Lan eta Enplegu Saila

Azken eguneratzea: 2012/09/25

Eusko Jaurlaritzak gizarte zerbitzuen eta Lanbideren arteko lankidetzaren protokoloa aurkeztu du

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak udalen gizarte‑zerbitzuekin lankidetzan aritzeko erakunde arteko akordioa aurkezteari ekin dio gaur. Akordio horrek bi helburu ditu: Diru‑sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzen duten pertsonak eta baliabiderik ez duten pertsonak gizarteratzea eta laneratzea. Ostegunean, Bizkaiko udalerrien txanda izango da; eta, azkenik, erakunde arteko lankidetza‑esparru hori Gipuzkoan aurkeztuko da, urriaren 2an, asteartearekin.

EAEko erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako formula horri esker —bertan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Lanbidek eta Eudelek hartu dute parte, eta SIIS erakundearen laguntza teknikoa izan dute—, banakako lan‑aktibazioko prozesuan, Lanbideko lanbide‑orientatzaileak oinarrizko gizarte‑zerbitzuetara bideratu ahal izango ditu enplegagarritasuna hobetzeko prozesuan eragina izan dezaketen beste premia batzuk dituzten pertsonak.

 Elkarrekin jarduteko protokolo horrek, halaber, udalen gizarte‑zerbitzuen eta Lanbideren artean informazioa trukatu beharra ezartzen du, betiere, gizarteratze aktiboko hitzarmenak ezartzen duenari jarraiki, prestazio ekonomikoren bat jasotzen dutenen lan‑ eta gizarte‑aktibazioa lortzeko.

“EAEko udal guztiekin lankidetzan aritzeko protokolo hau ezarrita, Jaurlaritzak Diru‑sarrerak bermatzeari buruzko legearen aldaketa legez bete du, eta diru‑sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) izeneko prestazioen guztizko kudeaketa Lanbideren esku uzteko prozesua burutu du”, eman du aditzera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

“Lankidetza berri honen onuren artean, aditzera eman behar da pertsonen arretan izan litezkeen bikoizketak kentzeko edo murrizteko balio izango duela, baita inor bi sistemen erdian trabatuta arretarik gabe ez geratzeko ere”, esan du Zabaletak.

Iazko abenduan, Euskadik gizarte‑prestazioak lan‑aktibazioari lotu zizkion. Europaren erdialdean eta iparraldean izugarrizko arrakasta duen eredu hori ezarri zuen lehen autonomia‑erkidegoa izan zen. 

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta udaletako gizarte-zerbitzuen arteko lankidetza gizarteratze aktiborako hitzarmenaren esparruan (pdf, 581 KB)