Ekonomia eta Ogasun Saila

Azken eguneratzea: 2008/10/28
Euskadiko 2009 urterako Aurrekontu Orokorren Proiektua
Krisi ekonomikoari aurre egiteko Jaurlaritzak proposatzen duen tresna antiziklikoa
Ogasun eta Herri Administrazio saila

Txostena (pdf, 1.88 mb)

SARRERA: EUSKADIKO KOIUNTURA EKONOMIKOA

Euskadiko ekonomia, azken urte honetan eta 2008an bereziki, moteltzen joan da, egia bada ere, inguruko ekonomiarekiko emaitza positiboa lortzen jarraitzen duela, gure ekonomiaren hazkunde estruktura orekatuari esker,  ingurukoak baino modu garrantzitsuagoan hazten doalako.

Euskadin, urte honetako bigarren hiruhilabeteko urte arteko hazkundea Espainiako ekonomia baino ia puntu bat gehiago hazi da (Euskadin, %2,6, eta Espainian %1,8); Europar Batasuneko bataz bestekoa baino ia puntu bat gehiago ere bai (%1,7), eta Estatu Batuetakoa baino puntu erditik gora (%2,1).

Eustat-ek irailean kaleratutako bigarren hiruhilabetearen datuen arabera, Jaurlaritzak 2008-2009 urteetarako testuinguru ekonomikoa berregin du. Esan dugun bezala, jarrera motel honek datozen hilabeteetan horrelaxe jarraituko du, nahiz eta gure analisien arabera, datorren urteko bigarren sei hilabetetik aurrera egoera egonkortzen joan daitekeen. 

Gauzak horrela, 2008 urtean Euskadiko ekonomiaren urte arteko Barne Produktu Gordinaren tasa erreala %2,3koa izango da, eta datorren 2009 urtean %1,5ekoa. Emaitza hauekin, inguruko ekonomien aurreikuspenak gaindituko dira, bai Espainiakoa, bai Europako ekonomi nagusienena, baita Europar Batasuneko bataz bestekoa eta €urogunekoa ere. 

Aurreikusten dugun testuinguruan, kontsumo pribatua uzkurtu egingo da maila garrantzitsuan, eta honen konpentsazioa, neurri batean, Administrazio Publikoen gastutik, eta inbertsiotik etorriko da. Litekeena da, eta honek irakurketa positiboa dakar, inbertsioa hazkundearen gainetik handitzea edo maila berean geratzea. Bestetik, kanpoko saldoak ekarpen negatibo arina egingo du, baina aurreko urteetako baino txikiagoa.  Atzerriko saldoa positiboa izango den arren, merkatu espainolak ez du indarra berreskuratzeko sintomarik erakusten.

Eskaintzaren ikuspuntutik, eraikuntza sektorea ahulezia nabarmena azaltzen ari da, eta industriak ere bai baina neurri txikiagoan. Gure industria indarra galtzen joan da poliki-poliki emaitza negatiboetara heldu arte. Hala ere, azkeneko hilabeteetan emaitzak ez dira hainbeste jaitsi eta, kaleratu den Industria Ekoizpenaren Indizearen datu berriena, abuztukoa, emaitza positiboetara itzuli da (%0,2, hilabete artekoa; %0,4, urte artekoa). Ekonomia egoera orokorra egonkortzean, industriaren jarduera ere berreskuratzea espero da.

Ekonomiaren jarduera motela, enplegu sorreraren emaitzengan eragina izaten ari da, eta lan sorrera ere murriztu egin da, baina ekonomiaren egoera zaila honetan, enpleguaren inguruan aipa daitekeen datu  garrantzitsuena zera da, enplegua, orokorrean, mantentzen ari dela, bai okupazio tasa, bai langabezi tasa,  biak zertxobait igo direlako, eta momentuz enplegu netorik galdu ez delako eta galduko direnik aurreikusten ez delako. 

Okupazioari dagokionean, iturri guztien arabera, euskal ekonomia oraindik enpleguak sortzen ari da. Hala dio Eustat-ek irailean kaleratutako bigarren hiruhilabeteko Kontu Ekonomikoetan ( 1.000 enplegu hiruhilabetean, eta 12.000 enplegu azkeneko urtean zehar).

Datu hauek bat datoz aurreko astean ezagutzera eman ziren urteko hirugarren hiruhilabeteari dagozkion Biztanleriaren Jardueraren Arabera eta Biztanleria Aktiboaren Inkesta bietan esandakoarekin. Lehenengo inkestaren arabera, hiruhilabete artean 600 okupatu gehiago lortu dira, eta bigarrenaren arabera, 1.400 gehiago. Eustat-en inkestak dio urtean zehar 8.000 lanpostu berri sortu direla, eta INE-k berriz, 17.800 lanpostu berri sortu direla, -2007ko hirugarren hiruhilabete eta 2008ko 3. hiruhilabete bitartean-.

Beraz, hauexek dira enplegu sorreran Euskadin ditugun datuak, BJA inkestaren 8.000 enpleguak eta Biztanleria Aktiboen Inkestaren 18.000 postuak, baina seguru aski datu ziurrenetarikoa Gizarte Segurantzaren afiliazio datuarena izan daiteke, (iraileko urte artean, 10.300 afiliatu berri erregistratu dira, %1,1,  Estatuan garai berean, afiliazioak behera egin duenean, %-1,4).

Dena dela, euskal ekonomiak 2008 urtean enplegua sortzeko gaitasunarekin jarraituko du, %1,2ko enplegu sorrera aurreikusten da, eta 2009an %0,7koa izatea espero da. Enplegu netoaren datuetan, 12.000 eta 7.000 enplegu sortuko dira, hurrenez hurren. 

Enplegu sorrera baxuagoak eta lan eskaera txikiagoak ere, -langile gutxiago merkaturatu delako-, langabezi tasan eman daitekeen igoera arin baten arrazoi nagusiak dira.

Eustat-en azkeneko hilabete arteko  datuetan ez dira aldaketa handirik eman, eta Biztanleri Aktiboen Inkestaren arabera, berriz, hirugarren hilabetean 8.000 langabetu gehiago erregistratu dira. Aldiz, Biztanleri Aktiboaren Inkestak, urte arteko epean, 4.700 langabetu gehiago jasotzen ditu, eta EPA inkestak 3.700 langabetu zehazten ditu. Modu batean edo bestean, biak bat datoz gure langabezi tasa dezima batzuk igo dela adierazterakoan, lau dezimatan (Eustat), Biztanleri Aktiboaren %3,5a (%3,1, 2007ko hirugarren hiruhilabetean), eta bi dezimatan (INE), Biztanleri aktiboaren %6,2 (%6,0, 2007ko hirugarren hiruhilabetean).

Guztia kontutan hartuz, Jaurlaritzaren ustez gure langabezi tasa Biztanleri Aktiboaren %3,8koa izango da, eta datorren 2009 urtean zehar jarrera beretik jarraituko duenez, %4,3an kokatuko da. Hau da, gure langabezi tasak egoera teknikoan jarraituko du eta Estatuan eta Europar Batasuneko bataz besteko emaitzetatik urrun aurkituko da.  .

Gainera, testuinguru honetan bada azpimarratzeko beste datu positibo bat, produktibitate tasaren egonkortasunarena. Urte arteko tasa, bigarren hiruhilabetean %1,5ekoa izan da, eta urte amaieran %1era helduko dela uste dugu.

Euskal ekonomia, beraz, mundu osoan bezala, moteltzen ari da, eta hazkunde ekonomikoa murrizten ari da. Gauzak ez daude ondo, eta jendeari gauzak ondo ez daudela esan behar zaio. Gertatzen ari dena guregan eragina izan du, izaten ari da, eta izaten jarraituko du, eta jendeari argi eta garbi esan behar zaio.

Hau horrela esanda, beharrezkoa da esatea ere, krisi honi erantzuteko Euskadin beste batzuk baino hobeto prestatua gaudela, eta horregatik krisiaren eraginak gutxiago nabarituko ditugu eta gure hazkundea gehiago haziko da. Inguruko ekonomia nagusien gainetik haziko gara, eta oraingoan ere haienganako alde positiboa lortuko dugu.

Eta jendeak jakin behar du hauxe ez dela kasualitate kontua, eta arrazoiren bati erantzuten diola. Eta egoera honen arrazoi nagusienetako bat, euskal ekonomiaren estruktura antolaketa garbia eta orekatua dela esan behar da, hortaz, ekonomia nahikoa egonkorra dela ere bai. Gure ekonomia, beraz, hazkunde eredu orekatuan mantentzen da.

Hazkunde eredu orekatua, sektore bakoitzaren pisuaren arabera hazkundeari  egiten dioen ekarpena kontutan hartuz, hortaz, produkzio estruktura orekatua dugu.

Hazkunde eredu orekatua, barne kontsumo finalaren eboluzioa hazkundearen eboluzioaren antzekoa dela kontutan hartuz. Hau da, gure kontsumo parametroak gure produkzio mailarekin egokitzen dira, edota beste modu batera esanda, ez garela gure ahalbideen gainetik bizi. Kontsumo eta produkzio arteko ratioa ere orekatua da.

Hazkunde eredu orekatua, kontutan hartuz gure esportazio eta inportazioen eboluzioa eskutik doazelako, haien arteko alde oso txikiarekin. Hortaz, kanpoko balantza ere orekatua da.  

Eta hazkunde eredu orekatua da, kontutan hartzen badugu gure ekonomiak enplegua sortzeko eta produktibitatea lortzeko erakutsi duen gaitasuna.

1.- 2009KO EUSKADIKO AURREKONTU PROIEKTUA KRISI EKONOMIKOARI AURRE EGITEKO TRESNA GISA

Jaurlaritzak aurreko urteetan garatu duen ekonomia eta aurrekontu politikan, egonkortasun eta aurrekontu orekatuaren printzipioa ezarri du.  Printzipio hau erabat dator ortodoxia makroekonomikoarekin, baina horrek ez du esan nahi esklabutzen gaituen neurria izan behar duenik, eta Jaurlaritzak hasieratik esan zuen defizit zero delako neurria zorrotz eta malgutasunik gabe ezartzea ezinezkoa zela.

Aurrekontu egokortasuna edota Kontu publikoen oreka ez da hemen helburua, nahiz eta neurri oso garrantzitsua den politika ekonomiko iraunkorra bultzatu nahi badugu.  Horregatik, ekonomia ondo eta baikor doanean, finantza publikoen neurri zorrotzenak ezartzeko garaia izaten da, -defizitaren murrizketa, aurrekontu superabita-, egoera zailagoak iristen direnean, kontu publikoak beharrezko neurriak hartzeko prest egon daitezen, defizit gehiegira jo behar izan gabe, edo altxor publikoaren kudeaketa ezinezkoa bilakatu gabe. Ekonomiaren uzkurdura ematen denean aurrekontu publikoak ere sufritzen baitu, batik bat diru sarrerak jaitsi egiten direlako eta eskaera sozialen igoeren ondorioz, gastua areagotu behar izaten delako.

Aurrekontu egonkortasunarena ortodoxia makroekonomikoaren neurri gisa ulertzen dugun moduan, bada sektore publikoaren interbentzioa aholkatzen duen arrazoi bat ere, hau da, makroekonomiaren egonkortasunari laguntza ematearen beharra.  Honela, ekonomia moteltze garaietan sektore publikoak neurri antiziklikoak bultzatu behar ditu, hazkunde egonkorrari laguntzeko eta uzkurduraren indarra gutxitzeko, argi dago eta, sektore publikoaren jarduerak ekonomiaren eraginkortasunean eta aurrerapenean eragina baduela.

Euskadin, aurreko urte baikor eta emankorretan lortutako emaitzei esker, -noiz zerga bilketa garrantzitsuak lortu ziren-, eta Jaurlaritzaren kudeaketari esker, -gastu publiko zorrotza eta serioa eginez-, gaur, behar finantzarioak daudenean, baliabide propioetara jo dezakezu. Beharrezkoak diren inbertsioei eta behar sozialei erantzuteko gaitasuna daukagu, eta egoera ekonomiko motelagoan ere, Euskadiko Aurrekontu publikoek jarduera suspertzeko gaitasuna izango dute.

Horrela, Jaurlaritzak ekainean onartutako 2009ko Aurrekontuen lerro nagusiei eutsiz, eta gure aurrekontu politika jasaten ari garen egoera ekonomikoarekin egokitzeko asmoz,  Jaurlaritzak aurkezten duen Proiektuarekin finantzazio beharrei erantzun diezaioke, -defizita-, aurreko urteetan lortutako superabitak erabili ditzake, -diru geldikinak-, eta orain arte behar izan ez duen zorra maila handiagoa kudeatu dezake, beti ere aurrekontu egonkortasunaren printzipioa zainduz.

Testuinguru honetan, Jaurlaritzaren aurrekontu politika zorrotzagoa eta murritzagoa izango da, funtzionamendu gastuari dagokionean batez ere, (II Kapitulua), eta beti ere herritarren zerbitzuei kalterik eragin gabe.

Horrela, Aurrekontu Proiektuak Jaurlaritzaren goi karguen, behin behineko langileen eta antzekoen soldatak bere horretan mantentzea jasotzen du, baita Sozietate eta Erakunde Publikoetako zuzendaritza kideena ere, - Osakidetzari atxikita dauden osasun zerbitzuen erakundeen zuzendaritza karguenak salbuespena dira-.

Halaber, Finantza Euskal Erakundearen aurrekontua jasotzen da. Aurki, Jaurlaritzak dekretu bitartez erakundearen estatutuak onartuko ditu, eta honen helburua Euskadiko Administrazioaren politika finantzarioa eta kreditu publikoa koordinatzea eta antolatzea izango da, jarduera honen etekina hobetzeko, eta Euskadiko garapen ekonomikoan eta sozialean hain eragin zuzena izan dezakeen jarduera publikoa bultzatzera laguntzeko.

Aurrekontuak jasotzen duen beste nobedade bat, Euskadiko enpresen finantzazioa laguntzera zuzenduko den ekimen berezi bat izango da. Horretarako, berme funts berezi bat sortuko da eta Euskadiko enpresa ertain eta txikiei finantzazio emateko laguntza lerro bat zabalduko da.
    

2.- 2009 URTERAKO AURREKONTU PROIEKTUAREN TESTUINGURU FINANTZARIOA

2009 urteko Aurrekontu Proiektuaren finantza eta aurrekontu markoaren nondik norakoak ondorengoak ditugu:

- Eragiketa arrunten diru sarrera, 9.058,9 milioi €urokoa da, eta 2008 urteko aurrekontuarekiko %0,9 gutxitzen da, zergen bilketaren jaitsieraren ondorioz, Lurralde Historikoek egin beharreko ekarpenak ere murrizten direlako. 

- Aipatutako Ekarpenak 8.848,6 milioi €urokoak dira, hau da, 2008 urtekoen %-1,4.

- Europar Batasunetik datozen transferentziak 71,3 milioi eurokoak dira.

- Azkenik, diru sarrerari dagokionean, aipatzekoa da "Y" Tren Sarea eraikitzeko 517,6 milioi euroko kudeaketa kreditua aurreikusten dela. Aurreko urtekoa baino %3 gutxiago izango da, kudeaketa hitzarmenean adierazitakoari eutsiz.

- 2009 urterako Euskadiko Administrazioaren Gastuaren aurrekontuari dagokionean, 10.487,5 milioi €urokoa izango da, eta 2008 urteko Aurrekontuaren bataz besteko gehikuntza  globala %5,5ekoa izango da.

Dena dela,  Jaurlaritzaren Sailen berezko bataz besteko gastu propioaren gehikuntza, %7,2koa izango da

Kopuru hauekin nahikoa ikusten da Jaurlaritzak koiuntura ekonomiko honetan egingo duen ahalegina. Diru sarrerak jaitsi arren, gastuari bultzada ematen dio jarduera produktiboa suspertzeko eta enplegu sorrera laguntzeko. Horrela, Aurrekontuaren gastuaren ahalegina, 2009 urterako aurreikusita dagoen ekonomia hazkunde nominalaren oso gainetik kokatuko da.

- Aurrekontu Bateratua, Sozietate, Elkarte eta Erakunde Publikoak barne, 11.409,5 milioi €urokoa izango da.

- 2009 urteko Aurrekontu Proiektuak, orekatua izaten segitzen du, baina orain arteko tendentziak hautsiko ditu finantzazio beharrak izango dituelako. Finantzarioak ez diren eragiketen ia 700 milioi euroko (692,5) defizita izango du, -Aurrekontu osoaren %6,60-.

- Gainera,  Proiektuaren finantzazioari erantzuteko 493,7 milioi €uroko diru Geldikinak erabiliko dira. Aurreko urteetan lortutako superabitari esker batzen doazen geldikinak dira, eta Aurrekontu osoaren %4,70 adierazten du.

- Azkenik, aurreikusitako zorpetze baliabide edo Zor Gordina 361,2 milioi eurokoa izango da, beraz diru sarreren %3,4.

- Urte osoan Zor Publikoari egin beharreko amortizazioa 61,2 milioi eurora helduko da.

- Beraz, 2009 urterako aurreikusita dagoen  Zor Gabia 300 milioi €urokoa da. Iaz, 25 milioi izan baziren, honi zuzendutako gehikuntza %1.200ekoa izan da.

- Zentzu berean, Sozietate eta Erakunde Publikoen zorpetze baliabideak 205 milioi €urora iritsiko da, aurreko urtean 100 milioi eurokoa izan zela.

- Parametro hauek hartuta, Euskadiko Administrazioak 2009 urtean 741,5 milioi €uroko Aurrezki Publikoa lortuko du (Ohiko Sarrerei, Ohiko Gastuak kenduta). Iazkoaren erdia aurreztuko bada ere, baliabide kopuru garrantzitsu bat inbertsioen ahaleginetara zuzendu ahal izango da, Kapital Eragiketa zuzenera, alegia. Guztira, 1.434 milioi €uro, iaz baino 76,4 milioi gehiago.

3.- 2009 URTEKO AURREKONTU PROIEKTUAK EKONOMIA JARDUERARI, ENPLEGU BERMATZEARI ETA EUSKADIKO KOHESIO SOZIALARI EGITEN DION EKARPENA.

Hauxe da, beraz, 2009 urteko Aurrekontu Proiektuaren abiapuntua eta ezaugarri nagusiak, -neurri antiziklikoak, funtzionamenduaren gastu politika zorrotza, eta baliabideen optimizazioa. Guztia, Jaurlaritzak bilatzen dituen ondorengo helburuak lortzeko: ekonomia erreala delakoa suspertzea eta enplegua mantentzeko bermeak ezartzea.

Aipatutako ekimenak eta helburuak 2009ko Aurrekontu Proiektuan jaso ditu Jaurlaritzak. Horrela, hazkundea zabaltzeko baliagarriak diren faktoreengan eragingo da, enpresa jarduera sustatuz, inbertsio produktiboa eta enplegua bultzatuz, produktibitatea lagunduz, eta aldi berean, gure Ongizatearen egoera sendoa izatera laguntzen duten elementuak babestuz, horiei esker euskal gizartea, maila garrantzitsu batean gizarte kohesionatua baita.

I) Gastuaren gehikuntza.

Adierazi den moduan, Euskadiko Administrazioaren Aurrekontuaren Gastu Osoa %5,5 handituko da 2009 urterako, eta Jaurlaritzaren Sailen berezko gastu operatiboa %7,2 haziko da. 

Modu batean edo bestean, Aurrekontuaren hazkunde nominala, aurreikusita dagoen BPGren hazkunde nominalaren gainetik kokatzen da, 4 eta 4,5  bitartean gaindituko luke, eta honek argi adierazten du Euskadiko Sektore Publikoak aipatutako helburuak lortzeko egiten duen ekarpen finantzarioa  nabarmena eta garrantzitsua dela. 

II) Sailetako Gastua.

Atal honi dagokionean, aurtengoan ere Osasun eta Hezkuntza sailak dira Jaurlaritzaren gastu gehiengoa jasoko dutenak. Bi sailen artean, ia %60 (%57,8), beraz, 2008ko aurrekontuan baino gastu osoaren %1,6 gehiago adierazten dute.

Osasun sailak 3.442,7 milioi €uroko aurrekontuarekin, Gastu osoaren %32,8 adierazten du, eta Hezkuntza sailaren 2.625,9 milioi €uroko aurrekontuak Aurrekontu osoaren %25.

Azterketa honekin jarraituz, bost saila izango dira gastu operatiboaren %7,2ko bataz bestekoaren gainetik igoko direnak, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza; Ingurumen eta Lurralde Antolaketa; Industria, Merkataritza eta Turismo saila; Osasuna saila; eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila.

Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren kasuan emango den igoeraren arrazoia, (2008ko Aurrekontuarekiko %13,9ko igoerarekin), Gizarteratzeko sailak dituen ekimenetan emango diren igoerak dira (2008koarekiko %23,7), batik bat, Oinarrizko Errenta, eta pentsioen osagarriak finantzatzeko.  Zifra absolutuetan, 80 milioi €uro gehiago jasoko du Saila honek, eta horietatik  ia 59 milioi (58,7) Gizarteratzearen ekimenetara zuzenduko dira.

Deigarria izan daitekeen beste igoera, Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailarena da. Aurreko aurrekontuarekiko %10,1eko igoera izango du, zifra absolutuetan 13,1 milioi €uro dira, eta horietatik ia bost Uraren Euskal Agentzia finantzatzera zuzenduko dira.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren aurrekontuaren kasuan, %8,4ko igoera izango du, eta gehien bat teknologia eta berrikuntza politikak ezartzera zuzenduko da. Baita, enpresen babeserako, industria garapenerako, ekintzaileen laguntzarako eta autonomoei finantzazioa emateko politiketarako ere, -SPRI sozietatearen kapitalaren zabalkuntza barne-. Zuzkidura hauek, 2008an baino 20 milioi €uro gehiago aurreikusten dute, hau da, %28,7 handitzen da.

Osasun Saileko aurrekontua, 2008koarekiko %8,2 haziko da, osasun gastua handitzen den kopuru bera. Osakidetzak egingo dituen inbertsioen artean, Osasun Azpiegiturak eta Ekipamenduak Berritzeko Plana exekutatzen jarraitzen da. Plan honi dagokionean, 2009 urterako, 109,7 milioi €uroko kredituak aurreikusten du. Osasunaren lan esparruan, 1.132 lanpostu bermatuko dira, eta gainera 2.500 lanpostu aurreikusten dituen Lan Eskaintza Publikoa egingo da.

Azkenik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aurrekontuak izango duen %7,4ko gehikuntzaren arrazoia, Irakaskuntza Publikoen Eskolen Azpiegiturak berritzeko Plana da, eta 2009 urterako 146,5 milioi €uroko inbertsioa aurreikusten duena, 2008rako baino 35 milioi €uro gehiago. Gainera, 0-3 urte bitarteko heziketa-zaintzarako sarearen zabalketak finantzazio igoerak jasoko ditu, eta batez ere, Euskal Herriko Unibertsitateari egin beharreko transferentzia, 2009an 24 milioi gehiago izango duena.

Beste ikuspuntu batetik begiratuta, bost sailek osatzen duten taldea aipa daiteke, gure ekonomia hazkunde nominalaren maila berean handituko direnak.  %5,4ko gehikuntza izango duen Kultura Saila, eta %4a izango duen Etxebizitza eta Gai Sozialen Saila. Gehikuntza kopuru horien artean izango duten beste saila batzuk, Herrizaingo Saila, Lehendakariordetza eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila dira.

Aipatutako parametroen azpitik igoko diren sailen aurrekontuak dira. ere, Gastu osoaren bataz bestekoaren azpitik eta BPGren azpitik ere: Ogasun eta Herri Administrazioaren eta Lehendakaritzarena.

Kultura Sailak egingo duen esfortzu handiena EITB-ren kontratu-programa finantzatzeko izango da, 2009 urtean 154,9 milioi €uro beharra izango baitu.

Etxebizitzako eta Gai Sozialen Sailaren aurrekontuak igoera arina jasoko du, eta igoeraren erdia Garapenerako kooperazioko ekimenak finantzatzera zuzenduko da, guztira 51 milioi €uro jasoko dituela. Dena dela, etxebizitza politikari, guztira, 531,2 milioi €uro zuzenduko zaizkio.

Azkenik, Garraio eta Obra Publikoetarako Sailaren aurrekontuari dagokionean, zuzkidura nagusiena aurtengoan ere "Y" Trenaren lanak gauzatzeko dituen 517,6 milioi €uroko kudeaketa kredituak jasotzen du, -2008 urtean 533,4koa izan zen-. Kontzeptu honen kopurua alde batera utzita, saila honen aurrekontuak %8,6ko igoera hartzen du 2008rekiko. Gehien igotzen den zuzkidura Bilboko Metroko obretara zuzentzen da, eta aurtengo 47 milioi €urotik, 2009an 77 milioietara igoko da. Ahalegin hau, 2. Linea/Potugalete-Santurtzi eta Ariz-Basauri lanei bultzada emateko eta 3.Linearen (Etxebarri-matiko) lanei hasera emateko izango da.

III) Euskadik kohesio soziala bermatzeko egingo duen gastua. Gastu soziala.

Aurtengoan ere, Euskadiko Administrazioaren ahalegin handiena behar sozialei erantzuteko zuzenduko da. Atal honetan, 2009ko Aurrekontu Proiektuak izaera unibertsala duten oinarrizko zerbitzuak babesteko zuzenduko dira ( Hezkuntza eta Prestakuntza, Osasuna); ongizate eta gizarteratze politikak (Oinarrizko errenta, GLL, pentsio osagarrien laguntza berriak, eta gizarteratzeko bestelako politikak); enplegua sustatzeko eta laguntzeko; etxebizitza sustatzeko eta errazteko; gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunerako ekimenak; familiei laguntzak, eta lana eta familia uztartzeko neurriak.

Politika hauek bultzatzeko 2009ko aurrekontuaren gastu osoaren %70,1 erabiliko da, baina "Y" Trenaren eraikuntzarako gastua kontutan hartzen ez bada, gastu osoaren %73,7 suposatzen du (2008ko aurrekontuan baino %1,6 gehiago, aurten gastu sozialaren portzentajea %72,1ekoa izan baita).

Beste modu batean adierazita, gastuaren 1.000 €uro bakoitzetik, 737 €uro esparru sozialean egingo den gastua izango da. 
          
Guztira, 2009an egingo den Gastu Soziala 7.351,3 milioi €urokoa izango da, aurten baino 535,8 milioi gehiago. Honek %7,9ko gehikuntza suposatzen du, hau da, Gastu osoaren eta Jaurlaritzaren gastu operatiboaren bataz besteko gehikuntzaren gainetik handituko dena.

Giza alorrean bultzatuko diren ekimenen aurrekontuak ondorengoa dira:

- Oinarrizko Errenta. Zuzenduko zaion gehikuntza %14,6koa izango da, eta kontzeptu honetarako zehazten den aurrekontua 216,9 milioi €urokoa da. 

- Giza Larrialdietarako Laguntzak (GLL). Guztira 34,5 milioi €uro.

- Pentsioen osagarri berria. 24,8 milioi €uroko aurrekontua.

- Gizarteratze bestelako politikak. Enpresei zuzenduko diren laguntzak, lankidetza hitzarmenak, e.a. 29,6 milioi euro.

- Familiei laguntzeko Politikak. Seme-alabak dituzten Familiei laguntzeko Plana, lana eta familia uztartzeko neurriak, 0 eta 3 urte bitarteko heziketa garapena, haurtzaindegiak sustatzeko, e.a. 2009an, guztira 153 milioiko kopuruarekin.

- Enplegu, Lan eta Gizarte Segurantza. Enplegua sustatzeko eta laguntzeko ekimenak, enpresa estruktura berriak sortzeko, lan segurtasuna eta osasuna. Guztira, 65,3 milioi €uro.

Beraz, 2009 urtean Jaurlaritzak 4.915,2 €uro gastatuko du herritar bakoitzeko, eta horietatik 3.445,4 izaera soziala duen gastua izango da. 

IV) Jarduera ekonomikoa suspertzeko eta enplegua bermatzeko Gastua. Jaurlaritzaren inbertsio esparrua.

2009ko Aurrekontu Orokorraren Proiektuan, Jaurlaritzaren inbertsioetarako (inbertsio errealak, kapital eragiketak eta aktibo finantzarioen erosketarako, VI, VII eta VIII. Atalak),  2.108,8 milioi €uroko aurrekontua zehazten da. Gastu osoaren %16a adierazten du, Y trenaren inbertsio kopurua kontutan hartu gabe.
          
Gainera, inbertsio bateratua (Euskadiko Administrazio Publikoarena eta bere Erakunde Publikoena) 2.809,7 milioi €urotara heltzen da, hau da, Gastu bateratuaren %24,62a.

Azkenik, esan beharra dago, amaitzera doan legealdi honetan zehar, inbertsiorako atalak 512 milioi €urotan gehitzen joan direla, eta 2005ean 1.079,2 milioi inbertitu baziren, 2009ko aurrekontuan 1.591,2 milioiko inbertsioak aurreikusten dira, -beti ere, "Y" Trenaren inbertsioak kontutan hartu gabe-.
     
Lau urteetan, Jaurlaritzaren inbertsio jarduerak %47,43ko gehikuntza izan du, urte arteko bataz besteko gehikuntza %10,30ekoa izan dela.

Gai honi dagokionean, ekonomia suspertzeko eta inbertsio produktiboa eta enplegua sustatzeko helburuekin, Jaurlaritzak aurreikusten dituen egitarau eta plan garrantzitsuenak ondorengoak dira:

- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana. Plana honi dagozkion ekimenen aurrekontua 372,8 milioi €urokoa da.

- Euskadi Informazio Gizartean Plana. Aldez aurretik hartutako konpromisoak eta aurreikusitako eginkizun berrietarako 115 milioi €uro zehazten dira.

- 2007-2011 Inbertsio Publikoari Finantzazio laguntza emateko Plana. Urte honi dagokion inbertsioa 140 milioi €uroko da, horietatik %70a Jaurlaritzaren kargura.

Atal honi amaiera emateko, eta 2009ko Aurrekontu Proiektuaren nobedadeei begira, ondorengoak azpimarratu behar dira:

- Inbertsio Publikoa suspertzeko Erakunde arteko Akordioa. Ekainean sinatu zuten Jaurlaritzak eta Hiru Foru Aldundiek. Akordio honek eskatzen duen konpromisoei aurre egiteko, Jaurlaritzak, irailaren 9an, finantzazio berezia onartu zuen (501,2 milioi €urokoa). Horretarako, diru geldikinak azaleratu zituen, eta 2008ko 31,5 milioiko kredituak ordaintzeaz gainera, 2009-2012 urteetarako kredituak zehaztu zituen. Horren arabera, 2009 urterako 109,3 milioiko kreditu konpromisoa hartu zen. Gainera, 2009an beste 1.256,2 milioi zuzenduko dira akordioa sinatu aurretik Jaurlaritzak aurreikusita zituen proiektuak aurrera eramateko, eta orain akordioan jasota daudenak.

- Finantza Euskal Erakundea. Aurki erakundearen estatutuak onartuko dira Jaurlaritzak onartuko duen dekretu baten bidez. Aurrekontu proiektuan 184 milioi €uroko zuzkidura jasotzen da erakunde honen jarduera finantzatzeko. Bere helburua, Euskadiko Administrazioaren finantza eta kreditu publikoen politika hobetzea izango da, kontutan hartuta gure herriaren garapen ekonomiko eta sozialarengan eragina zuzena duela.

- Euskadiko Enpresen Finantzazioa bultzatzeko Programa Berezia. Bi modutan jardungo da. Alde batetik, bermetarako funts berezi bat sortuko da, gehienez 100 milioi €urokoa, eta honen helburua euskal enpresen epe luzerako finantzazioa erraztea izango da. Bestetik, enpresari partikularrei, autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta, urte anitzeko finantzaziorako lerroa zabalduko da, gehienez 500 milioi €uroko zuzkidura izango duena. Kasu honetan, diru zirkulatzaile beharretarako, epe laburreko zorrak berritzeko, epe laburreko zorrak epe ertain edo luzeetara egokitzeko, edota inbertsio planak suspertu nahi izanez gero behar finantzarioak laguntzeko. Kredituen eta maileguen baldintzak (kreditua lortzeko baldintzak, onuradunak, baliabideak, interes neurriak, epeak eta gainontzeko ezaugarriak) Jaurlaritzak zehaztuko ditu, edo Finantza Euskal Erakundeak egingo du entitate finantzarioekin eta elkarren bermerako sozietateekin batera.

ERANSKINA: EUSKADIKO AUTOGOBERNUAREN GARAPEN EZAK EKONOMIARENGAN DUEN ERAGINARI AURRE EGITEKO, 2009 URTEKO AURREKONTU OROKORRAK EGITEN DITUEN EKARPENAK.

Eusko Jaurlaritzaren kargura finantzaturik daudela, oraindik ere transferitu gabe dituen Estatutuko eskumenei buruzko balioespen ekonomikoa.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu ekitaldi askotan, eta dagozkion transferentziak jaso ez arren, indarrean dagoen Gernikako Estatutuaren arabera eskumen autonomikoak diren  jarduera gauzatu ditu, nahiz eta euskal Administrazioari horretarako baliabide ekonomiko eta materialak eskuragarri izan ez dituen, 29 urteetan zehar Estatuko Gobernuak aurreikuspen estatutarioak bete ez dituelako.

Honela, jarduera asko gauzatu ditu Jaurlaritzak honako gaietan, enpleguaren babesa, langabetuen gizarteratzea; etengabeko prestakuntza; osasun nahiz gizarte laguntza espetxeetarako; enpresa sustapena; Teknologiaren Modernizazioa; Enpresa Txiki eta Ertainen laguntza; Ikerketa eta Garapena, adibide nabarmenenak aipatuz. Jarduera hauek finantza ahalegin nabarmena eskatu dute Euskal Autonomi Erkidegoaren aurrekontuen kargura Estatuko Aurrekontuek Euskadin ustez egin duten ahaleginaz gain egin behar izan den esfortzu izan baita, -euskal gizarteak Kupoaren ordainketa bitartez ahalegina egiteaz gainera-.   

Jaurlaritzak, 2009 urtean ere, bere erantzukizunari eutsiz eta legez Euskal Autonomi Erkidegoari dagozkion eskumenak transferitzen ez diren bitartean edo erregulazio finantzarioa zehazten ez den bitartean, prest dago aipatutakoaren kostua bere gain hartzera, beharrezkotzat jotzen baitu Euskadiren autogobernuaren bitartez, ongizatea, bizitza kalitatea eta hiritarren zerbitzuen kalitatea hobetzea.

Beraz, azalpen honi dagokion 2009 urteko gastua 348 milioi €urokoa izango da, eta 2008 urteko Aurrekontu Proiektuak zehaztutakoa, atal honi dagokionez, 321  milioi eurokoa izan zenez, aurtengo kopurua atal honetan %8,41 handitu dela adierazten du.

Atal honi dagokion gastuaren gehiengoa Hezkuntza eta Ikerketa alorretara zuzenduk oda, 203,6 milioi euro, eta Lan eta Enplegu sailera, 105,4 milioi €uro.

Bereiztu egin behar dira, alde batetik, transferitzeke dauden eskumenei erantzuteko Eusko Jaurlaritzak egiten duen gastua, eta bestetik, estatutuaren garapen ezak ekonomikoki suposatzen duena, hau da, transferitzeke dauden 37 eskumen ezaren ondorioz euskal gizarteak ekonomikoki jasan behar izaten duena.

Eragin ekonomiko hau, Estatuko Administrazioarekin erregularizatzeke dagoena, Estatuaren Aurrekontu Orokorrek estatu-mailan transferitzeke dauden 37 eskumenen gaiei esleitzen dieten urteko kostu osoaren arabera zehaztu behar litzateke, eta Estatuko Erakundearekin etorkizunean egin beharreko negoziazioan sartuko da, konpentsatu edo erregulatu beharreko diru-kopuru gisa, bai Estatuari ordaindu beharreko Kupoaren bidetik - dagokion kopuruaren gutxitzearekin- edo alor hauek finantzatzeko dauden beste diru-sarrera iturrietan Euskadiri dagokion parte hartzearekin - adibidez, INEM, FOGASA,INSS edota Gizarte Segurantzako araubide ekonomikoaren kudeaketan-.

Jaurlaritzak egoera hau behin eta berriro salatu egin du eta salatzen jarraituko du, estatutua ez betetzeak euskal gizartearentzat eta autogobernuaren erakundeentzat ondorio ekonomiko eta sozial larriak suposatzen baitu.