Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzak Open Data Euskadiren datu irekietan oinarritutako Gardentasunari buruzko grafiko berriak argitaratu ditu

Eusko Jaurlaritzak Open Data Euskadiren datu irekietan oinarritutako Gardentasunari buruzko grafiko berriak argitaratu ditu

egilea: PIP taldea, Abendua 16, 2016

Joan den azaroaren 23an, Open Data Euskadiko lankideek iragarri zuten beren webgunean Eusko Jaurlaritzak gardentasunari buruzko grafikoak sortu eta argitaratu dituela Open Data Euskadiko datu irekietan oinarrituta. Adierazi zutenez, "bisualizazio hauek datuak hobeto ulertzen laguntzen digute, konparazioak egiteko eta denboran zehar izandako eboluzioa ikusteko aukera emanez".

Grafiko horietako batzuk "Eguneroko kudeaketa publikoaren gardentasuna" delako jardunaldian jarri zituzten ikusgai azaroaren 11n, Bilboko Euskalduna Jauregian, "Euskal Herriko Kudeaketa Aurreratuko Europako Astearen" 22. edizioaren barruan, blog honetan bertan jakinarazi genuenez.

Grafiko hauen argitalpenak helburu bikoitza dauka:

  • Baliabide publikoekin zer gertatzen den ulertzea, administrazio gardena bultzatuz.
  • Erakundearen barruan datu-irekien aldeko jaraitzaileak irabaztea: behin datuak formatu berrerabilgarrietan eskuragarri jarrita, grafikoak sortzea errazago eta azkarrago egin daiteke, eta ondorioz, administrazio barruko kideek datu publikoak irekitzearen onurak zuzenean konprobatzen dituzte.

Hauexek dituzue Eusko Jaurlaritzako Gardentasunari buruzko grafiko horietarako estekak:

Herritarren eskaerei buruzko estatistikak
Zein arlotan izaten dira eskaera gehiago? Zenbat egunetan erantzuten dituzte? Eusko Jaurlaritzari herritarrek egindako eskaera motak ikus ditzakezu eta zenbat denbora behar duen administrazioak haiek erantzuteko.
Kargudun eta konfidantza lanpostuen ordainsariak
Zenbateko soldatak jasotzen dituzte gure buruzagiek? 2009. urtetik hona Eusko Jaurlaritzako, bere erakunde autonomoetako eta enpresa publikoetako goi-kargudunen ordainsariak erakusten ditugu.
Emandako diru-laguntzak
Eusko Jaurlaritzako zein arlok ematen ditu diru-laguntza gehiago? Grafiko hauek 2015 eta 2016. urteetan Eusko Jaurlaritzak eta bere erakunde autonomoek emandako diru-laguntzen banaketa azaltzen dute.
Eusko Jaurlaritzako eta bere erakunde autonomoetako lanpostuen zerrenda
Langileei zein euskara maila eskatzen zaie? Langileen artean zenbat dira funtzionarioak? Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Autonomoetako eta Jaurlaritzaren Sailetako lanpostuen zerrenda kontsulta dezakezu, sailaren, arloaren, hizkuntza eskakizunaren eta kontratu-motaren arabera sailkatuta.
Prozeduraren arabera esleitutako kontratuak
Zenbat kontratu txiki esleitzen ditu Jaurlaritzak? Administrazioak nola kontratatzen duen ikus dezakezu, hau da, 2014. urtetik hona kontratuak esleitzeko erabili dituen prozedurak.
Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak
Zein partidatan gastatzen du gehiago Jaurlaritzak? 2003. urtetik zeintzuk igo dira eta zeintzuk jeitsi? Grafiko hauek orain dela urte batzuk Lehendakaritzak garatu zituen aurrekontuak grafikoki eta modu errazago batean erakusteko asmoarekin. 2003. urtetik hona izandako eboluzioa ikus daiteke.
Hauteskundeen emaitzak
1977. urtetik hona nola aldatu da bozkatzeko modua? Bisualizazio hauetan Euskadin egindako hauteskunde autonomiko eta orokorretan izandako botoen eboluzioa ikus daiteke. Erabiltzaileak blokeak sor ditzake, alderdiak taldekatuz.

Amaitzeko, Open Data Euskadik egiten duen lan handia eta gardentasunak izan duen eta legealdi hasi berri honetan izango duen protagonismoa nabarmendu nahi ditugu.