Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zuia

Arabako iparraldeko udalerria (Gorbeialdea). Mugak: iparraldean, Gorbeia mendialdeaz gaindi, Orozko (Bizkaia) eta Zeanuri (Bizkaia); ekialdean, Zigoitia; mendebalean, Amurrio eta Urkabustaiz, eta, hegoaldean, Koartango eta Gasteiz. Garaiera, 617 m. 123,13 km. 1997ko datuen arabera, 1.574 biztanle (zuiarrak). Herrigune hauek osatzen dute Zuia: Altube, Amezaga, Aperregi, Ziorroga, Domaikia, Gillerna, Jugo, Lukiano, Markina, Murgia (herriburua), Sarria, Vitoriano eta Zarate. Eremu menditsuan dago eta mendi garaienak iparraldean (Gorbeia mendialdea) daude. Hegoaldera eta mendi apalagoak ditu: Berretin (1.223 m), Burbona (921 m), Altube (693 m), Txintxularra (893 m). Eremu menditsu honetan sortzen diren errekastoek Altube (Ibaiazabal ibaiaren adarra) eta Baia ibaietan (Ebro ibaiaren adarra) isurtzen dute ura. Hizkuntza, gaztelania. XX. mendearen hasieran galdu zen euskara. Hizkuntza banaketa 1996an: 157 euskaldun, 247 ia-euskaldun eta 1.026 erdaldun. Ekonomia jarduerari dagokionez Murgia eta gainerako herriguneak bereizi behar dira. Murgian biltzen dira udalerri osorako oinarrizko zerbitzuak eta industria. Gainerako herrietako ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, artoa, patata), abere hazkuntza (behi, ardi eta zerri azienda) eta baso ustiakuntza dira. Oro har langileen % 34ak industrian lan egiten du, % 41 zerbitzuen alorrean eta % 25 nekazaritzan. v Historia. 1138. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Murgiako herria eta 1515. urtean jaso zuen hiri-gutuna.