Lege-arau baten bidez errekonozitu diren biktimengana gerturatzeko aukera ematen dizu atal honek. Terrorismoaren eta indarkeriaren bidegabekeriak hil zituen herrikideen izen eta istorioak dira.
Terrorismoaren biktimei dagokienez, 1960tik aitortu diren kasuak biltzen dira, biktimak onartzeko legeetan oinarrituta: 29/2011 Legea , 32/1999 Legea (Estatuko araudia) eta 4/2008 Legea (araudi autonomikoa). Funtzionario publikoek giza eskubideak urratu dizkieten biktimei dagokienez, 107/2012 Dekretuak aitortutako kasuak jaso dira, 1960tik 1978ra bitartekoak.
Badira aitorpena jasotzeke duten biktimak. Horietako asko Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailaren 28an onartutako 12/2016 Legea garatu zain daude (giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legea).
“Aitortutako biktimak” izeneko atal hau ez da “datu-base” hutsa. Gizatasuna eta enpatia biltzen dituen gune bat da, eta biktima horietako bakoitzaren berri jakiteko eta pairatu zuen bidegabekeria aitortzeko bide ematen digute.