Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vespuzio, Ameriko

Italiar itsasgizona (Florentzia, 1454 - Sevilla, 1512). Notario baten semea zen. 1478an Frantziara joan zen, enbaxadore zuen osabaren idazkari. 1487an, Medici familiaren zerbitzuan zegoela, Sevillara joan zen, eta Indietara zihoazen itsasontzien atontzailea zen Giannotto Berardi merkatariarekin lan egin zuen. 1495ean Berardi hil zenean Kolonen hirugarren bidairako ontzien horniduraz arduratu zen, eta lanbide hark lurralde berriak ezagutzeko sortu zion gogoak itsasketara bultzatu zuen. Lehen bidaian (1499-1500), Alonso Ojeda eta Juan de la Cosarekin batera, Hego Ameriketako iparraldeko kostaldea aztertu zuen, Orinoco eta Amazonas ibaietako bokaleak esploratu zituen, eta San Agustingo lurmuturrera iritsi zen. Ptolomeoren arabera Asiako ekialde muturra ziren lurraldeetara iritsi zelakoan, Manuel I.a Portugalgo erregeak Moluka uharteetarako igarobideren bat aurkitzeko espedizioa finantza ziezaion lortu zuen. Hala, bigarren bidaia (1501-1502) Lisboatik abiatuta egin zuen, eta, Brasilgo kostaldetik behera, Patagoniako hegoalderaino iritsi zen. Horrela frogatu zen aurkitutako lurrak kontinente berri bati zegozkiola, ezinezkoa baitzen Asiako penintsula hegoaldera hainbeste luzatzea. Horregatik, Amerigo Vespucciren omenez, Martin Waldtzemüller alemaniar geografo eta kartografoak bere Cosmographia introductio obran Amerika deitu zion kontinenteari. Historialari batzuen ustez beste bi bidaia egin zituen. 1505etik aurrera Fernando Katolikoaren zerbitzuan lan egin zuen, eta Gaztelako herritartasuna hartu zuen.