Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vauban, Sébastien Le Preste de

Frantses militarra eta ingeniaria (Saint-Léger-de-Foucherest, gaur egun Saint-Lčger-Vauban, Yonne, 1633 - Paris, 1707). Luis XIV.aren garaian gotorlekuen komisario nagusi izan zen (1678) eta mariskal izendatu zuten 1703an. Gotorlekuetan egindako lanengatik da batez ere ezaguna, berrikuntza handiak egin eta teknika oso aurretatuak erabili baitzituen. 300 herri baino gehiagotan gotorlekuak sendotu zituen, 33 gotorleku berri eraiki zituen, 53 hiriri setioa ezarri zien, eta portuak, ubideak eta Maintenongo akueduktua egin zituen. Erasorako teknika militarrak hobetu zituen eta armagintzan lan egin zuen (baioneta mota bat asmatu zuen, besteak beste). Euskal Herrian, Baionako eta Donibane Garaziko harresiak eta Sokoako gotorlekua eraiki zituen.