Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wallis eta Futuna

Ozeano Bareko hego-mendebaleko uhartedia, Samoatik 400 km mendebalera eta Fidjitik 240 km ekialdera, Frantziako itsasoz haraindiko lurraldea dena. 274 km2 eta 14.000 biztanle (1986). Sumendi jatorriko hiru uharte nagusik eta beste txikiago batzuk osatzen dute uhartedia. Uvea (Wallis) eta uharte horretatik 200 km hego-mendebalera dauden Futuna eta Alofi (Hoorn uharteak izenaz ere ezagunak) dira uharte nagusiak. Hiriburua: Mata Utu (Uvea). Klima bero hezea da (26,5 °C eta 2.450 mm euri). Ia biztanle guztiak polinesiar leinukoak dira. Wallisieraz hitz egiten dute (tonga eta samoa hizkuntzen eragina duen dialektoa) eta frantsesa erabiltzen dute administrazioan. Erlijioz gehienak katolikoak dira. Nekazaritza (kokondoak, kopra) eta, ondoren, arrantza dira ekonomia jarduera nagusiak. Merkataritza harreman gehienak Frantziarekin ditu. Kopra eta tapa-k (zurean egindako margolanak) esportatzen ditu.  v  Historia. K.o. 500. urtea arte gutxi gorabehera Uvea eta Futuna uharteek tongatarren erasoak pairatu zituzten eta, dirudienez, eraso horiei aurre egiteko sortu ziren lehen buruzagiak eta erregeak. Buruzagiak elkarren artean borrokatu ziren nagusitasuna lortzeko, XIX. mendean Uvea, Tua eta Alo-ko erreinuak sortu ziren arte. Horien ondorengoak dira gaur egungo erregeak. 1616an holandar esploratzaileak iritsi ziren uhartedira, Schouten eta Le Maire-ren gidaritzapean, eta Futuna eta Alofi izena jarri zieten Hoorn uharteei. 1767. urtean Samuel Wallis ingeles kapitaina Uvea uhartera iritsi zen eta haren izena eman zitzaion uhartediari. 1837an lehen misiolariak iritsi ziren. 1887an frantsesen mende gelditu ziren. Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuek hegazkinak lur hartzeko zelaiak egin zituzten eta horietako bat, Hihifo, uharteetako aireportu nagusia da gaur egun. 1959an egin zen erreferendumean Frantziako itsasoz haraindiko lurralde izatea onartu zuten uhartediko biztanleek.