Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Natura eta herritarren zientzia: lankidetzan parte hartzearen eredua

Natura eta herritarren zientzia: lankidetzan parte hartzearen eredua

egilea: Marta Iturribarria, Azaroa 18, 2015

Gure ongizatea eta bizi-kalitatea kapital naturalean datza, hau da, biodibertsitatean, barne hartuta oinarrizko ondasun eta zerbitzuak ematen dituzten ekosistemak (besteak beste, lurzoru emankorrak eta baso multifuntzionalak, lur eta itsas joriak, kalitate oneko ur geza eta aire garbia, polinizazioa, erregulazio klimatikoa eta muturreko hondamendien aurkako babesa).

Biodibertsitatearen alorrean, 2020. urterako, mundu mailan eta Europa mailan aurreikusi diren helburuak lortzeko, beharrezkoa dugu biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak hobeto ulertzea, hartara politika egokiak lantzeko. Horretaz gainera, baitezpadakoa da interesdun guztion konpromiso betea: denok gara arazoaren partea, eta soluzioarena. Herritarren ekimen zientifikoak baliabide ezin egokiagoak dira kalitateko datuak biltzeko eta, horrekin batera, herritarrak mugiarazteko biodibertsitatea kontserbatzearen aldeko jardueretan parte har dezaten.

Kalitateko demokrazia batek bere muinean itsatsita eraman behar du instituzioen eta gizartearen artean elkarri etengabe entzuteko eta erantzuteko jarrera; izan ere, herritarren parte hartzea beren lurraldeko bizitza publikoan eta politikoan, sistema demokratikoaren indargarria izateaz gain, konpromiso kolektiboaren bultzatzailea da, bai eta biderik onena ere adimen kolektiboa guztion ongiaren zerbitzuan jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak eta beste administrazio publiko batzuek urte batzuk daramatzate boluntarioak eta natur elkarteak partaide dituzten natura babesteko proiektuak finantzatzen. Nahiz eta diru publikoaz finantzatuta egon, proiektu hauen bitartez lortzen diren datuak ez dira egoten denontzat ikusgai edo erabiltzeko moduan, eta, are, askotan batzuek ez dituzte ezagutzen beste batzuek lantzen dituzten proiektuak.

Gure helburua da komunitate bat sortzea natura babesteko xedearen inguruan, eta boluntarioek eta natur elkarteek egiten duten lan bikainaren balioa nabarmentzea eta ikusgai jartzea. Gainera, datuen azpiegiturak, plataformak eta protokoloak lantzen ari gara, datuak sistema eta diziplina ezberdinetan uler daitezen, datuak eta zerbitzuak partekatu eta berrerabil daitezen, eta datuon zehaztasuna eta kalitatea bermatu dadin.

Iaz, "Biodibertsitateari buruzko herritarren zientziako plataforma baten oinarriak eraikitzen" izeneko jardunaldi-lantegia egin genuen, eta bertan 40 bat espezialista bildu ziren, zenbait arlo eta erakundetan jatorria zutenak (Estatuaren administrazio orokorra, autonomikoa, forala eta tokikoa, unibertsitateak, natur elkarteak eta talde ekologistak, ikerketa-zentroak, aholkularitza- eta teknologia-enpresak, eta abar). Bilkuraren helburua ideiak eta esperientziak konpartitzea zen, abiaburuko egoera analizatzea eta herritarren zientziaren alorrean eta biodibertsitateari buruzko datu-bilketaren alorrean lan-ildoak zehaztea. Oso esperientzia interesgarria izan zen, eta parte hartzaileek oso positiboki baloratu zuten. Jardunaldiak balio izan zuen halaber harremanak ehuntzeko, eta horren emaitza dira aurten, azaroaren 18an eta 19an, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egingo dugun II. Jardunaldian aurkeztuko diren proiektuak.

II. Jardunaldiaren formatua iazkoa bera izango da: martxan dauden proiektuen aurkezpen laburrak, eta lan-saio bereziak (mahai-inguruak, eztabaidak eta abar), zeinek lagunduko baitigute identifikatzen zein diren lehen mailako datuak (landa-lanean) biltzen dituzten kolektiboen beharrizanak, eta adosten zein diren baliabideak optimizatzen eta datuen kudeaketan eta ustiaketan efizienteago izaten erraztuko diguten lan- eta proiektu-ildoak sostengatzen dituzten oinarriak.

Informazio guztia eta programa bera hemen dago: http://natura.blog.euskadi.net/events/ii-jornadas-de-naturaleza-y-ciencia-ciudadana/. Bertan jarriko ditugu bideo, aurkezpen, ondorio eta konpromiso guztiak.