Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zubiri Apalategui, Xavier

Gipuzkoar filosofoa (Donostia, 1898 - Madril, 1983). Donostian Batxilergoa egin ondoren, teologian doktore egin zen Erroman (1920) eta filosofian Madrilen (1921). 1926an Madrilgo unibertsitean katedra lorturik, Filosofiaren Historia irakatsi zuen 1936 arte; gerra zibilaren ondoren Bartzelonan izan zen irakasle (1940-1942). Unibertsitatea utzi eta filosofiako ikastaro pribatuak eman zituen. Zubiriren prestakuntza hainbat unibertsitatetan moldatu zen: Madril, Lovaina, Erroma, Friburgo, Munich, Berlin, Paris. Filosofiaz gainera fisika, matematika, biologia, sortaldeko hizkuntzak eta antzinateko historia ere landu zituen. Bere garaiko irakasle entzutetsu anitzen eragina izan zuen: Ortega y Gasset, Husserl, Heidegger, Schrödinger, Louis de Broglie, La Vallée-Poussin, Benveniste… Apaiz ordenatu zen baina bere eskariz laiko izaera berreskuratu zuen. Filosofiaren historia, teologia, antzinako historia eta zientzia izan ziren Zubiriren pentsamenduaren abiaburuak, eta bere helburua “errealitatean errotzea”, egiteko horretan filosofia, zientzia eta erlijioa uztartzen zituela. Betiere, metafisika da Zubiriren sistemaren funtsa, psikologia, historia edo zientzia positiboak gainditzen baititu hark. Zubiriren oinarrizko kontzeptua loturarena da (religación); gizakia errealitatean jarria da eta ez du inoiz Jainkoa gauzen artean aurkitzen “harengan” dagoelako, “harengandik” datorrelako, hura baita gauza guztien funtsa; lotura hori, beraz, gizakiaren existentziaren baldintza da. 1940-1980 aldian Espainiako filosofo gailentzat hartua izan zen. Zenbait obra: Ensayo de una teoría fenomenológica del juicio (1923), doktore tesia; Naturaleza, Historia, Dios (1944); Sobre la esencia (1962); Inteligencia sentiente (1980); Inteligencia y Logos (1982); Inteligencia y razón (1983).