Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uttar Pradesh

Indiako iparraldeko estatua, Ganges ibaiaren goi-ibilgua hartzen duena. Mugak: iparraldean, Nepal eta Tibet txinatarra; mendebalean, Himachal Pradesh-eko eta Haryana-ko estatuak; hegoaldean, Rajasthan eta Madhya Pradesh, ekialdean, Bihar. 294.413 km2 ditu eta 110.862.013 biztanle. Hiriburua: Lakhnau. Hiri nagusiak: Varanasi eta Allahabad. v Orografia. Lau eskualde nagusi bereizten dira: Himalaia aldea iparraldean (7.000 m-tik gorako mendiak); hegoalderago mendi apalagoak eta oihanak; are hegoalderago Ganges ibaiaren haranak, eta hegoaldeko muturra Indiako goi-ordokiaren atala da. Ibai ugarik ureztatzen du Uttar Pradesheko lurraldea; Ganges eta honen adarrak (Yamuna, Ramganga, Gomti eta Ghaghara), Chambal, Betwa, Ken eta Son dira ibai garrantzitsuenak. Klima, iparraldean izan ezik, tropikala da, monzoien eraginpean dagoena. v Biztanleak. Indiako estaturik jendetsuena da eta biztanle dentsitateari dagokionez, bigarrena (377 biztanle km2-ko). Bi gizatalde nagusi dira: mongoliarrak iparraldean (Tibeteko mugetatik hurbil) eta dravidarrak erdialdeko eta hegoaldeko ordokietan. Biztanleen lau bostenak hinduistak dira eta, gainerakoak, musulmanak. Tamilera, tuluera eta urdua dira hizkuntza zabalduenak. v Ekonomia. Basogintza, nekazaritza (arroza, garia, artoa, azukre kanabera, kotoia, tabakoa, jutea, opioa), meen ustiaketa (fosfatoak, manganesoa, ikatza, kararria) eta industria (ehungintza, papergintza, zurgintza, janari industria, azukre findegiak, nekazaritzarako tresneria, eraikuntzarako gaiak, kimika industria, doitasun tresneria, petrolio findegiak, motorrak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Garrantzitsua da, halaber, eskulangintza (harribitxiak, zeramika, boli lanak). v Historia. Musulmanen garaian Hindustan izenaz ezagutzen zen Indiako iparraldeko lurraldearen barnean zegoen. 1835-1937. urteetan britainiarren kolonia izan zen eta 1950. urtean Indiako Batasuneko kide bihurtu zen. 1968. urtean Delhi Berriko hiriaren administraziopean zegoen baina urte bete geroago berezko administrazioa izan zuen. Musulmanen eta hinduisten arteko arazoak zirela eta berriro ere jarri zuten Delhi Berriaren agintarien mende. 1978-1979. urteetan istilu latzak izan ziren bi komunitateen artean (50 pertsonatik gora hilik).