Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zulaika Arregi, Jose Gonzalo

(«Aita Donostia»). Gipuzkoar elizgizona eta musikagilea (Donostia, 1886 - Lekaroz, Baztan, 1956). Lekarozeko kaputxinoen eskolan sartu zen 10 urte zituenean. 1908. urtean apaiztu zen eta hamar urte geroago musika lantzeko baimena eman zioten bere nagusiek. Artean gazte zela Baztango eta Sarako doinuak bildu eta idatzi zituen, Ikazkina mendian, Euskel-Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak osatzeko. 1909-1915. urteetako udetan Besalu eta Siloseko abadetxeetan ikasi zuen musika gregoriarra, eta Parisen eta, geroago, Bartzelonan osatuzituen musika ikasketak. Pianorako obra ugari idatzi zituen 1915. urterako: Preludios vascos, Ocho melodías populares vascas, Andante para una Sonata vasca, Suite vasca eta abar. 1916. urtean, Joaquin Larregla kontzertugile eta musikagile nafarrak, Aita Donostiaren Preludios vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako atalarrian estreinatu zituen Madrilen. Handik urtebetera orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi zituen Sociedad Nacional de Música delakoan. Enrique Ghéon poeta frantsesak Santa Zeziliaren hiru mirariak, San Frantzisko Asiskoren bizitza sakona eta Greccioko Eguberria edo Frantziskoren sermoia haur-askaren aurrean poemei musika jartzeko eskaera egin zion Aita Donostiari eta arrakasta osoz estreinatu ziren 1921, 1926 eta 1936 urteetan, hurrenez hurren, Parisen. Euskal folkloreari buruzko hitzaldi ugari eman zituen, erdaraz nahiz euskaraz, musikari buruzko artikuluak idatzi eta nazioarteko musika kongresu nagusietan parte hartu zuen Aita Donostiak. Euskal Herriko musikagile handien mireslea izan zen; Música de tecla en el Pais Vasco, siglo XVIII argitaratu zuen mende hartako euskal musikagileen omenez. 1951. urtean, Música y Músicos en el País Vasco obra plazaratu zuen Euskalerriaren Adiskideak elkartearen eskutik.