Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zulo

iz. Zerbaiten azalean edo gainaldean gertatzen den beherunea edo barneunea. || Alderik aldeko irekidura.  v  Zulo beltza. Astron. Espazioko ustezko eremua, grabitazio indarra hain handia duena non argiak ere ezin duen ihes egin indar horren eraginetik. Zulo beltzak masa handiko izarren bizitzaren amaieran izaten den leherketaren ondorioz sortzen direla uste da. Izarraren bizitzaren amaiera errekin termonuklearra agortzen denean gertatzen da; izarra ez-egonkor bilakatzen da eta kolapsoa gertatzen da: grabitazioaren eraginez izarra uzkurtu egiten da. Izarraren geruzetan zen materia guztia uzkurtu egiten da bolumenik izan gabe dentsitate infinitua duen puntu baterantz; zulo beltzaren zentro den puntu horri singularity izena ematen zaio. Albert Einstein-en erlatibitatearen teoria orokorra erabiliz kalkulatzen da zulo beltzen egitura. Masa handiena duten izarrak, eguzkiarena baino hiru aldiz handiagoa dutenak, bilaka daitezke soilik zulo beltz beren bizitzaren amaieran. Masa txikiagoa duten izarrak solidotasun txikiagoa duten gorputz bilakatzen dira, nano zuriak eta neutroi izarrak eratuz. Zulo beltzak ezin izan dira inoiz zuzenean begietsi: duten grabitazio efektuarengatik eta gainera erortzen zaien materiak igortzen duen irradiazioagatik soilik froga daiteke badirela. Ortzian X-izpien sortzaile den Cygnus X-1 izar bikoitzetako bat zulo beltz bat dela uste dute adituek; izar bikoitz horretako izar bat super-erraldoi urdin bat da, eta bestea, berriz, izar ikusezin bat.  v  Beste teoria baten arabera, zenbait zulo beltz ez dira izarretatik sortzen. Teorian, zulo beltz bat, edozein kopuru duen masa jakin bat zulo beltz bat sortzeko adina solidotzen denean sortzen da. Zenbait astronomilariren ustez quasar-en eta zenbait galaxia bitxiren (itxuraz lehertzen ari diren sistema galaktikoak) guneetan izarren arteko gas bolumen handien kolapsoa gertatzen da eta horren ondorioz masa handiko zulo beltzak sortzen dira. Zulo beltz batean lastertasun handiz erortzen ari den gas masa jakin batek, masa berak fusio nuklearraren bidez lortuko lukeen energia baino 100 aldiz gehiago lortzen duela kalkulatzen da. 1980 ondoko urteetan egin ziren hainbat neurketaren ondorioz eguzkiak baino 4 milioi aldiz masa gehiago duen zulo beltz handi bat da Esne-Bidearen erdian.  v  Stephen Hawking astrofisikari britainiarrak beste zulo beltz mota bat proposatu du. Hawking-en teoriaren arabera, badira izarretatik sortuak ez diren zulo beltz batzuk, masa txikia dutenak, asteroide baten parekoak edo txikiagoak, big bang-a gertatu zenean sortu zirenak. Mini black hole (zulo beltz txiki) hauek, masa handia dutenekin gertatzen den ez bezala, denboran zehar masa galtzen dute eta desagertu egiten dira.