Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

euskadi.eus gara dagoeneko

euskadi.eus gara dagoeneko

egilea: Web Zerbitzua, 

Abenduaren 3an ospatutako Euskararen Nazioarteko Egunaz geroztik, euskal Administrazio Publikoaren webgune ofiziala ".eus" domeinuan ere dago eskuragarri. Horrenbestez, www.euskadi.net-en ordez www.euskadi.eus izendapena onartu zuen Gobernu Kontseiluaren uztailaren 29ko erabakia mamitu da. Honela, euskal Administrazio Publikoak, "PuntuEus" fundazioak euskara bultzatzeko sustatu duen domeinu berriaren erabilerarekin bat egin du. Tentu handiz egin beharreko lana izan da, faktore asko gogoan erabiltzera behartu gaituena, herritarren eta Jaurlaritzaren arteko hartu-emanei eragin gabe, kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko asmoz. Proiektua aurrera ateratzeko, lantalde bat osatu zen, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako langileak, zuzendaria barne, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko langileak, Gobernu Irekiko zuzendaria eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendaria tarteko zirela. Beraz, baliabide propioekin gauzatu beharreko proiektua da. Gobernu Kontseiluaren erabakiaz hartutako konpromisoaren arabera, eduki guztiek migratuta egon behar dute 2015eko lehen hiruhilekoan, baina geure buruari ezarri diogun egutegiari jarraiki, urtarrilaren 31rako migrazioa osatuta egongo da, egoitza elektronikoarena ere bai, euskadi.net-era eramango duten aplikazio batzuk izan ezik. Hauen arduradunek 2015. urte osoko epea dute aplikazio horiek berrikusteko. Era berean, posta elektronikoko helbide guztiak xxxxxx@euskadi.eus izango dira martxoaren 31tik aurrera. Aldaketa honek 108/2004 dekretuari ere eragingo dio, eta ondorioz, interneteko maila goreneko domeinu berria euskadi.eus izango dela zehazten duen dekretu berriaren tramitazioa hasi da.