Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vagnorius, Gediminas

Lituaniar politikari eta ekonomista (Vilna, 1957). Ingeniaritza eta ekonomia ikasketak egin zituen, Vilnan bertan. Ikasketak bukatuta eskolak eman zituen Ekonomiaren Zientzietako Institutuan, 1990 arte, Lituaniako Legebiltzarreko kide hautatu zuten arte alegia, sobietar erregimen komunistaz geroko lehen hauteskundeetan. Handik gutxira, Legebiltzarrak Sobietar Batasunetik bereiztea eta Lituaniako Errepublikaren burujabetasuna aldarrikatzea erabaki zuen. 1991n, baina, sobietar gudarosteko parakaidistek Vilnako irrati eta telebista egoitzak hartu zituzten, eta Lituaniako Lehen ministro Albertas Shimenas desagertu egin zen. Legebiltzarrak Gediminas Vagnorious hautatu zuen behin-behineko Lehen ministro. Handik ordu gutxira, Shimenas agertu zen, eta emaztea eta seme-alaben bizitza salbatzeagatik desagertu zela azaldu zuen, baina azalpena ez zen Legebiltzarraren gogobetekoa izan, eta Vagnorious berretsi zuten karguan. Gobernuaren buruzagitza hartu orduko, bere zeregin nagusia errepublikaren independentzia lortzea izango zela adierazi zuen. 1991ko otsailaren 10ean Lituaniako Errepublikaren independentziari buruzko erreferenduma deitu zuen: lituaniarren % 90 independentziaren alde agertu zen. Gorbatxovek erreferenduma legez kanpokotzat jo zuen.