Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verlaine, Paul

Frantses poeta (Metz, 1844 - Paris, 1896). Oso gazte hasi zen poemak idazten, Parisko literatura giroan sartuta. Lehen poema liburuak, Poèmes saturniens (1866, Saturnoren poemak), parnasianismoaren eraginpean eginak dira. Hurrengoek, Les Fêtes Galantes (1869, Jai galaiak), Watteau margolariaren estiloko giroan, pertsonaia xume sentsualak agertzen dituzte. Garai hartan Mathilde Mauté ezagutu zuen, eta hiru urte geroago harekin ezkondu zen; urte haietako zoriona kantatzen dute La Bonne Chanson (1870) saileko poemek, bizimodu lasai eta sotil baten gogoa adieraziz. Rimbaud poeta ezauguturik, ordea, bertan behera utzi zituen asmo haiek: emaztea eta seme jaio berria utzi, eta Frantzian, Belgikan, eta Londresen ibili ondoren, liskar eta errieta ugariekin, Verlainek bi tiro jo zizkion Rimbaudi, eta kartzelan sartu zuten bi urtez. Garai hartan idatzi zituen bere poema onenetarikoak, Romances sans paroles (1874) liburuan bilduak; liburu horretako lehen poemetan, bereziki, frantses literaturan nekez oso gutxitan den musikaltasuna lortu eta esperimentu prosodiko ausartak egin zituen Verlainek. 1874an katoliko egin zen; garai hartan poema mistikoak idatzi zituen, Sagesse (1874-80) eta Amour (1888-92). Gero, ordea, alkoholismoa zela eta miserian bizi izan zen; aldi berean halako ospea lortu zuen poeta sinbolista eta “dekadente”-en artean. Giro hartan arrakasta handia izan zuten Poètes maudits (1884, Poeta madarikatuak; T. Corbière, Mallarmé eta Rimbaudi eskainia), eta Jadis et Naguère (1884, Antzina eta oraintsu; bertan dago L’art poétique) lanekin. Pieza erotiko batzuen ondoren, Parallèlement (1889), Liturgies intimes (1892), Elizako jaiei buruzkoa, eta Epigrammes (1894), gai desberdinetakoa, agertu ziren.  v  Verlaine da frantses poeten artean lirismo handiena lortu duenetako bat. Hitz-musika modernoaren aitzindarietako bat izan zen, eta poeta erromantikoen eta sinbolisten arteko zubia. Poesia hoberenetan bere aurrekoen erretorika handinahia hautsi zuen, eta frogatu zuen frantses hizkuntza, baita egunoroko esapideetan ere, giza sentipenen alderdi berriak komunikatzeko gauza dela, irakurlea beretzen duten iradokizun eta lausotasunaren bidez; hitzen soinuen bitartez musika egin zuen, ohiko edukien bidez baino indar handiagoz; izan ere, Verlaineren lan hoberenetan ez baita ageriko eduki intelektual edo filosofikorik.