Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zatopek, Emil

Lasterketari txekiarra (Koprivnice, 1922). Ibilbide luzeko lastekertetan erakutsi zuen gaitasuna eta egin zituen marka hausteak direla eta, «giza lokomotiba» deitua izan zen. 1946an hasi zen nabarmentzen Europako txapelketan bosgarren gelditurik, 5.000 m-ko lasterketan. Baina nagusitasuna Londresko Olinpiar Jokoetan (1948) lortu zuen, urrezko domina eskuratu baitzuen 10.000 m-ko lasterketan eta zilarrezkoa 5.000 m-koan. Handik hara, etengabe hautsi zituen aurreko markak, eta garaipen gogoangarriak izan zituen 1954 arte. Helsinkiko Olinpiar Jokoetan (1952) urrezko hiru domina eskuratu zituen (5.000 m, 10.000 m eta maratoia). Aurreko urtean ordu beteko lasterketa saioaren marka hautsia zuen (20.052 m). 1954an, Europako Txapelketan hasi zen gain behera. Txekoslovakiako gudarosteko koronela zen, baina 1968an, Sobietar Batasunako tankeak Pragan sartu zirelarik, gudarostean zuen gradua kendu zioten. 1977an, atzera itzuli zioten koronel gradua. 1990ean Donostiako Urrezko Danborra eman zioten, Lasarteko probetan egindako markak zirela eta.