Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

uso

iz. Moko meharreko hegaztia, hego-laburra, lumen kolorea moten arabera aldatzen zaiona (Columba sp.). || Uso-tortoil. Ipar. Usapala.  v  Usoa kolunbidoen familiako hainbat hegaztiren izena. Uso motarik ezagunenak txoloma (Columba œnans), pagausoa (Columba palumbus) eta haitz-usoa (Columba livia) dira. Gizonak oso antzina bezatu zuen haitz-usoa (uso etxekotuaren lehen aipamenak orain 3.000 urtekoak, Egiptokoak dira) eta gaur egun etxeko hegazti gisa bizi da, usategietan eta hirietan, batez ere. Etxeko usoetan, izan dituzten gurutzaketak direla eta, alde handiak izan daitezke aldaera batzuetatik besteetara, bai neurrian bai kolorean, baina guztien aurreko den haitz-usoa 33 cm inguru luzea eta kolorez gris urdinxka, lepoan distira berde morexkak dituena eta ipurgain zuria duena izaten da. Hiru mota ezagunenetan bera da emigratzen ez duen bakarra. Batez ere belar hazia jaten du. Haitz-usoaren haragia oso aintzat hartua da sukaldaritzan.