Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Arrasate-Bergarako (Debagoieneko) Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala Arrasate-Bergara Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (Debagoiena)

Aurkezpena

2005eko apirilaren 12an Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 87/2005 Dekretuaren bitartez onartu zuen Debagoieneko Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Plan hau.

Atseginez betetzen nau zorroztasun tekniko handiarekin egin den eta, era berean, ituntze-konpromisoari erantzuten dion dokumentu hau aurkezteak. Ildo horretan, azpimarratzekoa da erakundeek eta gizarteko taldeek egin dituzten ekarpenen kalitate handia.

Euskal Autonomia Erkidegoa benetako “eskualde-hiria” da, gaur egun erronka berriak aurrez aurre dituzten eta gizakien bizitzarako eta jarduera ekonomikoak, bizitegia, aisia, kultura, hezkuntza, azpiegiturak eta naturarekiko harremana garatzeko alternatiba berriak planteatzen ari diren munduko beste eskualde-hiri batzuen antzeko eskalako lurraldea hartzen duena.

Euskal Hiriaren edo euskal eskualde-hiriaren ideia euskal lurraldearen berezko lehia-abantailetan oinarritzen den etorkizuneko proiektua da, Europako ia herrialde guztiek erdietsi nahi ditugun lurralde-helburuen ildoan, hots, polizentrismoa, nortasuna eta eskualde-hiri izendatu ditugun errealitate berri hauek osatzen dituzten kokaguneen arteko osagarritasuna.

Helburu hauek lortu ahal izateko, Euskadi elkarren osagarriak diren eta guztien artean lurralde orekatu, lehiakor, erakargarri eta iraunkorragoa eraikitzeko aukera emango diguten tresna desberdinek osatutako lurraldea antolatzeko sistema batez baliatu da.

Lurraldea antolatzeko sistema berri horretan protagonismo berezia bereganatzen du Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetan mugatutako lurraldeko eremu funtzionalekin bat datorren "bitarteko lurralde-eskalak".

"Bitarteko lurralde-eskala" hori artikulatzeko, Lurraldearen Zatiko Planak (LZP) idazten ari dira eremu funtzional bakoitzean. Plan horietan eremu funtzional bakoitza barnetik egituratzeko mekanismoak proposatzen dira, euskal sistema hiritarrean beharrezko oreka eta gune eta lurraldeen bokazioen arteko osagarritasuna lortzeko asmoz. Planteatzen diren lurralde eta arloko estrategien asmoa udalerri guztietako biztanleentzako zuzkidura, ekipamendu eta zerbitzuen eskaintza optimizatzea da eta, horretarako, eskualde-mailako zerbitzuak eremu bakoitzeko gune egokienetatik eskaintzen ahalegintzen dira. Izan ere, landa-esparruak tamaina ertaineko hirietatik lurralde osorantz hedatzen diren berrikuntza eta garapeneko prozesuetara “hurbiltzea” ahalbidetzen duen lurralde arteko elkartasun-estrategia da guztiaren oinarria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek ezarritako eremu funtzionalaren mugaketaren arabera, Debagoieneko eremu funtzionala osatzen duten udalerrietako zortzi (Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate/Mondragon, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati) Gipuzkoako lurralde historikokoak dira eta bat (Aramaio) Arabako lurralde historikokoa. Berezitasun horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.1. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari dagokio Lurraldearen Zatiko Plana formulatzeko ekimena.

Plan honek, eremu funtzionalaren garapen iraunkorra bermatzeko, 16 urteko denbora-horizontean sortu behar diren lurralde-eragineko ekintzak koordinatzea du helburu.

Lurraldearen Zatiko Planean jasotzen denez, funtsezkoa da natura-ingurunea babestea eta balioz hornitzea. Hori dela eta, Urkiolako natura-parkea eta Aizkorriko parkearen proposamena jasotzeaz gain, Albinagoiko pagadia, Udalaitz eta interes naturalistikoko beste eremu batzuk eta beste enklabe interesgarri batzuk Babestutako Natura Espazioen Sarearen kategorian barne hartzea proposatzen du.

Ekipamenduei eta espazio libreei dagokienez, Planak ekipamenduak eremu funtzionalerako dituen ahalmenak aztertzen ditu, batez ere, Mondragon Unibertsitateari buruzkoak.

Lurraldearen ingurumen-kalitatea eta ahalmenak kontuan izanik, ereduaren funtsezko elementu gisa aurkezten da Bergaraldea, Oñati eta Leintz-Aramaioko hiru azpieskualdeen kohesioa. Hiru eskualde-burutzak lotzen dituen San Prudentzioko "interkonektorearen" bitartez bideratuko da hiru azpieskualde horien arteko kohesioa. Bestalde, ezinbestekoa izango da izaera "direkzionaleko" azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak ezartzea.

Etxebizitzari dagokionez, 9.536 etxebizitza berri proiektatu dira, eta horietako 2.510 babes ofizialeko etxebizitzak dira. Hazkundearen bidez hiru azpieskualdeen arteko oreka lortu nahi da, eta eskualde horiek tamaina-lerrunaren ikuspegitik balio egokiak badituzte ere, Bergaraldea zein Oñati beren ahalmenaren azpitik daude. Hortaz, bi horien pisua areago dadin proposatzen du Planak.

Baliabideen eraginkortasunaren eta optimizazioaren irizpide berei jarraituta, lurzorua gorde nahi da jarduera ekonomikoetarako. Horrenbestez, hainbat esku-hartze estrategiko proposatzen dira Garaian (50 ha), Garagaltza-Berezaon (30 ha), Eskoriatzan (6 ha), Zaldunbiden (Bergara) (6 ha) eta Deskargan (25 ha).

Azken finean, plan honek euskal lurraldearen "bitarteko eskala" artikulatzea du helburu, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen orientabide estrategikoak garatze aldera. Izan ere, eremu funtzionalari zuzen-zuzenean eragiten dioten gai zehatzetatik hurbilago dago, lurralde-oreka, garapena eta herritarren ongizatea erdietsi nahi dituen etorkizuneko proiektua proposatzen du-eta.

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailburua

Consejero de Ordenación del Territorio y Medio Ambiente

MARTA ALAÑA ALONSO

Hirigintza eta Ingurumen Foru Diputatua

Diputada Foral de Urbanismo y Medio Ambiente

KOLDO AZKOITIA ZUBIZARRETA

Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako Foru Diputatua

Diputado Foral para la Ordenación y Promoción Territorial

Azken aldaketako data: