Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

xake

iz. Hamaseina irudi zuri edo beltz dituzten bi jokalariren arteko jokoa, taula berezi batean, jokalari bakoitzak bere irudiak mugituz eta aurkariarenak harrapatzen saiatuz, jokatzen dena. || xake-joko. Xakea. || xake-mate. Xake-matea egin zion, eta horra dena galdua.  v Historia. Xakea non sortu zen ez dago garbi, elezahar asko baita horren inguruan; hala ere, gaur ezagutzen den eran, K.a. VI. mende inguruan, Indian sortu zelako ustea da zabalduena. Handik Persiara igaro zen eta arabiarrek Iran konkistatzerakoan (651), persiarrengandik jaso zuten. Arabiarrek bultzada handia eman zioten xakeari eta musulmanekin batera Espainiara, Portugalera eta Siziliara sartu zen. Orobat, gurutzadetara joandako europarrek Ekialde Hurbilean ezagutu zuten jokoa eta Europan zabaldu zuten, arauak eta piezak higitzeko modua aldatuz eta finkatuz zihoazen bitartean. 1886an Munduko Txapelketa Ofiziala sortu zen eta titulua hiru urtetan behin jartzen da jokoan. v Jokoa. Helburua aurkariaren erregea harrapatzea edo “jatea” da, hartarako jokalari bakoitza bere irudiak mugituz aurkariarenak harrapatzen saiatzen delarik. Jokalari bakoitzak itxura eta mugimendu desberdineko zenbait pieza ditu bere esku: errege bat, erregin bat, bi alfil, bi dorre, bi zaldi eta zortzi peoi. Aurkariaren pieza bat harrapatzea haren tokiaz jabetzea da, delako pieza hori jokotik kanpora geratzen delarik. Pieza batek aurkariaren erregeari erasotzen dionean, mate dela esaten da, eta zertzelada hori ozen adierazi behar du erasotzaileak. Erregea defentsarako higidurarik bat ere egin ezinik geratzen denean jokoa bukatzen da; xake mate deitzen zaio. Jokoa, halaber, berdindurik gera daiteke, irabazlerik gabe, jokalarietako inork aurkakoari mate egiteko pieza nahikoa ez duenean.