Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ziro IIa Handia

Persiako erregea (K.a. 580 inguruan - 528 inguruan). Akemenestarren inperioa sortu zuen, erdigunea Persian zuena eta Ekialde Hurbila hartzen zuena, Egeo itsasotik Indo ibairaino. Antzinako elezahar askotan heroi gisa ageri da Ziro II.a (aurrena Xenofontek, greziar soldadu eta idazleak, bere Ziropedian azaldu zuen; geroago Herodoto historialariak eman zuen Ziroren bizitzaren berri); errege eskuzabaltzat aurkezten dute, antzinako persiarrek «herriaren aita» deitzen zutena eta, Biblian, Babilonian preso zeuden juduen «askatzaile». Elezaharrean (Irango beste dinastia-fundatzaileen historian bezalatsu), aitonak (Astiagesek), aginpidea kenduko ziolako beldurrez, Ziro jaio berria hiltzeko agindua eman zuela kontatzen da; artzain batek, errukituta, hazi omen zuen ezkutuan, eta Zirok gero, dohain izugarriz horniturik, bere aitona garaitu zuen. Garaipen hori egiazki gertatu zen; Astiages, mediarren erregea, errendiarazi zuen Zirok K.a. 550 inguruan, eta inperio persiarra, hobeto antolatua eta indartsuagoa, ezarri zuen mediarraren lekuan. Aurrenik Lidia beretu zuen, eta segidan Lidiaren mendeko ziren Asia Txikiko greziar hiriak. Hurrena Babilonia aldera jo zuen; erraz konkistatu zuen, babiloniar herria ez baitzegoen pozik bere errege Nabonidusekin; hala, K.a. 539an antzinako hiri handiena persiarren esku geratu zen. Babiloniaren konkistak beste lurralde batzuk eman zizkien persiarrei, Siria eta Palestina. Zilizia ere, Lidiaren kontrakoa baitzen, Ziroren inperioaren barne geratu zen itun baten bitartez. Era horretan, armen bidez nahiz diplomaziaz, ordu arte izandako inperiorik handiena sortu zuen Zirok.  v  Zirok ez zituen konkistatutako herriak zapaldu, aitzitik, haiengandik ikasi zuen; hala, mediarren gobernu moduak hartu zituen (dirudienez, mediar aholkulari edo ministro bat ezarri zuen ohi persiar agintarien laguntzaile); Elamgo zibilizazioko ohitura ugari beretu zituen, eta bere mendeko herrien erlijioak eta errituak errespetatu zituen. Hala, 40.000 judu beren herrira, Palestinara, itzuli ahal izan ziren Zirori esker. Ziroren eragina eta ospea oso handiak izan ziren; bere bizitza elezahar eta kontakizun askoren iturburu izan zen; elezahar eta kontakizun horiek greziarrengana iritsi ziren, eta Alexandro Handiarengan eragin handia izan zuten. Ziroren ospea aregotu egin zen erromatarren tradizioan ere, eta Biblian inoiz mesias deitua da.