Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Azken eguneratzea: 2007/08/06
Bost dentifriko marka kendu dituzte merkatutik, dietilen glikol zeukatelako
Horietako bakar bat ere ez dute Euskadin aurkitu; dena den, 3.457 dentifriko-unitate ibilgetu dituzte Euskadin, oker etiketatuta zeudelako

Beren osagaien artean dietilen glikol izan zezaketen dentifrikoak berriki merkatuan agertu izanak sorturiko alarmaren eraginez (izan ere, toxikoa gerta litekeen substantzia da, kantitate handietan hartuz gero), ikuskatzeko eta laginak hartzeko kanpaina abiarazi zen Estatuan merkaturatzen diren hortzetako pastetako marken osasungarritasuna egiaztatzeko.

Laborategiak egiten ari diren analisiek egiaztatu dutenez, orain arte dietilen glikol daukaten bost marka daude, eta, hortaz, merkatutik kendu egin dituzte:

SPEARMINT eta SPEARMINT TRI LEAF
AMALFI-DENT CLASSIC eta AMALFI DENT HERBAL
COOL MATE, erref. 071012
MORNING BABY
TOOTHPASTE NEW 4 U

Marka horietako bakar bat ere Euskadin aurkitu ez badute ere, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak herritar guztiei gomendatzen die dentifriko bat erosterakoan egiazta dezatela alertak ez duela dentifriko hori eraginpean hartzen.

3.457 dentifriko-unitate ibilgetu dituzte Euskadin, oker etiketatuta zeudelako

Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak gaur arte 3.457 dentifriko-unitate ibilgetu ditu Euskadin, merkaturatzeko baldintzak betetzen ez dituztelako, ez baitute behar bezalako etiketarik gaztelaniaz, edo produktuaren arduraduna edo fabrikatzailea ez baitago identifikatuta.

Laginak ere hartu dituzte, laborategira bidali eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen substantziak ote dauzkaten analizatzeko, hala nola dietilen glikola.

Egoera hori kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du hortzetako pasta bat edo edozein kosmetiko erosterakoan betiere etiketa gaztelaniaz dagoela egiaztatzea, eta arduradunaren eta fabrikatzailearen izena, eta haren helbidea eta jatorrizko herrialdea agertzen direla (produktuaren arduraduna Europar Batasunekoa ez bada), baita produktua egiteko erabiliriko osagai guztien zerrenda ere.

 

Vitoria-Gasteiz, 2007ko abuztuaren 6a