Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zaldi Ero

(Indiar izena, Ta-Sunko-Witko; Ing. Crazy Horse). Oglala leinuko sioux indiarren buruzagia (Gaurko Rapid City, 1842 inguruan - Nebraska, 1877). XIX. mendeko Estatu Batuetako indiar erresistentziaren buru handienetako bat izan zen. 1865. urtean zurien aurkako borrokari ekin zion, Montanako urre tokietara iristeko errepidea zabaltzearen aurka azaldu zenean. 1866an W. J. Fetterman kapitainaren eta harekin ziren 80 gizonen hilketan esku hartu zuen Wyoming-en. Siouxei eskainitako erreserbei uko eginez (1868), betiko ehiza lurraldeetara jo zuen, gobernuaren ostekin borroka etengabean arituz. 1874an Dakotan urrea aurkitu zela eta, urreketariak indiarren erreserba zabaletan sartu ziren. Zaldi Erok, txeieneekin elkar harturik, eraso egin zion Crook jeneralari eta atzera eragin zion 1876ko ekainaren 17an. Iparraldera egin zuen gero eta Tatanka Yotankaren gidaritzapean ziren sioux gehienekin elkartu zen. Custer-en agintaritzapeko gudarostearen hausiabartzan esku hartu zuen (Little Bighorn, 1876ko ekainak 25). Berriz ere mendialdera jo zuen bere leinukoekin, Crook jeneralaren soldaduak atzetik zituela; goseak eta hotzak ahuldurik, azkenean Nebraskan Crook jeneralari errenditu zitzaion. Preso hartu zuten eta handik hilabete gutxira hil zuten, handik ihes egiteko saioan agidanez.