

Jardunaldiak aurrera egin du, Joaquím Bruguéren azalpenarekin. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da, eta Kataluniako Generalitateko Herritarren Parte-hartzeko zuzendari ohia. Herritarren parte-hartze prozesuak sustatzen dituztenek zein zailtasunei aurre egin behar dieten eta parte-hartzea eraginkorra izan dadin zein baldintza bermatu behar diren azaldu du, eta gaineratu du demokrazia parte-hartzailean aurrera egitea beharrezkoa dela, baldin eta aniztasun sozialaren interesei gehiago begiratuko dieten gobernuak, kalitate handiagoko politika publikoak eta bizitza publikoa antolatzeko prozesuetan parte hartzen duten herritarrak nahi baditugu, gizarte zibil indartuarekin batera. Parte-hartzea ez da beti, ez da ia inoiz, bide erraza, baina horixe da bide bakarra gizarte gisa ditugun nahiek eta gure amets kolektiboek bat egiten duten lekura iristeko. "Herritarren partaidetza, hain zaila, hain beharrezkoa".


Ondoren, prozesu parte-hartzaileari ekin zaio, eta ekarpenak agiri batean bildu dira; agiria eskuragarri egongo da INNOBASQUE-ren web orrian eta IREKIAn.

Ekitaldi hau prozesu parte-hartzaile baten lehen mugarria da, eta prozesu horren xedea da ahalik eta eragile publiko eta pribatu gehien inplikatzea Euskadirentzat Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuria egiten; izan ere, batera aritzeko proposamenak bildu nahi dira liburuan, guztioi geure aurrerabidea guk geuk eraikitzeko konpromisoa eta adorea emango digutenak.

Ekitaldi hau baliatuz, "Nudos en la participación" liburuaren edizio elektronikoa jendaurrean aurkeztu da. INNOBASQUEk,  gobernantza eta parte-hartzearen italdearen esparruan, sarean egindako lanaren emaitza da. Herritarren parte-hartzeak izaten dituen korapilo, oztopo eta arazo ohikoenak biltzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzak arduradun politiko eta teknikoei orientatzeko argitaratu du, arazo horiei aurre hartzea eta konponbidea aurkitzea errazago izan dadin. Lana benetako kasuak oinarri hartuta egin da, neurri desberdineko 26 udalerri (13 EAEkoak eta beste 13 Estatukoak) eta udalez gaindiko 3 gobernu aztertuta, eta elkarrizketatuek hitzez hitz esandakoak sartu dira, irakurleari lehen eskuko informazioa emateko.

Liburu Zuria egiteko proiektuak Elkarrekin Eraikiz - Cocreando valor público leloa aukeratu du, "orri zuria" baitu abiaburu, eta denon artean elkarlanean jardunez idatziko baitugu, ikuspegiak elkarri azalduz eta kontsentsu eta adostasunetara iristen saiatuz, konpromiso kolektiboaren mesedetan betiere. Aditu-talde bat arituko da prozesua egokia dela bermatzen, eta ahaleginak eta bi egingo ditu herritar-taldeei bidean sortzen diren proposamenen berri emateko, herritarrek haien gaineko eztabaida eraikitzaileak izan ditzaten.

Gizarte modernoek ez dute etengabe gogoeta kolektiboa egitea eta bere potentziala erabiltzea beste biderik, ikuspegi partekatu baten bidez, herritarren komunitateak giza aurrerabide iraunkorraren alde bat egin dezan. Horretarako, erakunde publikoek herritarren artean sinesgarritasuna lortzeko lan egin behar dugu, parte-hartze eraginkorrerako bitartekoak eta bideak abian jarriz, konfiantza- eta tolerantzia-giroa sor dadin; eta, halaber, euskal herritar gisa, parte-hartze prozesu horietan inplikatu behar dugu, gure eskubideak baliatuz eta obligazioak geure eginez. Beharrezko dugun eraldaketa sozialaren prozesua bultzatuko dugu horrela.