Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Xolokhov, Mikhail Alexandrovitx

Errusiar idazlea (Kruzhilin, Rostov, 1905 - Vetxenskaïa, 1984). Don ibaiaren arroan bizi izan zen, kosakoen artean, eta horrek izan zuen eraginik bere obran. Gazte-gaztetan alderdi komunistako kide egin zen eta kosako zurien aurkako borrokan parte hartu zuen. 1925ean argitaratu zuen lehen liburua, Don ibaiko ipuiak, Tolstoiren errealismoaren eta kosakoen folklorearen eragina zuen epopeia. Bere liburuetan Sobietar Batasuneko historiako gertakizun nagusi batzuk kontatu zituen modu epikoan. Sobiet Goreneko kide izan zen, eta estalinismoaren kultura irizpideak aldeztu zituen. Stalin eta Lenin sariak jaso zituen eta 1965ean Literaturako Nobel saria. Idazlanak: Don lasaia (1928-1940), lau liburukitan argitaratutako eleberria; Lur landuak (1932-1956), Aberriaren alde borrokatu ziren (1943-1970), Gizon baten patua (1956-1957).