Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zamacola, Simon Bernardo

Bizkaitar politikaria, Juan Antonio Zamacolaren anaia (Dima, 1759 - Dima, 1809). Dimako errege eskribaua izan zen eta gero eta kargu garrantzitsuagoak izan zituen: Arratiako haraneko alkate, ahaldun Gernikako Juntetxean, Jaurerriko errejidore eta justiziako idazkari. 1793. urtean Bilbon egin zen Merindadeetako Batzordeak Zamacola eta Francisco de Aranguren izendatu zituen Jaurerriko altxorra aztertzeko eta frantsesen gudarosteen aurkako plana antolatzeko. 1801. urtean Gernikako Juntetxeak, Zamacolaren irizpideei jarraituz, Abandon edo Olabeaga aldean merkataritza libreko portuaren proiektua onartu zuen, baina Bilboko eskudunak erabaki horren aurka agertu ziren, Madrilek proiektua onartuz gero Bilboko portua hiltzera kondenatzen baitzen. Horren guztiaren ondorioz Jaurerriaren eta Bilboko Hiriaren arteko gatazka sortu zen, Zamacolada deitua. Jaurerriak proiektua gauzatzeko batzordea izendatu zuen eta 1801eko abenduaren 31n Abandoaldean portua eraikitzeko baimena jaso zuen Juntetxeak. 1804. urtean etorkizuneko portuari buruzko erakusketa xehea egin zuen Gernikan baina handik gutxira matxinadak izan ziren Juntetxeak derrigorrezko soldadutza onartu zuenean. Harrezkero etsai ugari izan zituen Zamacolak eta Nafarroako lurretara erbesteratu zen matxinada zapaldu eta deuseztatu zen arte. Geroago Bizkaiko Jaurerriko Batzorde Nagusiak Madrilgo Gortera bidali zuen ordezkari, Bizkaiko Foruak berriro ere indarrean jar zitezen, baina Fernando VII.ak Bizkaiko Foruak onartu zituenerako buruko eritasunak jota zegoen Zamacola.