Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cintruenigo

Nafarroako hegoaldeko udalerria, Alhama ibaiaren eskuinaldean (Tuterako merindadea). Mugak: Corella iparraldean eta ipar-mendebalean, Tutera ekialdean eta hegoaldean, eta Fitero mendebalean. Garaiera, 391 m. 37,43 km2 eta 5.363 biztanle (cintruenigoarrak). Hizkuntza, gaztelania. XVI. mendea baino lehen galdu zen euskara. Industria (eraikuntzarako gaiak, janari industria, zurgintza; langileen % 55) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, merkataritza, irakaskuntza, administrazioa; langileen % 25) dira ekonomia jarduera nagusiak. Langile asko (% 20) bizi da, halaber, nekazaritzatik (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, bazkarako landareak, ardi eta behi azienda). Aipagarriak dira XVI. mendeko San Joan Bataiatzailearen eliza (XVIII. mendeko kanpandorre barrokoa, XVI. mendeko erretaula nagusi platereskoa, XIV. mendeko Ama Birjinaren irudi gotikoa), Ama Sortzez Garbiaren basilika manierista, XIX. mendeko udaletxe neoklasikoa eta hainbat etxe eta jauregi barroko eta neoklasiko. Cintruenigoko udalerriaren eremuetan dago Naba urtegia. v Historia. X. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Cintruenigoko herria, Centroneco izenaz. 1119. urtean Alfontso I.a Gudularia Aragoi eta Iruñeko erregeak berriro hartu zituen musulmanen mendean ziren Cintruenigo eta Tutera, eta Tuterako foruen bidez gobernatzeko baimena eman zien zentronikoarrei. XIII. mendean harresiek inguratzen zuten gaztelu batek babesturiko plaza zen Cintruenigo.