Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

urtaro

iz. Lurrak Eguzkiari buruz duen egoera kontuan izanik, urtean bereizten diren hiru hilabeteko lau zatietako bakoitza.  v Lurrak Eguzkiaren inguruan biratzean Eguzki izpiek Lurrean nola jotzen duten eta horren ondorioz sortzen diren klima ezaugarrien arabera bereizten dira urtaroak. Hala, ipar eta hego buruetan, lau urtaro bereizten dira (negua, udaberria, uda eta udazkena), tenperatura kontuan harturik; ekuatore aldean, berriz, urte osoan zehar tenperatura aldea txikia baita, euri sasoien arabera egiten da bereizketa eta bi urtaro bereizten dira, bata lehorra (epelena) eta hezea bestea (hotzena). Iparraldeko hemisferioan negua abenduaren 22-23an hasten da (neguko solsztizioa), udaberria martxoaren 20-21ean (ekinozioa), uda ekainaren 21-22an (udako solstizioa) eta udazkena irailaren 22-23an (ekinozioa). Hegoaldekoan, berriz, alderantziz gertatzen da: iparraldean negua hasten denean hasten da uda hegoaldean, udaberria hastean udazkena, uda hastean negua, eta udazkena hastean udaberria. Ekinozioetan, udaberriaren hasieran eta udazkenaren hasieran, egunak eta gauak iraupen bera dute; neguko solsztiziokoa urteko egunik laburrena da, eta udako solsztiziokoa gaurik laburrena.