Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zumeta Etxeberria, Jose Luis

Gipuzkoar pintorea (Usurbil, 1939). Gaur taldearen sortzaileetakoa. A. Martiarenarekin ikasten ibili eta gero, Parisa joan eta abstrakzio amerikarra eta Europako abangoardiako joerak ezagutu zituen. 1958an pintore berrien urrezko domina irabazi zuen Madrilen. 1960tik 1966ra Donostian, Hondarrabian, Bilbon eta Gasteizen egin zituen erakusketak. Euskal Eskolako “Gaur” taldearen sortzaileetariko bat izan zen 1966an. Hurrengo urtean lehen saria irabazi zuen Pinturako Sari Handian. Geroztik garrantzi handiko erakusketa askotan hartu du parte Espainian, Alemanian eta, batez ere, Euskal Herrian. Pinturaz gainera, erliebeak ere landu ditu; ezagunak dira Usurbilen, Pasai Antxon eta Zarautzen zeramikaz egin dituen horma irudi handiak. Informalismoaren jarraitzaile da; expresionismo abstraktua eta arte figuratiboa ere landu ditu. Ikusgarriak dira Zumetaren kolore gorriak, horiak eta urdinak, eta bere pinturaren aldien artean aipatzekoa da Papiroak izeneko saila. Abstrakzioaren bidetik jarraitu du azken urteetan, betiere bere lanean ohikoak diren kolore deigarriak erabiliz eta formatu handiko lanei aparteko garrantzia emanez. Bi urte lanik erakutsi gabe eman ondoren, 2000. urtean erakusketa guztiz berezi bat ireki zuen Bilboko Uribitarte kaiko biltegi frankoan. Erdi abandonatutako eraikin horretan formatu handiko 50 lan aurkeztu zituen. Lehendik ere, prestatuak zituen erakusketak Zumetak espazio hain handitan, Donostiako San Telmon edo Bilboko Arte Ederretako Museoan, esaterako. Erakusketa hartan 1999an egindako Gernika lana aurkeztu zuen, Picassoren izen berean oinarritutako 7,80 metro zabal eta 3,59 metro luze dituen obra erraldoia, bere gainerako lanak baino figuratiboagoa, horretan ere kolore biziak –batez ere gorria– nagusi zirela. 2000. urtean bertan Donostiako San Martin Azokan ere izan zituen bere lanak ikusgai, eta 2001. urtean Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela egin zuen.