Lan eta Enplegu Saila

Azken eguneratzea: 2012/09/04

Abuztuan, 2.314 langile gehiago geratu dira langabezian Euskadin

Euskadin abuztuan jasotako langabeziak gora egin du aurreko hiletik; hain zuzen ere, 2.314 langabe gehiago jaso dira, eta dagoeneko 160.125 enplegu‑eskatzaile daude. Espainia osoan, 38.179 langabe gehiago jaso dira, eta, guztira, 4.625.634 langabe daude.

Igoera honek —% 1,47— Euskadin lau hilabetez segidan izan den beheranzko joera eten du. Eta, igoera izan bada ere, azken hamar urteotako bigarren abuzturik onena izan da.

Plangintza eta Enplegu sailburu Javier Ruizek datu horiek aztertu eta aditzera eman du "abuztuan ohikoa den bilakaera horrek apurtu egin du, batez ere udako zerbitzuak abian jartzearen ondorioz, aurreko hilabeteetako lanpostuak sortzeko joera. Hala ere, azken urteotako abuzturik onenetako bat izan da”.

“Dena den, Lanbiden lanean jarraituko dugu lanpostua galtzen dutenen enplegagarritasuna hobetzeko; hartara, ekonomia, krisialdi hau gaindituta, lanpostuak sortzen hasten denean, pertsona horiek guztiak enplegua bilatzeko ahalik eta baldintzarik onenetan egongo dira” gaineratu du.

Lurraldeen arabera, Bizkaiak izan du portaerarik onena; han, langabezia % 1,15 igo da (1.026 pertsona). Gipuzkoan, aldiz, jasotako langabezia % 1,44 igo da (635 pertsona). Araban, berriz, langabeziak % 2,63 egin du gora (653 pertsona).

Sexuen arabera, jasotako langabezia % 1,96 igo da gizonen artean (1.506 pertsona) eta % 1 emakumeen artean (808 pertsona).

Adin‑tarteei dagokienez, % 1,30 jaitsi da 25 urtetik beherakoen artean (162 langabe gutxiago). Aldiz, % 2,23 igo da 25‑45 urtekoen artean (1.839 pertsona), eta % 1,01 45 urtetik gorakoen artean (637 pertsona).

Sektoreen arabera, jasotako langabeziak behera egin du bai lehen sektorean (% ‑1,11; 27 langabe gutxiago), baita aurretik enplegurik ez zutenen artean ere (% ‑3,03; 429 langabe gutxiago). Alabaina, gora egin du industriaren sektorean (% 2,58; 623 pertsona), eraikuntzari lotutakoan (% 1,02; 194 pertsona) eta zerbitzuen sektorean (% 1,99; 1.953 pertsona).