Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

12 ohar Eusko Jaurlaritzaren gardentasun ereduari buruz

12 ohar Eusko Jaurlaritzaren gardentasun ereduari buruz

egilea: PIP taldea, Azaroa 15, 2016

Joan den ostiralean, azaroak 11, Eusko Jaurlaritza aurrera bultzatzen ari den gardentasun ereduari buruzko jardunaldia egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian, "Euskadiko Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astearen" 22. edizioaren barruan.

"Gardentasuna ohiko kudeaketa publikoan" izenburuko ekitaldiak euskal administrazio publikoetako teknikariak eta arduradun politikoak bildu zituen herritarrekin batera. Agerraldietan, honako hauek izan ziren hizlari: Javier Bikandi, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaria; Koldobike Uriarte, gardentasun eta gobernu onaren arloko berrikuntza publikoko proiektuen arduraduna, eta Imanol Argüeso, Open Data Euskadi kudeatzen duen gardentasun unitateko teknikaria.

Bere agerraldian, Javier Bikandik balio publikoa sortzea xede duen Gobernantzaren oinarriak nabarmendu eta Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun eredua aurkeztu zuen. Gardentasuna eta Gobernu Ona dugu, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako onartutako Berrikuntza Publikoaren Planak ezarriak dituen ardatzetako lehena, baita Gobernuaren legealdiko lehentasunetako bat ere. Hemen ikus dezakezue Bikandiren aurkezpena.

Koldobike Uriartek, bestalde, Gardentasunaren esanahiari buruzko eztabaida ireki eta horren inguruan baztertu beharreko estereotipo batzuk aipatu zituen. Gainera, Gardentasunean aurrera egiteko jorratu beharreko 3 lan-ildo nagusiak nabarmendu zituen: antolatzeko era berri bat, lan egiteko kultura berri bat eta, jakina, kudeatzeko tresna berri batzuk. Hauxe da Prezin landu zuen aurkezpena.

Azken hitzaldian, Imanol Argüesok argi eta garbi azaldu zuen zer den "Open Data" eta zeintzuk diren datu irekien argitalpenaz lortu nahi diren helburuak, Eusko Jaurlaritzaren Open Data Euskadi ereduaren funtzionamenduari buruzko xehetasunak partekatuz eta balio ekonomikoa sortzeko datu horien berrerabiltzeari buruzko zenbait adibide praktiko eskainiz. Hona hemen erabilitako aurkezpena:

Post honetan, ekitaldi horretan gardentasunari buruz sortutako ideia edo ohar batzuk nabarmendu nahi ditugu. 12 puntutan laburbildu ditugu:

1- Gardentasunari buruzko Lege bat izatea oso garrantzitsua da, baina ez nahitaezkoa gardenak izateko: gai hau arautzen duen lege-esparru bat izatea positiboa izaten da beti, baina izate hutsak ez du bermatzen % 100 beteko denik.

2- Herritarrek jakiteko eta ulertzeko eskubidea dute: dagoen eta ez dagoen informazioa ezagutu behar du. Gainera, informazio hori ulertu eta intepretatzeko moduan eskuratzeko aukera eskaini behar da (hizkera argiaz, erraz interpreta daitezkeen irudikapen grafikoez eta deskribapenez hornituta, beste interpretazio batzuk ahalbidetu ahal dituzten datu irekiez, etab.).

3- Gardentasunak ez du ustelkeria garbitzen, baina korapilatu egiten du: erabateko gardentasuna eskatzeko aukera egoteak pertsona ustelen jokabidea eragotzi eta gizarte bezala hobetzen gaitu.

4- Ez du ekartzen botere-galerarik: partekatzea zilegitasuna irabaztea da. Gardentasunak konfiantza sortu eta uste okerrak baztertzen ditu.

5- Gardentasuna betebeharra da: baliabide publikoak kudeatzen dituen edozein administrazio publikorentzat, nahitaezkoa da herritarrei kontuak ematea.

6- Gardentasun-sailkapenek balio dute: presioa egiteko neurri eraginkorrak dira, nahiz eta batzuetan benetako datu garrantzitsuak argitaratzen ote diren zalantzan jar daitekeen.

7- Aukera bat da, ez eragozpen bat: gardentasuna kudeaketa onari eusteko aukera bat da, baina Administrazioaren eta langileen ahalegina eta konbentzimendua behar ditu.

8- Gardentasunak antolatzeko eta lan egiteko kultura berri bat eskatzen du: Pertsonen pentsamoldea aldatzea dakar, konbentzitzea, prestakuntza ematea, ondo komunikatzea, etab., eta bultzatu nahian gabiltzan aldaketa horretan guzti-guztiok bat eginda gaudela ulertzea, erakundeen barruan gertatzen dena kanpotik ere normaltasun osoz ikusi ahal dadin.

9- Teknologia garrantzitsua da, baina ez da aitzakia: teknologiarik ezak gardentasunean aurrera egitea baldintzatzen du, baina teknologiak ez du gardentasuna ordezkatu behar. Gardentasun ataria tresna egokia izan daiteke, kultura, kudeaketa eta konpromisoa egonez gero.

10- Informazio publikoak eskuragarria eta berrerabilgarria izan behar du: betiere kontuan hartuz datu pertsonalen erabilera egokiak, jabetza intelektualak, segurtasunak eta abarrek ezarritako "mugapenak".

11- Administrazioak datu masiboak (BigData) sortu eta kontsumitu ere egin behar ditu: administrazio publikoak partekatzen dituen datu masiboak gizartearen mesedeko ezagutza eta balio iturriak dira berez, baita alderantzizko zentzuan ere (Administrazioa gizarte-eragileek hornitutako datu-multzo handiez elika daitezke eskaintzen dituen zerbitzuen mesedetan).

12- Datu irekiek aberastasuna sortzen dute: gizarte osoari balioa ematen dioten ezagutza eta informazio iturriak dira, eta balio ekonomikoa ere sorraraz dezakete.

Hauexek dira jardunaldi horretatik atera ziren ideietako batzuk, baina ziur askoz ere gehiago daude. Besteren bat gaineratu nahi duzu iruzkinetan? Eskerrik asko