Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Energia
 

2010erako Euskadiko Energia Estrategiaren bi ardatz nagusiak energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak dira.

Lehen helburu nagusia da urteroko kontsumoetan energia aurreztea, egungo joerekin aurreikusitako kontsumoekiko (% +3,4). Horrek, 2010. urterako, guztizko kontsumo teorikoa % 15 murriztea ekarriko du, joerazko hazkunde-ratioei eusten bazaie.

Bigarren helburu nagusia da energia berriztagarriak, Euskadin, lehen mailako energiaren kontsumoaren % 12ra iristea. Era berean, baterako sorkuntzaren gehi energia berriztagarrien partaidetza hornidura elektrikoan % 30ekoa izango da.

Energia-sistema finkatu egingo da, azpiegitura elektrikoak eta gas naturalekoak garatuz. Horrekin, batik bat, horniduraren kalitatea, jarraitutasuna eta lehiakortasuna ziurtatu nahi dira.

Energiaren esparruan, garapen teknologikorako jarraibideak eta I+G+b-ko baliabideak koordinatu eta lehenesteko ahalegina egingo da.

Energia Estrategiak nabarmen murriztuko ditu berotegi-efektua dakarten gas-isuriak, eta funtsezko elementua izango da Kiotoko helburuak lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak 4.900 milioi euro inbertituko ditu energiaren sektorean. Horietatik, 423 milioi euro inbertsio publikoari dagozkio. Inbertsio hori petrolioarekiko mendekotasuna murrizteko da, gas naturalaren eta energia berriztagarrien mesedetan. Eusko Jaurlaritzak helburu hauek ditu: petrolioaren erabilera-tasa % 36ra jaistea, gasarena % 52ra, energia berriztagarriaren produkzioa % 12ra igotzea eta ikatzaren erabilera % 2ra murriztea.

Bizkaiko Badia Elektrizitatea (BBE) energiaren autohornikuntza eta hornikuntza-iturrien dibertsifikazioa bermatzen dituzten proiektuetako bat da. Bertan, Iberdrola-k, Repsol-ek, BPk eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEEk) parte hartzen dute. Ziklo konbinatuko zentrala da, eta 800 MW-ko potentzia du. 2003. urtean ireki zuten. Inbertsioa 260 milioi eurokoa izan zen, eta Bilboko portuan dago kokatuta.

Lantegi horrekin batera, gas likidotua lurruntzeko instalazio bat abian jarri zen, Bizkaiko Badia Gasa (BBG), alegia. Hala ere, geroago hasi zen lanean, eta gasa hornitzen dio Bizkaiko Badia Elektrizitatea konpainiari (BBEri). Lehenengo fasean, 204 milioi euro inbertitu ziren. Lantegian, itsasontzietan garraiatutako gas natural likidotua birziklatzen da, eta, elektrizitatea sortzeko instalazioak ez ezik, banaketa-sarea ere elikatzen du.

Ekimen horiez gain, Iberdrolaren Santurtziko zentral termikoa ziklo konbinatuko instalazio bihurtu da, eta ESBko ziklo konbinatuko instalazioak ireki dira Amorebietan eta Zabalgarbin, Bilbon.

Energia ekoizteko lantegia Irlandako ESB enpresak sustatu du Bizkaia Energia izenpean. Bertan, 390 milioi euro inbertitu dira, eta 800 MW-ko potentzia dauka.

Besteak beste, Sener-en, FCCren, Bizkaiko Aldundiaren eta BBKren kontrolpean dagoen Zabalgarbi enpresari dagokionez, hondakinen erraustegia eta elektrizitatea sortzeko lantegia da aldi berean, eta, bertan, 153 milioi euro inbertitu dira, 90 MW-ko sorkuntza-potentzia lortzeko.

Energia berriztagarriei dagokienez, energia eolikoa, eguzki-energia eta biogasa dira apustu nagusiak. Elgea-Urkillako parke eolikoa handitu egingo da, eta, lehengo 40 aire-sorgailuen aldean, 78 izango ditu. Era berean, Oizko parkea eraiki eta kudeatu egingo da. Izan ere, Euskal Energia Eolikoaren Lurraldeko Arlo Planean aurreikusitako 6 lekuetatik lehenengoa izango da. Biak Euskadiko Eolikak enpresak eraikiko ditu, Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrola-k erdi bana duten enpresak, hain zuzen ere.

Energiaren Euskal Erakundea

Energiaren Euskal Erakundea  taldea Eusko Jaurlaritzaren menpe dago, eta Euskadin bertan energiaren erabilgarritasuna bermatzea du helburu. Horretarako, hornikuntza segurua izan behar da, kostua egokia izan behar da eta ingurumenaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan behar da. EEEk gas naturaleko ziklo konbinatuko sistemen eta baterako sorkuntzaren bidez ekoizten du energia, eta, seguruenik, ohiko sorkuntzaren ordezko energiak izango dira.

Euskadiko Gasa

Hidrocantábrico taldea Euskadiko gas-sektorea pribatizatzeko prozesuko garailea izan zen, eta, berari esker, Euskadiko Gasa, Donostigas, Asturiasko Gasa, Gas Figueres eta Naturcorp Multiservicios konpainiek (%50i dagozkion partaidetzak sartu zituen Bilbogas eta Gasnalsa konpainietan) xurgapen bidez bat egin zuten Naturcorp-ekin. Euskadiko Gasa konpainiak Atlantic konpainiarekin gas naturala epe luzean hornitzeko kontratua eraman zuen Naturcorp-era. Hain zuzen ere, Atlantic konpainia BPk, Amoco-k eta Repsol-ek sustatzen dute, eta Trinidad eta Tobagoko hobiak ustiatzen ditu. Orain dela gutxi, Portugalgo EDP taldeak Hidrocantábrico taldeko akzioen %92 erosi zituen.

Iberdrola

Iberdrola lehen enpresa elektriko pribatua da estatu espainolean, eta nagusietako bat da Europan. Sozietatearen egoitza nagusia Bilbon (Bizkaian) dago, eta, bere jarduera bizi-bizia denez, zeresan handia du euskal ekonomian. Era berean, Iberdrola bost atal handitan egituratutako enpresa-taldeko burua ere bada: energia, telekomunikazioak, higiezinak, bezeroentzako zerbitzuak eta, amaitzeko, IBV korporazioak garatutako jarduerak biltzen dituen arloa. IBV holdingak interes handiak ditu sektore ugaritan, eta, horrez gain, BBVAren partaidetza ere badu.

Petronor

Petronor enpresa Euskadiko energia-sektorearen beste zutabeetako bat da. Petrolioaren eratorriak ekoizten ditu, enpresaren %89 Repsol-en kontrolpean dago eta lehenengo euskal enpresa esportatzailea da. Gaur egun, findegiak petrolioa distilatzeko bi unitate, FCC cracking katalitikoko unitate bat eta bi unitate txikiago ditu. Muskizko lantegian, 900 lagunek lan egiten dute, eta, gutxi gorabehera, hamaika milioi tona petrolio prozesatzen ditu urtean. Era berean, milioi batetik gora metro kubiko petrolio biltegiratzen ditu hamahiru andeletan, eta ekoitzitako beste milioi bat produktu inguru gordetzen ditu hirurogei andeletan. Hori guztiori kontuan hartuta, sektoreko instalazio modernoena eta handiena da estatu espainol osoan.

Energiaren Klusterra

Energiaren Kluster Elkartea  1996ko azaroan sortu zen. Sektore horrek Euskadin sortutako BPGren %95 eta industriako BPGren %30 ekoizten dituzten 83 enpresa dira elkarteko bazkideak. Horrez gain, 27.000 laguni ematen diete lana, eta 12.500 milioi eurotik gora fakturatu dute 2004an.

Euskal energiaren sektorean jarduera eta estrategia desberdinak garatzen dituzten enpresak daudenez, oso sektore korapilotsua da. Hori dela eta, Energiaren Klusterrak osagarritasun-zokoak bilatzen ditu, bazkide guztien ahalmena helburu erkideetarantz koordinatzeko. Hona hemen helburu erkideok: merkatuetan duten agerpena hobetzea; enpresen arteko partzuergoak eratzea, proiektu handiak berme osoz eskuratu ahal izateko; inbertsio-proiektuak erakartzea, plangintza teknologikoa egitea, ikerketan eta garapenean (I+Gn) batera lan egitea edo Euskadiko bertako baliabide energetikoak hobetzea.


Erlazionatutako estekak
Energiaren Klusterra
Energiaren Euskal Erakundea

 

Iturria: Lehendakaritza - Komunkariorako Idazkaritza Nagusia

Azken eguneratzea: 2008/04/22