Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zola, Émile

Frantziar idazlea (Paris, 1840 - Paris, 1902). Idazle naturalista nagusitzen jotzen da. Diru eskasia zela eta, gazterik hasi zen argitaletxe batean lanean; gero, kazetaritzan jardun zuen. 1880an, Maupassant, Huysmans, Céard, Alexis eta Henniquerekin batera, kontakizun bilduma bat argitaratu zuen, Les soirées de Médan (Medango gaualdiak) izenburupean. Liburu hura hartu zen naturalismoaren aitzindaritzat. Bestela ere, gizarteko gatazketan parte hartu zuen; gizartean oihartzun handia sortu zuen gertaera Dreyfus auziarena izan zen. Auzi hartan, Zolak Dreyfusen errugabetasunaren alde idatzi zuen (1898, J’accuse; Salatzen dut). Zolaren lehen eleberri famatua Thérèse Raquin (1867) izan zen. 1871-1893 urte bitartean, Zolak eleberri sail bati ekin zion, familia bateko kideen bizitzaren inguruan, haien eritasunekin eta bizioekin. Sailaren izena zen Les Rougon-Macquart, histoire naturelle et sociale d’une famille sous le second empire, eta 20 eleberri argitaratu zituen. Sail horren barruan bereziki aipatzekoak dira: Le ventre de Paris (1873, Parisen sabela), L’assommoir (1877, Taberna), Nana (1880), Au bonheur des dames (1883, Emazteen zoriona), Germinal (1885), La bête humaine (1890), La débacle (1892). Eleberri sail hori bukatu eta gero, Trois villes trilogiari ekin zion (1894, Lourdes; 1896, Roma; 1898, Paris). Beste lau eleberriko sail bati ekin zion, Les quatre évangiles, baina heriotzak ez zion bukatzen utzi. Zolaren asmoa izan zen bere garaiko (II. inperioa eta III. errepublika) bizitza pribatuaren historia egitea, Balzac-ek bere garaikoa egin zuen bezala. Gizakiaren jokamoldeak azaltzeko eragin handia izan zuten Zolarengan Taineren determinismoaren teoriak eta Darwinen herentziari buruzkoak; eta saiatu zen zientzien metodo esperimentala Claude Bernarden haritik literaturara eramaten. Zolaren estetikari buruzko iritziak Le Roman expérimental (1880) saioan dira bildurik.