Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Zirkular, jarraibide eta zerbitzu-aginduen tramitazio elektronikoa Eusko Jaurlaritzan

Zirkular, jarraibide eta zerbitzu-aginduen tramitazio elektronikoa Eusko Jaurlaritzan

egilea: Monica Soto del Rio, Urtarila 28, 2016

Azken urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak urrats garrantzitsuak egin ditu prozeduren administrazio-tramitazioa sinplifikatzeko, eta komunikazioaren kalitatea hobetzeko, bai administrazioa osatzen duten organoen barruan, bai herritarrekiko harremanetan ere, prozesu horietan, oro har, eraginkortasuna eta efizientzia handitzeko berariazko helburuarekin.

Tramitazio Elektronikoaren Plataforma Komunaren bidez tramitazio elektronikoa erabiltzea, bai administrazioak berak ofizioz hasitako prozeduretan eta bai barruko komunikazio-prozesu eta harremanetan, finkatuta dagoen jardunbidea dela esan daiteke, eta Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 29. artikuluan ezarritako agindua betetzen dela horrela; hauxe xedatzen du artikulu horrek: «arrazoi tekniko funtsdunak direla-eta ezinezkoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu bai bere organoen arteko komunikazioetan (.)».

Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat egin du administrazioaren antolaketari berari lotuta dauden zirkular, jarraibide eta zerbitzu-aginduak, ebazpenak edo administrazio-egintzak lantzeko espedienteen tramitazio elektronikoarekin.

Eraiki den egoerarekin, agiriak lantzeko prozesuan Tramitagune aplikazioan tramitazio elektronikoa egitea da helburua, eta jarduteko eredu uniforme eta egituratu bat onartu da -eztabaida semantikoetan sartu gabe ea ebazpenei edo administrazio-egintzei instrukzio, zerbitzu-agindu, zirkular ala jarraibide deitu behar zaien, eta zehaztasun doktrinalak alde batera utzita haietako bakoitzaren askotariko edukiak zehaztu eta bata bestetik bereizi nahian-.

Tramitagunen konfiguratu den Zirkular, Instrukzio eta Zerbitzu Aginduak Tramitatzeko Oinarrizko Eredu horrek aintzat hartzen du gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 7. artikuluko publikotasun aktiboko betebeharra; artikulu horrek xedatzen du argitaratu egin behar direla «jarraibideak, instrukzioak, erabakiak, zirkularrak edo partikularrek edo beste organo batzuek egindako kontsulten erantzunak, zuzenbidea interpretatzen badute edo ondorio juridikoak badituzte». Halaber, Ereduak aintzat hartzen du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa; lege hori, azken xedapenetako ezarpen batzuk izan ezik, 2016ko urriaren 2an jarriko da indarrean, eta hau dio 6.1 artikuluak: «Xedapen jakin batek hala ezartzen duenean, edo komenigarri irizten zaionean hartzaileengatik edo sor daitezkeen ondorioengatik, instrukzioak eta zerbitzu-aginduak dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko dira, eta, gainera, zabaldu egingo dira gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutakoaren arabera». Horrela, mota horretako espediente bati alta ematerakoan, zehaztu egin beharko da ea sortzen den ebazpena edo administrazio-egintza argitaratu egin behar den, hots, erabaki egin beharko da ea publikotasun aktiboko betebeharra duen espedientetzat dagoen tipifikatuta ala publikotasun aktiboko betebeharrik ez duen espedientetzat.

Bestalde, zirkular, instrukzio edo zerbitzu-aginduaren edukia aztertuta, zehaztu egin beharko da ea espedientean jaso egin behar den organo sustatzailearen saileko aholkularitza juridikoaren txosten juridikoa eta, hala dagokionean, sail bereko edo beste sail bateko beste administrazio-organo baten txostena. Gainera, kasuan kasuko ebazpen-proposamen edo administrazio-egintzarekin batera, erantsi beharrekoa dela irizten zaion beste edozein dokumentu gehituko zaio espedienteari, hala nola justifikazio-memoria.

Beste behin, nabarmendu egin behar da aurreratu egin dela ikuspuntu teknikotik, bi motatako zirkular, instrukzio eta zerbitzu-agindu horiek gauzatzeko jardun eta prozesuak aztertu ondoren. Proiektu horretan lagundu duen talde baten parte-hartzeari esker egin dira aurrerapen horiek; tramiteetan zeregin garrantzitsua betetzen duten administrazio-organo horizontaletako eta sail guztietako pertsonak egon dira talde horretan.