Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Utzon, Jørn

Daniar arkitektoa (Kopenhage, 1918 - 2008). XX. mendeko bigarren erdiko arkitektura organikoaren ordezkari nagusietako bat. Kopenhageko Arte Ederretako Akademian egin zituen ikasketak, Kay Fisker eta Steen Eiler Rasmussenen gidaritzapean. Geroago, Gunnar Asplundekin lanean aritu zen hiru urtez Stockholmen, eta Alvar Aaltorekin zenbait hilabetez Helsinkin. Hasieran etxebizitza txikiak egin zituen, baina 1956an Sydneyko Opera egiteko nazioarteko lehiaketa irabazi zuen: eraikuntza ikusgarria da, hiriaren aurrez aurre eraikia, badiako uharte txiki batean. Isas oskolen gisako estalkia du ezaugarri nagusia. Ove Arup britainiar ingeniariarekin batera egin zituen hormigoizko estalki sistema horretarako kalkuluak. Eraikuntza 1956 eta 1973 bitartean osatu zen, oztopo eta eragozpen handiak izan baitziren, Utzon bera lanaren zuzendaritza uztera behartzerainokoak. Oztopoak oztopo, arkitektura modernoaren monumentu aipagarrienetako bat da eraikuntza hori gaur egun, eta Sydney eta Australiako sinbolo nagusietako bat. 1958tik aurrera enkargu publiko asko egin zizkioten, baina batzuk egin gabe gelditu ziren. Egindakoen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Fredensborg etxebizitzak (1962-1963); Bagsvaerd eliza (1976); Kuwaiteko Biltzar Nazionala (1972-1985); edota Porto Petroko bere etxea, Mallorcan.