Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zorrilla y Moral, José

Espainiar idazlea (Valladolid, 1817 - Madril, 1893). Zuzenbide ikasketak hasi zituen, baina utzi egin zituen literaturari ekiteko. Zorrillaren elezahar giroko erromantizismoak eta neurtzeko modu erraz musikadunak arrakasta handia izan zuten. 1851-1854. urte bitartean Parisen eta Londresen bizi izan zen; handik Mexikora joan zen eta hamabi urtez han izan zuen bizilekua. Obra ugaria du, eta bi genero landu zituen batez ere: olerkigintza eta antzerkia. Harenak dira, besteak beste: Cantos del trovador (1840, Trobadorearen kantuak), Granada (1852), eta La leyenda del Cid (1882, Cid-en elezaharra) olerki bildumak. Antzerkilan asko neurtitzetan ondu zituen, eta elezaharretako gaiak eta historikoak landu zituen. Horietako batzuk dira: El zapatero y el rey (1840, Zapatagina eta erregea), Petri Ankerrari buruzkoa; Don Juan Tenorio (1844), Zorrillaren lanik entzutetsuena, eta Traidor, inconfeso y mártir (1849), Sebastian erregeari buruzko elezaharra. 1882an oroitzapen liburu bat argitaratu zuen, Recuerdos de tiempo viejo (Garai zaharren oroitzapenak) izenburupean.