Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zuazo Ugalde, Secundino

Bizkaiko arkitektoa (Bilbo, 1887 - Madril, 1970). Madrilen arkitekturako ikasketak amaitu ondoren Antonio Palacios arkitektoarekin batera hasi zituen hiri bereko Postetxe berriko eraikuntza lanak. Santanderreko Telegrafo eta Postetxeko lehiaketa irabazi zuen bere ikaskide izan zen Fernandez Quintanilla arkitektoarekin. Bilbo Zaharra berritik antolatzeko proiektua aurkeztu zuen 1923. urtean, eta Palacio de la Música jauregia eraiki zuen, Madrilen, handik hiru urtera. Hurrengo urtean, Bilbon berriz ere, bertako postetxea egin zuen. Madrilgo Argüelles kaleko Casa de las Flores etxea eraiki zuen 1930. urtean. Hiri bereko Recoletos kalean Frontón de Pelota Vasca pilotalekua (1973. urtean suntsitua) diseinatu eta eraiki zuen Eduardo Torroja arkitektoaren laguntzarekin. Kanarietan hartu zuen bizilekua Gerra Zibilaren garaian eta Las Palmas hiriko hirigintza proiektua egin eta hiri bereko Seminario Hispanoafricano etxea eraiki zuen. Harenak dira, halaber, Bilboko Consulado de Bilbao zinema aretoa (1950) eta Gernikako Jai-Alai frontoia.