Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Villalonga, Llorenç

Kataluniar idazlea (Palma de Mallorca, 1897 - Palma de Mallorca, 1980). Familia aristokratiko batean sortua zen. Espainiako zenbait unibertsitatetan ikasketak egin ondoren Parisen psikiatrian espezializatu zen, Frantziako literaturaren eta kulturaren ezagutza sakontzearekin batera. Palman finkaturik, bertan jardun zuen mediku gisa. Lehen eleberriarekin –Mort de dama (1931, Dama baten heriotza)– bere literaturaren ezaugarriak ezagutarazi zituen: kultura zabala, uharteko goi mailako klaseen dekadentziaren isla, ironiaren eta nostalgiaren artean, eta garaiko gizartearen ukamena. Egunkarietarako idazten zuen eta 1934-1936 artean Brisas aldizkariaren zuzendari izan zen. Produkzio gutxiko aldi baten ondoren, 1952an La novel.la de Palmira (Palmiraren eleberria) argitaratu zen. 1958an El lledoner de la clastra (Patioko almez arbola) ipuin eta antzerki bilduma eman zuen argitara. Geroztik hainbat narrazio lan eta antzerki pieza ondu zuen. Villalongaren obrarik ezagunena Bearn eleberria da. Bere betiko gaiak ukitzen dituen obra honen bidez ospe handia lortu zuen eta hari esker 1962an Espainiako Kritika Saria jaso zuen. Zenbaitentzat Villalonga XX. mendeko katalan idazlerik behinena izan da. Azken garaiko obren artean azpimarragarriak dira besteak beste: L’hereva de Donya Obdúlia (1964, Obdulia andrearen ondorengoa); Falses memories (1967, Oroitzapen faltsuak); La Lulú (1970); Andrea Victrix (1973).