Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Euskadiko enpresek, bereziki, eta herritarrek, oro har, gero eta gehiago erabiltzen dute Administrazio Elektronikoa

Euskadiko enpresek, bereziki, eta herritarrek, oro har, gero eta gehiago erabiltzen dute Administrazio Elektronikoa

egilea: PIP taldea, Abendua 10, 2013

Euskadiko Administrazio Elektronikoaren barometroak eskaintzen dizkigun datuen arabera euskadiko enpresek eta herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dute adminsitrazio elektronikoa . Jarraian datu nabaremenak aurkezten ditugu:

Enpresei dagokienez, zera nabarmendu daiteke:

  • 2000 eta 2008 urteen artean, Administrazio Elektronikoaren erabileran (aurrerantzean, AEE) hazkunde handia gertatu zen. 2009tik 2012ra, berriz, krisi ekonomikoaren garai berean, nabarmen mantsotu da hazkundea.
  • Hain zuzen ere, 2012an, % 50,3koa zen AEE establezimenduen artean (lehen sektorekoak alde batera utzita), nahiz eta 2008an dagoeneko 41,6ra iritsia zen.
  • Are gehiago, 2010ean, jaitsiera txiki-txiki bat gertatu zen 2009arekin alderatuta. Dena den, 2011n eta 2012an berriz ere goranzko joera hartu zuen. Aipatzekoa da, era berean, 10 langile edo gehiago dituzten enpresetan, 2012an, AEEa ia % 89koa zela.
  • Establezimenduen % 22,5ek administrazio-prozedurak modu erabat elektronikoan izapidetu ahal izan zituzten 2012an.
  • 2012an, halaber, Euskadiko establezimenduen % 43k baino gehiagok foru aldundiekin harreman elektronikoa izan zuten, ia % 36k Estatuko Administrazioarekin, % 33k baino gehiagok Eusko Jaurlaritzarekin, % 22 inguruk toki-erakundeekin eta % 5ek EBrekin eta bestelako administrazioekin.
  • 2008an, lehen sektoreko establezimenduen AEEa % 5etik gorakoa zen (2003tik bost bider handitu zen zifra), baina 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan kopurua % 60raino igotzen zen.

Eta herritarrei dagokienez, aipagarriena hauxe da:

  • 16 eta 74 urte bitarteko herritarren ia % 36 lehiatila elektronikoetako ohiko erabiltzaileak izan ziren 2012ko azken hiruhilekoan. Emakumeen kasu zehatzean, ehunekoa txikiagoa izan zen (% 34koa besterik ez).
  • Enpresen kasuan gertatzen zen bezala, krisi ekonomikoaren garaiari dagozkion ekitaldietan, AEEa mantsotu egin da herritarren artean, eta urteetako batean, 2012an, aurreko urtekoa baino txikiagoa izan da. Hala ere, 2013an joerak goranzkoa izaten jarraitzen du.
  •  Administrazioen webguneen aipamenetatik abiatuz, % 75 baino pixka bat gehiago Eusko Jaurlaritzarenei dagozkie, % 7,5 foru aldundienei, % 4,5 udalenei eta % 12 baino pixka bat gehiago EHUrenei.