Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Abian jarri da Euskadiko LAGak berraztertzeko parte-hartze prozesua.

Abian jarri da Euskadiko LAGak berraztertzeko parte-hartze prozesua.

egilea: PIP taldea, Azaroa 23, 2015

Gaur, azaroak 23, Lurralde Antolamendurako Gidalerroak modu parte-hartzailean berraztertzeko prozesua abiarazi da, UPV/EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan gaur eta bihar, "Lurralde Antolamendu berri baten bektoreak. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Berrikuspena" izenburupean egingo den Euskal Hiria Kongresuaren XIV. edizioaren barruan, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ana Oregi Ingurumen Sailburua, Norman Foster arkitekto ezaguna eta lurralde-plangintza, hirigintza, arkitektura eta ingurumenaren arloan trebatuta dauden adituak tarteko direla.

Lurralde Antolamendurako Gidalerroak (LAG) 1997an onartu zirenetik ia hogei urte igaro direla, 2015eko uztailean, Gobernu Kontseiluak LAGak berrikusteko prozesu bati ekitea erabaki zuen, parte-hartze prozesu zabal batean oinarrituta nagusiki -erakunde publikoak, eragile sozioekonomikoak, politikoak eta herritarrak-, hartutako esperientzia kontuan hartuta eta Euskadiko lurralde antolamenduaren erronka berriei erantzuteko asmoz.

LAGak era parte-hartzailean berraztertzeko prozesua Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zurian bildutako proiektu pilotua da, eta kultura parte-hartzailea finkatzen lagunduko du osasunari, klima-aldaketari, generoari, euskarari, ekosistemei, landa-eremuari nahiz hiri-eremuari dagozkion politikekin zuzen-zuzenean lotuta dagoen lurralde antolamenduaren arloan.

HHABHZ-k (Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Hobetzeko Zuzendaritza)  Kongresu honetako mahainguruetako bat koordinatuko du, parte-hartzearen gaia aztertzeko.

Hemen duzue Kongresuaren egitaraua:

Euskal Hiria Kongresuaren XIV. edizioaren egitaraua [PDF 554 KB)

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroak Berrikusteko prozesu hau jarraitu eta bertan partehartzeko, esteka hauek uzten ditugu:

Oinarrizko Dokumentua - Dokumentu Exekutiboa Facebook-eko orria Irekia-ren bitartez